“Ez dugu galdu behar alderdi gizatiarra tele-laguntza zerbitzuetan”

2017ko Apirila 27,

Grupo de trabajo en workshop
ICT4Silver proiektu europarreko Workshop-ak.

Itziar Álvarez arduradun nagusia da Home Care Lab-en, Servicios Sociales Integrados Taldeko I+G+B unitatean. Ekimen sozialeko enpresa kooperatiba bat da, 30 urte daramatzana laguntza-zerbitzuak eskaintzen pertsona nagusientzat eta menpekoentzat. Itziarrek Aging Bilbao topaketan (apirilaren 24an) aurkeztu zuen ICT4Silver proiektu europarra, non Home Care Lab unitateak parte hartzen baitu Tecnalia eta GAIA – EIKT Klusterrarekin batera.

 

Nolako aukera berriak eskaintzen dituzte IKTek pertsona nagusiei etxeko laguntza emateko?

 

Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu teknologia bitarteko bat dela zerbitzu bat emateko. Konponbide teknologikoak diseinatzean kontuan hartu behar da baliagarri izan behar dutela pertsona nagusien eta beren senitartekoen premiei erantzuteko; kontua ez da app bat edo laguntza tekniko bat diseinatzea eta gero zertarako balio dezakeen aztertzea. Era berean, garrantzitsua da zerbitzuen alderdi gizatiarra ez galtzea. Aging Bilbao topaketan BetiON tele-laguntzarako zerbitzu publikoaz hitz egin zen. Teknologia nahiko sinplea da. Medaila bat da, pertsona nagusiek zintzilik daramatena, botoia sakatu dezaten laguntza behar dutenean. Eta ekimen horren arrakasta bestaldean dagoen lantaldean datza.

 

HomeCare Lab living lab-ak ICT4Silver proiektu europarrean parte hartu du, zertan datza?

 

Interreg SUDOEk ko-finantzatutako programa bat da, eta helburutzat du konponbideak bilatzea zahartzearen erronka sozialarentzat, elkarrekin uztartuz pertsona nagusien premiak eta teknologien berrikuntzarako potentziala. Bost eremutan zentratzen da nagusiki: arreta sozial eta sanitarioa, zahartze aktiboa, bizitza independentea, garraioa eta mugikortasuna, eta etxebizitza eta hirigintza. Proiektua silver economy delakora zuzenduta dago, zeinak, pertsona nagusiez gain, orobat barne hartzen baititu 50 urtetik gorako pertsonen premiei erantzuteko jarduera ekonomiko guztiak.

 

Zer lortu nahi duzue proiektuaren bidez?

 

Gure helburua da Europa hego-mendebaldeko 30 ETEk merkatura eraman ditzatela beren produktu edo konponbide teknologikoak, biztanleria sektore horren premiei erantzuteko. ICT4Silver proiektuan Frantzia hegoaldeko, Portugaleko, Euskadiko eta Kataluniako teknologia klusterrek, living lab-ek eta teknologi zentroek parte hartzen dute. Zehazki, Tecnalia, GAIA-EIKT Klusterra eta Home Care Lab gara Euskadiko kideak.

 

Eskualde bakoitzak inguruko silver economyrekin lotutako eragileak identifikatu ditu, eta hainbat workshop egin ditugu ETE horien premiak jasotzeko. 60 eragile inguruk parte hartu zuten topaketetan, besteak beste, Administrazio Publikoetako ordezkariek, ETEek, teknologi zentroek, zerbitzu sozialak ematen dituzten enpresek… Hortik abiatuta, deialdi bat ireki zen beren konponbideak living lab-ean probatu nahi zituzten ETEentzat, eta aurtengo urriaren eta 2018ko maiatzaren artean hasiko dira pilotuak garatzen. Azkenik, laguntza emango zaie enpresei produktuak merkatura ateratzeko prozesuan.

 

Nolako IKT konponbideak aplikatzen ditu SSI Taldeak pertsona nagusien autonomia hobetzeko?

 

Arlo desberdinak daude. Adibidez, bat da teknologiaren bidez funtzio kognitiboak estimulatzea, eta urrunetik egin daiteke, psikologo profesional batekin pantaila partekatuta; edo terapia psikologikoa, bai pertsona nagusientzat, eta bai senitarteko zaintzaileentzat. Era berean, dispositiboak erabiltzen ditugu tratamendu farmakologikoekiko atxikimendua hobetzeko; pertsona nagusi askok patologia kroniko bat baino gehiago izaten dituzte aldi berean, eta tratamendu farmakologiko oso konplexuak jarraitu behar izaten dituzte.

 

Berriki elikaduraren esparrua lantzen hasi gara, eta testura berridun produktuak garatu ditugu, pertsona nagusiek behar dituzten elementuez osatutako elikadura lortzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin eta Lanbide zerbitzuarekin batera, lehenengo prestakuntza espezialitateetako bat garatu dugu, laguntza-zerbitzua ematen duten langileek gaitasun digitalak barnera ditzaten. Etxeko zaintzarako teknologiak erabili nahi baditugu, gure langileek beharrezko gaitasun teknologikoak eduki behar dituzte, pertsona nagusiei teknologia horiek erabiltzen laguntzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke