Growing Young: elikagaien pertsonalizaziorantz

2017ko Iraila 05,

cartel del encuentro Growing Young.

Bilbon antolatuko da sinposiuma irailaren 27tik 29ra.

 

Aldaketa demografikoak eta kontsumo ohitura berriak direla medio, biztanleria gero eta kontzientziatuago dago elikadura osasuntsuaren inguruan. Kontsumitzaile bezala, produktu osasuntsuak nahi ditugu, baina baita ere zaporetsuak, sostengarriak, orijinalak eta gure premia nutrizionalak asetzen dituztenak. Horregatik, elikadura arloko joera berriek hainbat sektoretako (elikadura industria, medikuntza, teknologia berriak, ikerketa zientifikoa eta hiritarrak) eragile berriak inplikatu dituzte.

 

Datorren irailaren 27, 28 eta 29an Growing Young sinposiumaren hirugarren edizioa egingo da, eta ekitaldi horretan elikadura arloko joera berriak aztertu eta ezagutza eta ikerketak partekatuko dira. AZTI-Tecnalia zentroak antolatu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzarekin, eta Bilboko Bizkaia Aretoan izango da.

 

Aurten, jardunaldiak “Food, Health, Tech” izenburupean antolatu dira, eta ekitaldiak hiru ikuspegi izango ditu ardatz: kontsumitzaileen optika, zientzia eta medikuntzarena, eta industria eta merkatuarena. Topaketaren helburua da produktu eta estrategia berriak garatzea elikadura arloko premia berriei erantzuteko eta, aldi berean, bizi-kalitate hobea lortzea eta ekonomi garapenerako ildo berritzaileak sortzea.

 

Hiru egunotan zehar askotariko gaiak landuko dira, besteak beste: big data eta adimen artifiziala erabiltzea dietak pertsonalizatzeko, bio-teknologiaren papera produktu berriak diseinatzean edota bizimodu osasuntsuak sustatzeko estrategiak. Ekitaldia bi urterik behin egiten da; parte-hartzaile batzuk industria sektoretik datoz (%65 guztira), beste batzuk zientziaren esparrutik (%22) eta badira baita ere kontsumitzaileak eta gizarteko kideak (%11).

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke