“Hiria emakumeari egokitzea da aniztasunari egokitzea”

2017ko Apirila 04,

Chicas sentadas en un banco.

María Arana, arkitektoa eta Urbanbat hiri-berrikuntza estudioko zuzendarikidea.

 

Denon hiria proiektuaren helburua da hiri-diagnostiko kolektibo bat egitea, emakumeen eguneroko bizitzan eragina duten hiri premiak detektatzeko. Ekimena Portugaleten jarri da martxan, Udalak bultzatuta eta Urbanbat estudioak koordinatuta.

 

Nolakoa da denon hiria?

 

Hiria patroi zehatz bati jarraituz diseinatuta dago, eta patroi hori da adin ertaineko gizon bat, autoduna eta osasun onekoa. Ez diot nik, ikerlari eta urbanista askok egiaztatu baitute hala dela; duela 50 urteko hirigintza-eredua da, produktibitatea oinarritzat harturik diseinatua, eta oraindik ere existitzen dena. Zorionez, erreprodukzioa erdigunean jartzen hasi diren berdintasun-politikei esker, hasi gara premia horiek hirien diseinuan sartzen, baina oso pixkanaka, prozesu konplexua baita.

 

Zergatik erabili behar da emakumearen begirada?

 

Begirada horri erreparatu behar zaio, erreprodukzio-lan guztien ardura izan duelako oraintsura arte. Emakumeak ezagutzen ditu hiriak dauzkan premiak, eta, beraz, badu eskaintzeko moduko esperientzia bat. Hiria ezagutu nahi dugu emakumearen ikuspegitik, aldatu daitezkeen elementuak identifikatzeko.

 

Zeintzuk dira hirian estali gabe dauden emakumeen premiak?

 

Emakumeen ordezkagarritasuna da horietako bat, hau da, kaleetan emakumezko pertsonaiei errekonozimendua egitea; espazio publikoan egiten diren omenaldietatik zenbat eskaintzen zaizkie gizonei, eta zenbat emakumeei? Bestalde, garrantzitsua da arreta jartzea espazio publikoaren okupazioari, gizonek eta emakumeek ez baitute berdin okupatzen. Era berean, espazio publikoan desberdintasun handiak daude neskato eta mutikoen ordezkagarritasunean, mutikoen jolasek eta neskatoenek oso okupazio desberdinak baitituzte.

 

Eta emakumeen egunerokoan, nola eragiten du hiriaren diseinuak?

 

Badakigu emakumeok egunero mugimendu desberdinak egiten ditugula hirian. Gizona askoz ere modu linealagoan joaten da lanera; emakumeak, berriz, bestelako ibilbideak egiten ditu, sigi-sagaka doa, batik bat erosketak egiteko edo seme-alabak jasotzeko. Gainera, askoz gehiago erabiltzen du garraio publikoa. Aztertu behar da nolakoak diren eguneroko joan-etorri horiek, arazoren bat ote dagoen ibilbidean, hiriko zerbitzuen kokapenak eraginik ba ote duen edo zerbitzuen ordutegiak egokituta dauden zaintzaileen premietara… Adibide bezala jar genitzake semaforoak: ez du denbora bera behar bakarrik doan eta mugikortasun arazorik ez duen pertsona batek, eta haur batekin edo aulkitxo batekin doan beste batek.

 

Ez dugu egin nahi duela 50 urteko akats bera, ez dugu erabili nahi emakume eredu bakar bat. Komeni da diagnostikoan askotariko profilek parte hartzea: emakume zaintzaileak, seme-alabarik gabeko langileak, adineko emakumeak, gazteak… Orobat kontuan hartu behar da kultur aniztasuna, faktore horrek eragina baitu hiria erabiltzeko moduan. Eta, jakina, gonbidatuta daude horrelako gaiak interesatzen zaizkien gizonak ere.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke