Euskal enpresek 2,4 M dituzte beren kudeaketa dibertsifikatu eta hobetzeko

2017ko Apirila 26,

innobideak presentacion
Innobideak estrategia auzkezpena.

SPRIk Innobideak Estrategiaren 2017ko deialdia ireki du, deialdi horren bidez diru-laguntzak emateko berrikuntza ez-teknologikoko proiektuentzat

Innobideak estrategia globala da eta lau laguntza-ildo eskaintzen ditu: Kudeabide, kudeaketa hobetzeko; Lehiabide, produktua eta merkatua dibertsifikatzeko; Pertsonak, langileen partaidetza bultzatzeko enpresan; eta Prestakuntza, aurreko hiru ildoak gaikuntzaren bidez indartzeko.

2016an Eusko Jaurlaritzak industria arloko 380 enpresak proposatutako 579 proiektu finantzatu zituen. Innobideak estrategiaren deialdia zabalik egongo da apirilaren 27tik irailaren 28ra. Argibide gehiago info@spri.eus helbidean eta 902702142 telefonoan.

 

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak, Spriren bitartez, 2,4 milioi euro jarri ditu euskal enpresen esku, beren lehiakortasuna hobetu dezaten berrikuntza ez-teknologikoak aplikatuz bai kudeaketan, bai beren merkatuen birdefinizioan nitxo berriak bilatuz, eta baita ere negozioaren optimizazioan formulak bilatuz pertsonen parte-hartzerako.

 

Helburu hori lortzeko, SPRIk Innobideak Programaren deialdi berri bat irekiko du bihar, apirilaren 27an, eta irailaren 28an itxiko du eskaerak aurkezteko epea. Programa horren helburua da ETEei berritzen laguntzea jarduera ez-teknologikoen bidez.

 

Estrategia horren onuradunak dira industri arloko enpresak, enpresa horien produkzio prozesuari lotutako zerbitzu teknikoetako enpresak, eta informazio eta komunikazio gizartearen arlokoak, baldin EAEn zentro bat badute beren jarduera ekonomikoa garatzeko.

 

Innobideak estrategia lau laguntza-ildotan egituratzen da, erantzuna emateko ekimen berritzaileen bidez hodetu daitezkeen enpresa jardueraren hainbat alderdiri.

 

Lehiabide programaren helburua da produktu, zerbitzu edota merkatuko dibertsifikazioa ahalbidetzen duten banakako nahiz lankidetzako proiektuak bultzatzea eta enpresari dimentsio handiagoa ematen dioten operazioak aztertu eta diseinatzea.

 

Kudeabide programaren helburua da euskal enpresen lehiakortasuna hobetzea, kudeaketa aurreratuaren metodologiak, tresnak eta printzipioak aplikatzen eta ezartzen lagunduz, hasierako kontraste baten bidez, eta proiektu espezifikoak ezarriz.

 

Eusko Jaurlaritzak lideratutako programa hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin elkarlanean garatzen da, eta EUSKALITen laguntza ere badu.

 

Pertsonak. Langileek enpresaren kudeaketan, emaitzetan edota jabetzan parte hartzea sustatzen du, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko.

 

Azkenik, Prestakuntza ekimenak prestakuntza-moduluak eskaintzen dizkie enpresetako profesionalei, Kudeaketa Aurreratuaren giltzarriak ezagutu eta inplementatu ditzaten. Programa hori doakoa da eta urte osoko prestakuntza eskaintzen du.

 

Innobideak Estrategiak industria arloko 380 enpresak proposatutako 579 proiektu onartu zituen 2016an. Enpresa horietako gehienek 50 lanpostu baino gutxiago dituzte. Enpresa horien guztizko fakturazioa 2.619 milioi eurokoa da eta EAEko industri arloko BPGren 17,46 ordezkatzen dute.

 

Berrikuntza “ez-teknologikoa”

Berrikuntza teknologikoaren ezaugarri nagusia da teknologia garatzea edo harekin erlazionatutako nobedadeak erabiltzea, aldiz, berrikuntza ez-teknologikoa antolakuntza arloko berrikuntzekin lotuta dago. Eragina du enpresako arlo guztietan, eta, zehazki, alderdi hauetan: kudeaketako eredu eta praktikak, hornitzaile, bezero, langile eta bazkideekiko harremanak eta horien parte-hartzea, nola erosten eta saltzen dugun, logistikarekin zerikusia duten kontuak, eta merkatu berrietara sartzeko edo aukera berriak identifikatzeko moduak.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke