Iberdrolak kontratu berria eskuratu du Mexikon

2017ko Martxoa 23,

Topolobampo III-ko ziklo konbinatuak 2,5 milioi hiritar baino gehiago energia elektrikoz hornituko ditu

Euskal konpainiak 766 megawatteko potentzia duen ziklo konbinatuko zentral bat eraikiko du Sinaloa estatuan

 

Iberdrola konpainia energetikoak, Mexikoko Sinaloa estatuko ziklo konbinatuko zentral baten eraikitzea eta operazioa eskuratu du. Instalazio berriak 766 megawatteko potentzia izango du eta 2020 urteko urtarrilean martxan jarriko da.

 

Ahome udalerrian kokatuko den Topolobampo III-ko ziklo konbinatuak 2,5 milioi hiritar baino gehiago energia elektrikoz hornituko ditu eta 400 milioi euro inguruko inbertsioa beharko du. Zentralak, Iberdrola teknologiaz hornitzen duen General Electric enpresaren H01 modeloko gas-turbinak  izango ditu.

 

Iberdrola instalazioaren ugazaba izango da eta bere mantentze lanez arduratuko da. Euskal elektrikak ekoiztutako energia Mexikoko Elektrizitatearen Batzorde Federalari (EBF) salduko dio, 25 urteko kontratu baten bitartez. Euskal enpresak komunikatu baten bitartez azaltzen duen bezala, akordio honek, Iberdrolak egindako inbertsioari segurtasun handia eskaintzen dio eta EBF-rekin, mundu mailako bere bezero nagusienarekin, duen harreman estrategikoa indartzeko aukera ematen dio.

 

Zentrala eraikitzeaz gain, Iberdrolak beharrezkoak diren erlazionatutako instalazioak martxan jarriko ditu, instalazioa sistema elektriko nazionalarekin konektatzeko; horien artean linea elektrikoak edo azpiestazio transformatzaileak aurkitzen dira.

 

Instalazio berri hau, egun euskal konpainiak, iparramerikar herrialdean 3.000 milioi dolarretara heltzen den inbertsioarekin, energia sortzeko eraikitzen ari den beste proiektuei gehitu zaie.

 

Iberdrolak orain dela 18 urte ekin zion Mexikoko bere ibilbideari; bertan 6.000 megawatt martxan ditu. Berriki euskal enpresak pausu berri bat eman du energia berriztagarrien aldeko bere apustuan, eskala handiko bere lehen bi zentral fotovoltaikoen eraikuntza Sonora eta San Luis Potosí-ko estatuetan  hasita.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke