Gaixotasun arraroen tratamenduan aurrera egiteko ikerketa molekularra

2017ko Martxoa 29,

Atlas Molecular Pharma, CIC bioGUNE-ko Oscar Millet zientzialariak egindako ikerketa batetik abiatuta sortu zen

Gaitz arraroekin lotutako proteinen jarduna egonkortu eta oneratu ahal dituzten molekulak detektatzeko teknologia garatzen ari den Atlas Molecular Pharma euskal konpainiak jarduera bultzatzeko finantzaketa jaso du

 

CIC bioGUNE euskal ikerketa-zentroak 2015ean sortu zuen Atlas Molecular Pharma enpresa bizkaitarrak 213.000 euroko finantzaketa lortu du Garapen Teknologiko eta Industrialerako Zentroaren (CDTI) NEOTEC laguntza-programaren barruan. Konpainia, zenbait gaixotasun arraroren garapenarekin lotutako proteinak egonkor ditzaketen molekulak detektatzeko teknologia bat garatzeaz arduratzen ari da.

 

NEOTEC programaren helburua, ikerketa-jardunetik garatutako teknologiak edo ezagutzak erabili behar dituzten oinarri teknologikoko enpresak sortzen eta finkatzen laguntzea da.

 

Atlas Molecular Pharma, CIC bioGUNE ikerketa-zentroko Oscar Millet zientzialariak egindako ikerketa batetik abiatuta sortu zen, izan ere, ikertzaile honek frogatu duenez, zenbait molekulak porfiria bezalako gaixotasun metabolikoetako prozesu patologikoekin lotutako proteina zelularren jarduera katalitikoa inhibitzeko gaitasuna dute.

 

Enpresaren helburua, medikuek gaixotasun arraroen arloan dituzten beharrei erantzungo dieten sendagai berriak merkaturatzea da. Horretarako, konpainiak txaperoi farmakologikoak deritzen molekula berritzaileak aurkitzea ahalbidetzen duen plataforma teknologiko bat dauka. Molekula horiek ohiko jarduera aldarazteko moduko mutazioak dituzten proteinak egonkortzen laguntzen dute, dagokien funtzioa behar bezala bete dezaten.

 

Ohar baten bidez jakinarazi duenez, gaixotasun arraroen ia % 80 prozesu patologikoetan inplikatutako proteinei eragiten dieten mutazio genetikoen ondorioz gertatzen dira. Azkenaldiko ikerketek frogatu dutenez, txaperoiek, gaixotasuna eragin duen proteinaren jarduera egonkortzen eta onera ekartzen laguntzen dute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke