Europarren %75arentzat teknologia berrien eragina positiboa da

2017ko Ekaina 06,

robot
Inkestatuen ia %70arentzat adimen artifizialeko teknologiak positiboak dira.

Gehienek uste dute digitalizazioak eta automatizazioak bizi-kalitatea hobetzen dutela.

 

Europar Batasuneko lau pertsonatik hiruk uste dute teknologia digital berrienek eragin positiboa dutela ekonomian, eta %67k pentsatzen dute bizi-kalitate hobea eskaintzen dutela. Beste horrenbeste gertatzen da robotekin eta adimen artifizialarekin, hiritarren %61k horrelako berrikuntzekiko jarrera positiboa baitu. Gainera, hamar pertsonatik zortzik uste dute beharrezkoak direla lan gogorregi edo arriskutsuegiak egiteko.

 

Horra Europar Batzordearen Eurobarometro inkestan jasotako ondorio batzuk, zeina Merkatu Digital Bakarraren estrategia berrikusteko prozesuan kokatzen baita. Txostena egiteko, elkarrizketa presentzialak egin zaizkie jatorri eta profil soziodemografiko desberdinetako 28.000 laguni eta elkarrizketa horietan ikusi da oro har jarrera positiboa dagoela teknologia digitalen eta izan dezaketen inpaktuaren inguruan. Inkestatuek iritzi hori dute ez bakarrik digitalizazioak eguneroko bizimoduan duen inpaktuari buruz, baina baita ere ekar ditzakeen onura ekonomiko eta sozialei buruz.

 

Robotei eta automatizazioari dagokionez, %68k uste dute onak direla lagungarri izan daitezkeelako zeregin askotarako, bai lan arloan eta bai arlo pertsonalean. Halere, %74k pentsatzen dute teknologia horien ondorioz desagertuko diren lanpostuak sortuko direnak baino gehiago izango direla, eta inkestatuen ia erdiak -%44k- uste dute robot batek egin lezakeela beren lana edo gutxienez lanaren zati bat. Aplikazio sektoreei dagokienez, inkestatuak uzkur ageri dira hainbat arlotan: lau pertsonatik batek bakarrik onartuko luke robot baten zaintzapean jartzea edo gustura joango litzateke gidaririk gabeko auto batean.

 

Gaitasun digitalei dagokienez, %76k pentsatzen dute badituztela beharrezko gaitasunak beren eguneroko zereginetan, eta %17k uste dute ez dutela behar adinako prestakuntzarik beren lanean teknologia digitalak erabiltzeko, nahiz eta portzentaje horiek asko aldatzen diren inkestatutako pertsonen herrialdearen eta adinaren arabera. Bestalde, txostenak erakusten du mesfidantza handia dagoela sare sozialetan argitaratutako istorioen inguruan -%7k bakarrik uste dute fidagarriak direla-, eta kezkatuta daude onlineko segurtasun eta pribatutasunagatik. Inkestatuen %61k onartzen dute gai horiek oso garrantzitsuak direla gailu teknologiko bat erosteko orduan, eta %63k diote erabiliko lituzketela onlineko zerbitzu gehiago seguruagoak balira.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke