Liztor inbaditzaileei aurre egiteko droneak

2017ko Uztaila 04,

Ekipo honek ohiko sistemek baino azkarrago erasotzen diete habiei

Goidrone konpainia gipuzkoarrak vespa velutina espeziearen habiak airetik neutralizatzeko sistema berritzailea garatu du

 

Vespa velutina edo Asiako liztorra Iberiar Penintsulan lehenengo aldiz 2010ean, Gipuzkako lurraldean, detektatu zen espezie inbaditzailea da. Espezie hau intsektu polinizatzaileez elikatzen da, bereziki erleez, eta ondorioz, horren hedapenak ondorio kaltegarriak dakarzkie bertako faunari eta erlezaintza sektoreari.

 

Testuinguru honetan, Goidrone enpresa gipuzkoarrak droneetan oinarritutako sistema teknologiko berritzailea diseinatu eta garatu du, Euskadin eta Iberiar Penintsula osoan Asiako liztorraren aurka borrokatzea xede duen StopVelutina proiekturako.

 

Euskal konpainiak asmatutako ekipoa liztorren mugimenduak monitorizatu eta horien portaera aurreikusten duen zortzi helizeko drone batean oinarrituta dago. Ibilgailuak fumigatzeko tresna bat darama, eta horretan, liztor-habiak era azkar, eraginkor eta merkean neutralizatzeko biozida sartzen da.

 

Ekipo teknologiko honek ohiko sistemek baino azkarrago erasotzen diete habiei, eta eraginkortasun osoz iristen dira, altueragatik zein kokapenagatik ekipo klasikoekin ezin neutraliza daitezkeen lekuetara. Droneak 120 metrorainoko altueretan erabil daitezke eta liztor-habiak detektatzen dituzten kamera termikoez hornituta daude.

 

StopVelutina, Bilbomatica eta GoiDrone euskal enpresen eta GoVision konpainia kantabriarraren arteko lankidetza-proiektua da. Ekimen honen bitartez, soluzio integrala eskaini nahi zaie administrazio publikoei, erakunde pribatuei eta erlezaintza edo mahastizaintza bezalako sektoreei, kaltetutako eskualdeetan Asiako liztorraren hedapena eta inpaktua murriztu ahal izateko.

 

Droneak ez ezik, proiektuak era askotako tresnak eskaintzen ditu Asiako liztorraren hedapena detektatu, kontrolatu, kudeatu eta aurreikusteko; adibidez, izurriteari aplikatutako analitika aurreratua eta big data, datozen urteotako inpaktua aurreikusi eta beharrezko prebentzio-neurriak abiarazi ahal izateko.

 

 

 

Liztor-habien neutralizatzea


Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke