“Eskolak pentsamendu dibergentea sustatu behar du”

2017ko Urria 05,

Merkat Bernaola en el congreso Innova Start.
Merkat Bernaolak Begoñazpi Ikastolaren hezkuntza-eredua aurkeztu zuen Start Innova ekitaldian.

Merkat Bernaola, Begoñazpi Ikastolako zuzendaria.

 

2010ean, Begoñazpi Ikastolako irakasle-taldea Harvard Unibertsitatera joan zen bertatik bertara ezagutzera Project Zero, neurozientzia ikerketan oinarritutako ekimen hezitzaile eta berritzailea. Zazpi urte geroago, ikastetxeak bere hezkuntza-ziklo guztietan txertatu du eredu berritzaile hori, zeinak esperientzia bidezko ikaskuntza sustatzen baitu, lehentasuna emanaz etorkizunerako ezinbestekoak diren gaitasunen garapenari. Ikastolako zuzendari Merkat Bernaolak eredu hori azaldu zuen, irailaren 29an Donostian egin zen Start Innova kongresuko hezkuntza-gunean.

 

Zertan datza Begoñazpin aplikatu duzuen hezkuntza-eredua?

 

Lehen, ebaluatzeko modua tramite bat baino ez zen, hau da, ikasleek paper batean jartzen zuten zekiten guztia, baina hori ez da ikastea. Einsteinek esaten zuen ez dagoela ikaskuntzarik esperientziarik gabe, eta gainerako guztia informazio hutsa dela. Beraz, saiatzen gara testuinguru bat sortzen, ikasleek aukera izan dezaten esperimentatzeko. Egia da gazteei erakutsi behar diegula azterketak egiten, gero egin beharko dituztelako, esaterako, selektibitatean, hizkuntza-tituluak atera behar dituztenean, unibertsitatean, eta abar. Baina hori ez da ebaluatzeko modu bakarra.

 

Eta nola ebaluatzen duzue ikaskuntza?

 

Gure hezkuntza proiektuaren ardatzetako bat da pentsamenduaren garapena, ez baita berezko gaitasun bat, txikitatik entrenatu behar da hainbat estrategia erabiliz. Balorazio-eredu bat diseinatu genuen jakiteko zein ulermen-maila duten ikasleek, eta adin guztietan inplementatu dugu, ikusteko zenbat ulertu duten. Adibidez, ez da berdina uraren zikloa deskribatzea edo ziklo horren konplexutasun guztia azaltzea proiektu baten bidez eta galderak egiten dituen epaimahai baten aurrean, zeren, horrelakoetan, ikasleak erakutsi behar baitu zein den bere ulermen-maila.

 

5 urte daramatzazue eskolan eredu hori erabiltzen, zeintzuk izan dira emaitzak?

 

Hainbat froga dauzkagu. Duela 2 urte, gure ikastolako proiektu bat Global Innovation Award lehiaketako finalera iritsi zen Washingtonen, hau da, 20 sailkatuetako bat izan zen mundu osoko 6.000 lantalde baino gehiagoren artean. Iaz mundu mailako First Lego League lehiaketaren finalera iritsi ginen robotika, teknologia eta zientzia arloetan… Horrek esan nahi du eredu honekin maila altua lortu dugula zientziaren ikerketan, eta, besteak beste, ideiak defendatzeko gaitasunetan. Emaitza akademikoak hobetu egin dira, baina, batez ere, ikaslearen eguneroko bizi-esperientzia hobetu da, ikertzeko eta proposatzeko aukera ematen diegulako, entzuten bakarrik egon beharrean.

 

Uste duzu hezkuntza-eredu berriak joera geldiezina direla?

 

Geldiezina dena da neurozientziako ikerketak hezkuntzan aplikatzea, ikerketa horiek erakusten baitigute nola ikasten duen garunak. Lehen, hezkuntzako joera psikologikoak behaketan oinarritzen ziren (Piaget, Pavlov edo Freudenak). Orain garuna eskaneatu dugu, neurozientziak erakutsi digu nola ikasten dugun, eta horrek guztiz aldatu du hezkuntzaren paradigma. Irakasleak beste paper bat hartu du, orain ez da nahikoa ezagutzak izatea, baizik eta gauzak egiten jakin behar da. Beraz, eskola esperimentazio-gune bihurtuko da. Jakin ditzaket patata tortilla egiteko mila errezeta, baina bat egiten hasten naizen arte ez dut jakingo zenbat gatz bota behar zaion, zenbateko indarra behar duen suak edo zenbat patata erabili behar ditudan. Zerbait egin arte ez dago ikaskuntzarik, informazio soila da, eta informazioa Interneten ere badaukagu.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke