Etxez etxeko arreta, aukera paregabea enplegua sortzeko Europan

2017ko Urria 03,

Participantes en la presentación en Bilbao.
Liburu Zuriaren aurkezpena Bilbon.

SSI Taldeak Familiari eta Etxeko Zaintzari buruzko Liburu Zuriaren sorkuntza prozesuan parte hartzen du.

 

Biztanleriaren zahartzea erronka handia da gizarte arloan eta baita ere arlo ekonomikoan, baina, era berean, aukera bat da enplegua sortzeko Europar Batasunean. Halaxe diote Effek –Etxeko Zaintzaren Europako Federazioak– aurkeztutako datuek. Datu horien arabera, sektore hori 5 milioi lanpostu profesional sortzera iritsi liteke. Aurreikuspenen arabera, 2020. urterako ia %25 haziko da horrelako zerbitzuen eskaera Europa osoan.

 

Effe federaziora biltzen dira zerbitzu sozio-sanitarioen eta etxeko arreta zerbitzuen esparruan diharduten 15 erakunde, eta baita ere unibertsitateak eta berrikuntza zentroak, besteak beste, Euskadiko Grupo Servicios Sociales Integrados kooperatiba. Federazio hori Familia eta Etxeko Zaintza Liburu Zuria idazten ari da, zeinaren helburua baita begi bistan jartzea sektore horren aukera ekonomikoak eta sozialak. “Liburu Zuriaren helburua da ezagutzera ematea zein neurri hartu behar diren jarduera hori profesionalizatzeko, batik bat, sektore pribatuan”, azaldu du Karmele Acedok, SSI Taldeko zuzendari nagusiak, “guk Europari proposatzen diogu erronka hori aukera bihur dezala, azaleratu dezala murgildutako ekonomia eta sor dezala kalitatezko enplegua”.

 

Irailaren 25ean aurkeztu zen Liburu Zuria Bilbon, eta aurkezpen jardunaldi horretan izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko enplegu, berdintasun eta gizarte zerbitzuetako arduradunak. Topaketa hori baliagarri izan zen ekarpenak jasotzeko, eta “euskal erakundeek jakin dezaten lanean ari garela enpleguaren arloan hain garrantzitsua den silver economy sektorea duintzeko” adierazi du Karmele Acedok. Une honetan Liburu Zuria idazten ari dira, eta datorren urteko bigarren seihilekoan aurkeztu nahi dute behin betiko bertsioa.

 

Etxeko Zaintzen Europako Federazioa 2012an sortu zen, eta duela hiru urtetik, SSI Taldeak betetzen du idazkaritza orokorraren funtzioa. Erakunde horren helburu nagusia da etxeko enplegua aitortzea, arreta profesionalizatua eta duina eskainiz. Horretarako, hainbat ardatz lantzen ditu: sektore hori bultzatzea lehiakortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko motor ekonomiko gisa; ezagutza sortzea beharrizanak eta konponbideak identifikatzeko; eta horrelako zerbitzuak profesionalizatzea, kalitatea eta lan-baldintzak hobetuz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke