Histocell-ek medikuntza birsortzailerako produktuen lantegi bat irekiko du

2017ko Uztaila 12,

Lantegiak Reoxcare, Vexoderm eta Histogel produktu-sortak fabrikatzeari ekingo dio

Horrenbestez, euskal enpresak 14 lanpostu berri sortu eta sendagai-eskaintza sendotzea aurreikusi du

 

Denboraren joan-etorriak edo traumatismoren batek kaltetutako ehunen birsorkuntza, transplanterako prest dauden organoen sorkuntza edota arazo genetikoetarako konponbideen bilaketa dira medikuntza birsortzailearen helburuetako batzuk. Medikuntza birsortzailea etorkizuneko erronka bihurtu da, eta egiazko ikerketa-eremua da gaur egun.

 

Testuinguru honetan, medikuntza birsortzailean eta terapia zelularrean espezializatuta dagoen Histocell enpresa bizkaitarrak ekoizpen propioko lantegi berri bat irekiko duela iragarri du. Larrabetzun, Bizkaiko Teknologia Parkean dituen instalazioetatik hurbil kokatutako lantegi honen bitartez, ekoizpenaren, kalitatearen eta kostuen gaineko kontrol handiagoa lortu nahi du.

 

2.000 metro koadroko azalera duen azpiegitura honi esker, enpresak 14 lanpostu berri sortu eta merkatuan salgai duen produktu sanitarioen eskaintza sendotzea aurreikusi du.

 

2 milioi euroko inbertsioa tarteko, lantegiak honako produktu-sorta hauek fabrikatzeari ekingo dio: Reoxcare, Vexoderm eta Histogel. Horiek guztiak merkatuan salgai daude dagoeneko, eta nazioarteko hedapena lortu dute.

 

Ekoizpena Reoxcare-rekin hasiko da. Propietate antioxidatzaileak dituen apositu honek zaurien orbaintze-prozesu naturala sustatzen du, eta albaitaritzarako Vexoderm linea barne hartzen du. Reoxcare-ren erabilera oso egokia da presio bidezko ultzerak eta zauri traumatikoak edo ebakuntza ondokoak bezalako orbaitze zaileko lesioetarako.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke