Ikasle talde batek gailu bat sortu du ardiak otsoengandik babesteko

2017ko Ekaina 29,

Equipo de estudiantes.
Beelieve lantaldea First Lego League txapelketaren Estatuko finalean.

First Lego League Euskadi txapelketaren barruan garatu da proiektua.

 

Bilboko Begoñazpi Ikastolako 15 eta 16 urteko hamar ikaslek Beelieve sortu dute, konponbide burutsu bat ardiak otsoen erasoetatik babesteko eta horien kalteak saihesteko. First Lego League txapelketaren barnean garatu da proiektua, eta bigarren postuan gelditu da Euskadiko edizioan.

 

Beelieve ekimenaren helburua da kode irekiko teknologien bidez otsoak izutzea, artaldea eraso ez dezaten. Lehenbizi, ikasle-taldeak ikerketa bat egin zuen, jakiteko nola erreakzionatzen duten ardiek eraso bat jasatean eta zein faktorek uxatzen dituzten otsoak. Ardiek mehatxuren bat sumatzen badute, beren bihotz-erritmoa azkartu egiten da, eta elkarrengana urreratzen dira babes bila. Hala, gailu bat asmatu zuten -Arduinon oinarritutakoa- gai dena ardien pultsazioa eta geo-kokapena neurtzeko.

 

Sistemak aldagai bi horiek detektatzen dituenean –bihotz-erritmo altua eta elkarrekiko posizio hurbila-, abisu bat bidaltzen du artzainaren sakelakora, arriskuaz ohartarazteko. Alerta jasotzean, artzainak 30kHz-tik gorako frekuentziako soinu bat emititu dezake, ardiek entzun ez arren, otsoentzat oso desatsegina dena. Sistemak pultsometro bat, GPS bat, norabide emisore bat eta eguzki kargagailu bat dauzka, azken hori dispositiboa energiaz hornitzeko.

 

Beelieve sortu duten neska-mutilek prototipo bat garatu dute, eta orain gailuaren eraginkortasuna egiaztatzeko fasean daude. “Zakurrekin eta azeriekin probatu dugu, otsoaren familia berekoak direlako, ikusteko soinua uxagarria den eurentzat, eta oraingoz ongi funtzionatu du” azaldu du Julen Kortajarenak, lantaldearen arduradunetako bat den Begoñazpi Ikastolako irakasleak. “Hurrengo urratsa da proba otsoekin egitea, haiekin ere funtzionatzen duela ziurtatzeko”.

 

Ikasle taldeak crowdfunding kanpaina bat jarri du abian, proiektuari jarraipena emateko eta hobetzen jarraitzeko, eta horrela, Ciencia en Acción lehiaketan parte hartzeko. Ekitaldi hori urriaren 6tik 8ra egingo da Ermuan, eta Beelieve ekimenak dagoeneko lortu du bere proiektua aurkezteko espazio bat, Zientzia Azokako lehen sari teknologikoa irabazi ostean.

 

Hamar gazteek bederatzi hilabete daramatzate proiektuan lanean, zeinaren helburu nagusia baita STEAM ikasgaiekin lotutako gaitasunak garatzea. Denbora horretan hainbat ezagutza jarri dituzte praktikan: programazioa, biologia, energia berriztagarriak, komunikazioa, e.a. “Argi daukagu First Lego League txapelketan parte hartzearen helburua ez dela irabaztea, baizik ikastea” azaldu du Julen Kortajarenak, “garrantzitsua da ikasleek proiektuaren ardura hartzea, orduan ikasten baitute gehien”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke