Etorkizuneko hiri adimendunen erronkak

2017ko Uztaila 07,

Portada del informe.
Telefónica Fundazioa.

Hiri adimenduna ez da soilik kontzeptu teknologiko bat.

 

Datozen hiru hamarkadetan 2.000 milioi biztanle berri iritsiko dira hirietara, eta denek beharko dituzte energia, ura, garraioa, etxebizitza eta zerbitzu publikoak. Hiri-inguruneek biztanle gehiago jasotzen jarraituko dute, eta beren premiei erantzun beharko diete baliabide-eskasia nagusi den ingurune batean; horixe da, hain zuzen, munduko ia hiri guztien erronka handienetako bat. Badaude beste erronka batzuk ere, hala nola, hazkunde ekonomiko desberdina, kutsadura eta aurrekontu publikoen murrizketak.

 

Hiri erronka horiek Telefónica Fundazioaren Las ciudades del futuro: inteligentes, digitales y sostenibles txostenera biltzen dira, eta txosten horrek orobat aipatzen ditu IKTak eraginkortasunez erabiliz lor daitezkeen konponbideak. Azterlanaren helburua da jakitea eraldaketa digitalaren zein unetan dauden hiriak eta, era berean, mundu osoan martxan jarri diren tresnak eta jardunbide egokiak partekatzea.

 

Txostenaren egileek diotenez, smart city kontzeptuak ez dauka definizio ofizialik, eta lotura estua duen arren teknologia digitalen erabilerarekin, ez da soilik eraldaketa teknologiko bat. Hiri adimendunaren kontzeptuak beste alderdi batzuk ere barne hartzen ditu, hala nola: sostengarritasuna eta baliabideak eraginkortasunez erabiltzea, hiritarren parte-hartzea eta gobernantza ireki eta gardena. IKTak funtsezkoak izan daitezke helburu horiek erdiesteko.

 

Azterlanaren arabera, hiri adimendun bihurtzeko eraldaketa-prozesua “fondoko lasterketa” bat da, eta nahiz eta esperientzia ugari dauden –Europan 240 hirik dauzkate smart city esparruko proiektu esanguratsuak-, identifikatutako hiru ekimenetik bik ez dute gainditzen fase pilotua. Hala, eraldaketa digitaleranzko bidea geldiezina bada ere, erronka ugari planteatzen ditu, baina ez bakarrik teknologikoak, baita ere gizakiei eta erakundeei dagozkienak, helburua baita beren potentziala aprobetxatzea.

 

Txostenak hainbat gomendio jaso ditu administrazio publikoentzat, enpresentzat eta hiritarrentzat. Hala, erakundeei dagokienez, aipatzen da lider papera hartu behar dutela, epe luzeko ikuspegia izan behar dutela, prozesu parte-hartzaileak sortu behar dituztela kontsultarako eta erabakiak hartzeko, eta berrikuntzaren aldeko apustua egin behar dutela aliantza publiko-pribatu berrien bitartez. Enpresentzako gomendioen artean aipatzekoak dira lankidetza aktiboa sustatu beharko luketela prozesu horretarako, smart berrikuntzak kofinantzatuz eta datuak arduratsuki erabiliz; hiritarrek, berriz, konpromisoa hartu behar lukete parte-hartze aktiboa izateko, espiritu berritzailea eta kritikoa barneratuz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke