Enpresen %56k diote digitalizazio-maila altua dutela

2017ko Ekaina 01,

Oficina con ordenadores.

Zuzendari nagusia eraldaketa prozesuaren lider bihurtu da.

 

Estatu mailan enpresek hobetu egin dute beren digitalizazio-maila diru-sarrerak handitzeko asmoz; enpresen %68ren kasuan, zuzendari nagusia izan da aldaketa hori bideratu duena, prozesuaren lider bihurtu delarik. Horra PwC aholkularitzaren 10ª Encuesta Mundial sobre el Coeficiente Digital de las Empresas txostenean jasotako datu batzuk.

 

Zuzendaritza eta IT sailetako arduradunen %56k adierazi dute beren enpresen digitalizazio-maila altua edo oso altua dela. Zifra hori 11 puntu hazi da 2015eko portzentajearekin alderatuta, eta hala, Espainiako enpresak munduko batez bestekoaren gainetik kokatu dira, %52an hain zuzen. Bestalde, zifra globala 15 puntu jaitsi da epealdi berean, eta txostenaren arabera, bi arrazoiri zor zaie jaitsiera hori. Batetik, enpresek hobeto ulertzen dute digitalizazio-prozesuak enpresa osoa barne hartzen duela, eta ez bakarrik teknologia saila, beraz, eraldaketa konplexuagoa da. Bestetik, teknologia berriak etengabe agertzen ari dira, eta hortaz, zailagoa da teknologia horiek barneratzea.

 

Inkestak dioenez, enpresek eraldaketa digitaleko prozesuari ekiten diote batez ere –%82k- errentagarriago izateko, eta baita ere bezeroaren esperientzia hobetzeko edo kostuak murrizteko. Disrupzioa bera ez da helburu bat, nahiz eta digitalizazioari esker negozio-eredu berriak ari diren agertzen sektore guztietan. Estatu mailan, hauek dira teknologia digital berriak aplikatzeko oztopo garrantzitsuenak: lehendik dauden teknologiekiko integrazio eza eta enpresa barruko prozesuen moteltasuna. Oro har, inbertsioak IT arlora zuzentzen dira gehienbat –guztizkoaren %27-, eta atzetik datoz marketin departamendua (%16), operazio saila (%15) eta salmenta departamenduetan egiten den inbertsioa (%12).

 

Azkenik, inkestak dio top performer deituriko enpresak direla estrategia digital garatuena dutenak, hau da, azken 5 urteotan %5etik gorako hazkundea izan dutenak diru-sarreretan eta datozen 3 urteetarako ere antzeko hazkunde perspektibak dituztenak. Gainera, horrelako enpresa gehienek lehentasuntzat dute berrikuntzak egitea teknologia disruptiboak erabiliz eta erdiak baino gehiagok badituzte lantaldeak berrikuntzan bakarrik jarduteko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke