Enpresekin gauzatutako I+G+b arloko proiektuek Ikerlanen diru-sarrerak bultzatu dituzte

2017ko Maiatza 23,

Emaitza hauek batzar nagusiaren aurrean aurkeztu zituen zentro teknologikoak

Zentro teknologikoak 11,5 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, sektore pribatuarekin gauzatutako ikerketa, garapen eta berrikuntza ekimenen bitartez

 

IK4-Ikerlan euskal zentro teknologikoak enpresekin gauzatutako I+G+b arloko proiektuei esker, iaz 11,5 milioi euroko diru-sarrerak lortu zituen, erakundearen fakturazio osoaren % 55,6 alegia, 2015ean izandako datuaren aldean % 5,5eko igoera izan zuelarik.

 

Egoitza Arrasaten duen erakunde honen guztizko diru-sarrerak 20,7 milioi eurokoak izan ziren, aurreko ekitaldian baino % 6,7 handiagoak.

 

Era berean, zentroaren iazko fakturazioaren % 39,2 (8,2 milioi) administrazio publikoen deialdietatik etorri zen, eta gainontzeko % 5,2 (milioi bat euro) beste iturri batzuetatik.

 

Marcelino Caballero IK4-IKERLANeko zuzendari nagusiaren esanetan, iazkoa “oso urte positiboa” izan zen, zentroak sektore pribatuarekin gauzatutako I+G+b arloko jarduera areagotzea lortu baitzuen, IK4-Ikerlan-en ezagutza teknologikoa “konpainien egiazko erronkei erantzuterakoan fruituak ematen” ari den seinale.

 

Zentroari Europa mailako erreferentziazko erakundeekin batera lan egitea ahalbidetzen dioten proiektu europarretatik etorritako finantzaketa izan da igoera nabarmena lortu duen beste segmentu bat. Bide honen bitartez, 2,9 milioi euro lortu zituen 2016an, aurreko ekitaldian baino % 19,3 gehiago.

 

Emaitza hauek, Arrasateko Berrikuntza Poloan antolatutako batzar nagusiaren aurrean aurkeztu zituen zentro teknologikoak joan den astearen amaieran.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke