Datuen ekonomiak 10 milioi enplegu sor ditzake 2020rako

2017ko Uztaila 19,

logo Digital Single Market

Europan dagoeneko badira 225.000 enpresa sektore horretan lanean ari direnak.

 

Datuekin lotutako teknologiek eta, orobat, datuak biltzen, gordetzen, aztertzen eta interpretatzen dituzten enpresek 300.000 milioi euro inguru sortzen dituzte Europan. Datozen hiru urteetan baliteke zifra hori ia 740.000 milioi euroraino iristea, eta sektoreak 10,4 milioi lanpostu sortzea, 2016an baino 4,2 milioi gehiago. Datu horiek aipatzen dira Europako Batzordeak Merkatu Digital Bakarra lortzeko estrategiaren baitan egin duen European Data Market Study txostenean.

 

Dokumentu horretan aztertzen da nolako inpaktua izango duen datuen ekonomiak datozen urteetan Europar Batasunaren hazkunde sozio-ekonomikoan, eta hiru eszenatoki desberdin marraztu diren arren, denetan ikusten da enplegua eta enpresa-ehuna hazi egingo direla. 2016an 225.000 konpainia ari baziren datuekin lanean, baliteke 2020an 359.000 izatea, eta datuen teknologiarekin lotutako zerbitzu eta produktuak 106.000 milioi euroraino iritsi litezke epealdi horretan.

 

Txostenak dioenez, etorkizun hurbilean hiru eszenatoki ikusten dira. Lehenengoak jarraipena emango lioke egungo joerari, hazkunde moderatuarekin. Eszenatoki horretan, Gauzen Internet eta Cloud Computinga zabalduz gero, eskaera handituko litzateke eta politikek garrantzia hartuko lukete eskaintzaren garapenean, I+G eta ekintzailetza babestuz. Datuen industriako eskaera gradualki haziko da, bereziki teknologikoki aurreratuen dauden enpresen artean.

 

Bigarren eszenatokiak hazkunde handiagoa aurkezten du: berrikuntza digitalak paper indartsuagoa hartuko du, eta IKTetan eginiko inbertsioari esker, teknologia desberdinak konbinatzen dituzten (hala nola, Gauzen Internet, lainoko konputazioa eta big data) konponbide berriak sortuko dira. Eszenatoki horretan, eskaerak bultzatuko du aurrerapena, eta enpresei gero eta gehiago interesatuko zaie eraldaketa digitalarekin bat egitea. Zirkulu birtuosoaren ekosistema deitzen zaio horri, eta bakarrik gerta liteke teknologien zabalkundeak erritmo bizia badu, araudiak berritzen badira, eta ETEek ere bat egiten badute digitalizazio prozesuarekin.

 

Hirugarren eszenatokiak motelaldia erakusten digu; hori gertatuko litzateke, baldin eta ez bada testuinguru makroekonomiko egokirik ematen Merkatu Digital Bakarra sustatzeko 2020a baino lehen. Ingurune horretan, teknologia bera izango da motor nagusia, baina eskaera ahula izango da oso. Zirkulu txiki bateko kideek bakarrik barneratuko dituzte berrikuntzak, eta hazkunde-maila motelagoa izango da, mugatu egingo duelarik eraldaketa digitalaren inpaktu potentziala.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke