Eusko Jaurlaritzak 520.000 euro erabiliko ditu ekonomia zirkularreko eta ekodiseinuko proiektuen egitea sustatzeko

2017ko Uztaila 03,

Gamesa Aeronáutica
Gamesa Aeronáutica fabrika.

Eusko Jaurlaritzak, bere mendeko Ihobe sozietate publikoaren bitartez, Euskadiko enpresek ekonomia zirkularreko proiektuak egitea bultzatuko du, gehienez 30.000 euro bideratuta proiektu bakoitzera, eta 20.000 euro bitarte ekodiseinuko proiektuak garatzeko.

 

Irailaren 15ean amaituko da proiektuak aurkezteko epea. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak lagundurik finantzatzen dira diru-laguntzak (EGEFren ekarpena diruz lagundutako zenbateko osoaren % 50 izango da).

 

Sozietate publikoak egiten duen mota horretako hirugarren laguntza-deialdia da, eta ekonomia zirkularreko enpresa-aukera sortzea du xede, horretarako hainbat konponbide berri ezarrita hauetan: bigarren mailako materialen balio-birziklatzea («upcycling» deritzona), bigarren mailako materialekin produktuak ekoiztea edota piezak edo osagaiak, produktuak edo ekipoak konpontzea eta berregitea.

 

Proiektuak aukeratzeko orduan, lehentasuna izango du produktuak eta osagaiak berreskuratzeak eta plastikoen eta metal aleatuen zikloa ixteak. Laguntza eskatu duten proiektuek, laguntza jaso izana jakinarazi zaienetik hasita, gehienez 2 hilabeteko epea izango dute abian jartzeko, eta 16 hilabete baino gutxiagoko epean gauzatu beharko dira; hau da, 2018ko azaroaren 30a baino lehen amaituta egon beharko dute.

 

Emango den diru-laguntza, gehienez, 30.000 euro proiektuko izango da. Onuradun bakoitzeko bi proiekturi lagunduko zaie, gehienez ere. Laguntzak, Europako Batzordeak jasotakoaren arabera, honelakoak izango dira: enpresa txikietan, kostu hautagarrien % 60ra artekoak; ertainetan, % 50era artekoak; eta handietan, % 40ra artekoak.

 

Enpresek lan gehiegi ez dezaten hartu proposamenak aurkeztu ahal izateko, Ihobek aurretiazko borondatezko kontsulta-prozesu bat antolatu du, erakundeek proposamenen egokitasuna ezagutu eta hobekuntzak egin ditzaten. Horretarako, parte hartuko duten enpresek probako proiektuaren ideiaren aurretiazko kontsultaren inprimakia bete dezakete. Ihobek helbide elektroniko bidez baieztatuko du aurretiazko kontsulta jaso duela, eta gehienez 15 egun naturaleko epean erantzungo du. Aurretiazko proiektu-ideiak aurkezteko epea uztailaren 12an amaituko da, eta laguntza-eskaeren behin betiko entrega irailaren 15a baino lehen egin beharko da.

 

Aurkeztutako proposamenak balioesteko, hauek hartuko dira kontuan: ingurumen-garrantzia, lehiakortasunari egindako ekarpena, eskaeraren berrikuntza-maila, balio-katea proiektuan txertatuta egotea, proposatutako lan-metodologia eta lehenetsitako arloekin bat etortzea.

 

Ekodiseinuko proiektuetarako laguntzak

Aldi berean, Ihobe ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoak laguntza-deialdi bat egin du, ingurumenaren arloari dagokionez, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko helburuarekin. Horretarako aurrekontu guztia 120.000 euro izango dira, eta proiektu bakoitzak gehienez 20.000 euroko laguntza izango du.

 

Laguntzen deialdia, batez ere, hauentzat pentsatuta dago: beren produktuaren edota zerbitzuaren diseinuan nolabaiteko askatasuna duten ETEentzat eta Basque Industry 4.0 Euskadiko fabrikazio aurreratuaren estrategiarekin bat datozen sektoreetako enpresentzat, materialak, osagaiak edota ekipoak ekoizten dituztenak (automobilgintza, tren-industria, aeronautika eta ontzigintzako enpresak; energiaren sektorekoak eta energia berriztagarrietakoak, eta ekipo osagarrien, makineriaren eta makina-erremintaren sektoreetakoak).

 

Laguntza horietara aurkeztu ahal dira, halaber, ekipoak fabrikatzen dituzten eta Ekodiseinuaren Zuzentarauak eragin dien enpresak; IPPC sektoreetarako dauden teknologia hobeen dokumentuetan sar daitezkeen ekipoak eta instalazioak ekoizten dituzten enpresak, eta ontziak eta enbalajeak egiten dituztenak.

 

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 15ean amaitzen da. Laguntza eman izanaren jakinarazpena egin eta gehienez ere hilabeteko epean ekin beharko zaie proiektuei, eta 2018ko azaroaren 30erako bukatu beharko dira.

 

Enpresek 15 egun naturaleko epea izango dute deialdiaren oinarriak argitaratzen direnetik (2017ko ekainaren 29a) Ihobe sozietate publikoari beren borondatez bilera bat eskatzeko, Ekodiseinuko proiektu posible bat kontrastatzeko helburuz.

 

Proiektuak aukeratzeko orduan, kontuan hartuko dira produktu iraunkorren eta konpontzen, eguneratzen edota berregiten errazak direnen diseinua bultzatzen dutenak, hau da, hori lortzeko honako faktore hauek eransten dituztenak ekoizpenean: iraunkortasuna, konpongarritasuna, desmuntaketa, berrerabilpena eta birziklatzea.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke