“Gai gara makinen etorkizuna aurreikusteko”

2017ko Maiatza 23,

Alberto Conde, CEO de Nem Solutions

Alberto Conde, NEM Solutions enpresako zuzendari nagusia.

 

NEM Solutions konpainiak –CAFek eta Gamesak partaidetua %50ean- Europako konpainia berritzaileenaren saria jaso du Global Brands Magazine Awards sariketan. Big dataren arloko analisi-teknologiak garatzen ditu burdinbideen eta energia eolikoaren sektoreetako, eta teknologia horiek presentzia dute mundu osoko 57.000tik gora makinatan. Aura, NEM Solutions enpresak garatutako plataforma, gai da makinen etorkizuna aurreikusteko eta akatsei autonomoki aurre hartzeko.

 

Zein da Nem Solutions enpresak eskaintzen duen balio berritzailea?

 

Gure jomuga diren enpresen negozio nagusia da luzaroan iraun behar duten aktiboen operazioa eta mantenimendua egitea, eta, hain zuzen, gu sortu ginen enpresa horiei kontrol handiagoa eskaintzeko beren makinen gainean, garraio eta energia sektoreetan zentratu garelarik batik bat. Hau da, makinen etorkizuneko premiak detektatzen ditugu huts egin aurretik edo, beste era baterako esateko, akatsak aurreikusten ditugu aurrea hartu ahal izateko. Askok diote gai garela makinen lengoaia itzultzeko, beren premiei aurrea hartzen diegulako.

 

Nola lortzen duzue hori?

 

Makinek egunero produzitzen dituzten milaka datuak aztertuta. Lehenbizi jaso egiten ditugu, eta gure teknologiaren bidez, portaera moldatzen dugu. Ikusten dugunean desbideratzeak daudela espero denaren eta gertatzen denaren artean, ohartzen gara arazo bat egongo dela etorkizunean. Produktu eta zerbitzu bakarrak eta iraultzaileak garatu nahi ditugu, hori guztia oso sinplea izan dadin. Ez dugu instalazio konplexurik behar, nahikoa da web nabigatzaile bat eta telefonoko aplikazio bat izatea, munduko edozein tokitan dagoen tren baten edo aerosorgailu baten osasun egoera ezagutzeko.

 

Teknologia propioa garatu duzue horretarako: Aura. Zerk bereizten du industrian aplikatutako beste big datako konponbide batzuetatik?

 

Nem barnekintzailetzako ekimen gisa sortu zen, CAF eta Tecnalia zentroek 2007an eginiko gogoeta estrategiko batetik abiatuta. Orain mundu guztia ari da big dataz eta 4.0 Industriaz, baina gu duela 10 urte sortu ginen, eta 2008an Espainiako abiadura handiko trenek dagoeneko erabiltzen zuten gure teknologia. Beraz, gure balio erantsia dira Aura plataformarekin konektatutako 57.000 makinak, azken urteotan ia 35 milioi ordu operatibo egin dituztenak. Funtsean, enpresa askok egiten dutena ez da big data, baizik eta business intelligence, langileak dauzkatelako software tresnen bidez makinei zer gertatzen zaien aztertzeko. Guk ez daukagu langilerik analisiaren atzean; gure langileek produktua, algoritmoak eta arkitektura hobetzen dituzte, baina Aura plataforma da 57.000 makinak autonomoki zaintzen dituena.

 

Zein da zuen negozio eredua?

 

Teknologia hau lizentziatu genuen, Nem enpresaren edozein bezerok eskura izan dezan eta, neurri handi batean, aukera izan dezan makinen osasunaren azterketan oinarritutako mantenimendua automatizatzeko. Bestalde, zenbait bezerok laguntza zerbitzua eskatzen digute jakiteko nola hobetu ditzaketen beren prozesuak, izango dituzten etorkizuneko arazoetatik abiatuta. Urteen puruz metatu dugun know-how horrek analisi gaitasun handia ematen digu oso konplexuak eta lehiakorrak diren bi sektoretan.

 

Nola jartzen dira zenbakitan zuen produktuak dakartzan hobekuntzak?

 

Egoera bakoitza aztertu behar da. Bezero batzuek hobekuntza marjina handiagoa dute, eta %30 murrizten dituzte operazio ez-beharrezkoak. Beste batzuei, lana errazten diegu zuzenean, egiten dutenaren inguruko kontzientzia hartzen dutelako, eta horrela, beren negozio ereduak alda ditzaketelako. Beraz, ez gara bakarrik ari aurrezteaz, baita ere diru-sarrera berriak lortzeko moduez. Ziurrago bazaude zure makinek etorkizunean izango duten portaeraz, konpromisoa har dezakezu energia gehiago saltzeko, tren gehiago eskaintzeko edota lehiakorrago izateko eskaintzen dituzun zerbitzuen prezioetan, ez baituzu arrisku faktorerik.

 

Norantz eraman nahi duzue Aura, zeintzuk dira etorkizunerako dauzkazuen helburuak?

 

Orain bi erronka handi dauzkagu. Enpresa gisa, hazi egin nahi dugu baina enpresa gaztearen pentsaera galdu gabe; 10 urtetan asko hazi gara eta eutsi egin behar diogu horri, ez dugulako arrakastaz hil nahi. Bestalde, gure erronka teknologiko handiena da Aura plataformaren mantenimendua gero eta autonomoagoa izan dadila. Makinen jarraipena oso autonomoa da dagoeneko, baina geuk egon behar dugu atzean plataformaren mantenimendu-lanak egiteko. Lanean ari gara mantenimendu premia hori murrizteko eta etengabe hobetzeko, plataforma gero eta adimendunagoa izan dadin. Horrela, buru belarri sartuko gara funtzionaltasun berriak sartzeko langintzan eta aktibo baten bizi-denbora aurreikusteko gaitasunaren hobekuntzan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke