Euskadiko teknologia Eskoziako parke eoliko baterako

2017ko Apirila 27,

Saitec konpainiak turbina bakoitzaren tipologiara egokituko du Sath plataforma flotagarriaren diseinua

Saitec enpresa bizkaitarrak 2Benergy fabrikatzaile holandarrak Eskozia ekialdeko kostaldean eraikiko duen parke eoliko baten egitura flotagarriak diseinatuko ditu

 

Saitec ingeniaritza-enpresa bizkaitarrak kontratua sinatu du aerosorgailuen fabrikazioan espezializatutako 2Benergy konpainia holandarrarekin, honek Eskozia ekialdeko kostaldean kokatuta dagoen Forth fiordoan eraiki behar duen parke eolikoko zenbait plataforma flotagarriren diseinuaz arduratzeko.

 

Egoitza Leioan duen konpania honek diseinatu beharreko egitura flotagarriaren barruan, 6 megawatteko turbina eoliko bat finkatuko da. Eremu flotagarri batez eta eremu finko batez hornitutako Eskoziako parke eoliko berri honek 40-50 megawatteko potentzia izango du, eta turbinak 2019-2020 epealdian muntatuko direla aurreikusi da.

 

Euskal konpainiak proiektu honetako turbina bakoitzaren tipologiara egokituko du Sath plataforma flotagarriaren diseinua. Hormigoizko soluzio flotagarri honek bi krosko ditu, eta hauen erdian kokatutako errodamendu batek plataforma puntu horren inguruan biratzeko aukera errazten du.

 

Bestalde, Saitec, plataforma horren gaineko azken lanak egiten ari da, 2018an Armintzako kostaldean finkatuta dagoen Bimep itsas-energiako saiakuntza-esparruan instalatu ahal izateko. Prototipoak 2 megawatteko onshore turbina bat erabiliko du, eta gerora itsasoan instalatzeko egokituko da.

 

Itsas zabaleko uhinen energia atzitzeko sistemak ikertu, frogatu eta ustiatzea xede duen Bimep izeneko itsas-egitura 2015eko uztailean inauguratu zen Energiaren Euskal Erakundearen (EVE) babespean. Bimep-eko instalazioek ekipoak frogatu eta itsas zabaleko saiakuntzak egiteko aukera eskaintze die itsas-energiak ustiatzeko teknologien fabrikatzaileei.

 

Iturria: Empresa XXI eta Euskadiko Energia Klusterra

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke