Espazio eta pertsona irisgarriak eguneroko bizitzan

2017ko Iraila 19,

Personas sentadas alrededor de una mesa.
Lan-saio bat Guggenheim Museoan Gorabide elkarteko erabiltzaileekin.

Gorabide elkarteak aurkeztu du erakunde eta enpresei zuzendutako Irisgarritasun Kognitiboko Plana.

 

“Gure inguruko beste erakunde batzuk inplikatu nahi ditugu, aldaketa txiki baina garrantzitsuak egiteko elkarren konplizitatearekin” azaldu du Diana Cabezasek, Gorabide elkarteko Familien Esku-hartze saileko arduradunak, “ingurune abegitsuagoak sortu nahi ditugu denontzat, bai adimen ezintasuna duten pertsonentzat, eta bai adinak edo bestelako zirkunstantzia pertsonalek eragindako arazo kognitiboren bat dutenentzat”. Horixe da Gorabidek –Adimen Desgaitasuna duten Bizkaiko Pertsonen Elkarteak- garatu duen Irisgarritasun Kognitiboko Planaren helburu nagusia. Gorabidek bere 55. urteurrenaren markoan aurkeztu du estrategia hori.

 

Irisgarritasun Kognitiboko Plana erakunde, enpresa eta instituzioei zuzentzen zaie, eta 2016an martxan jarri zenetik hona, bost espaziotan aplikatu da. Lehenengoa proiektu pilotu bat izan zen, zeinaren bidez Enkarterrietako Museoko (Sopuerta) erakusketa bateko testu guztiak irakurketa errazeko testu bihurtu zituzten. Harrezkero hainbat kolaborazio egin dituzte. Hala, Bilboko Guggenheim Museoan hizkera ulergarrira egokitu dituzte audio-gidak; Eusko Jaurlaritzako Irekia atarian nabigazioa eta testuen ulermena erraztu dituzte; Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoan konponbide teknologiko bat prestatzen ari dira, espazioak irisgarriago egiteko; eta Gernikako Astra Kulturarako Fabrika Sozialean azterketa bat egiten ari dira zentroko jarduerak garatzean agertzen diren zailtasunak detektatzeko.

 

Plan horretako esku-hartze guztiek bi premisa oso argi betetzen dituzte, “pertsonen alde lan egiten duten pertsonak” lelopean. Batetik, erakundeko erabiltzaileak, adimen ezintasuna duten pertsonak, esperientziadun adituak dira, eurak direlako gabeziak ongien detektatzen dituztenak eta irisgarritasun konponbideak ebaluatzen dituztenak. Bestetik, “pertsona irisgarri” kontzeptua erabiltzen da kolektibo horren premiei egokitzeko daukagun gaitasuna adierazteko. “Denok izan ditugu horrelako esperientziak bizitzan; leihatila batera edo banku batera joatean, berehala nabaritzen dugu aurrean dugunak ba ote duen ulergarri izateko gogoa edo ez zaion axola. Horri deitzen diogu pertsona irisgarri izatea” azaldu du Diana Cabezasek.

 

Planaren bidez aldaketa batzuk egiten dira, aldaketa txikiak baina adimen ezintasuna duten pertsonen eguneroko bizitza nabarmen alda dezaketenak, ateak irekiko baitizkiete aisialdiko espazio berriak eta zerbitzuak erabiltzeko edo egunerokotasunerako garrantzitsua den informazioa jasotzeko. “Prest gaude erakunde edo enpresa gehiagorekin kolaboratzeko” esan du Gorabide elkarteko Familien Esku-hartze saileko arduradunak, “gauza errazak izan litezke, adibidez, saltoki batean aldaketa pare bat egitea ezintasunak dituen jendea hobeto moldatu dadin”.

 

Ekimen hori Gorabide elkartearen 2016-2019ko Plan Estrategikoan sartuta dago, eta helburutzat du ekintza kolaboratiboak garatzea pertsona guztientzako ingurune ulergarriago eta irisgarriago bat lortzeko.

 

Gorabide elkartearen Irisgarritasun Kognitiboko Plana



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke