CV Plus, eskola eta enpresa batzen dituen boluntariotza

2017ko Uztaila 18,

portal del proyecto CV Plus
Plataformak hainbat tresna eskaintzen ditu boluntariotza korporatiboa bultzatzeko.

CEBEKek –Bizkaiko Enpresen Konfederazioak- zuzentzen du proiektu europar hori.

 

CV Plus ekimenaren helburua da zubiak eraikitzea enpresa munduaren eta ikastetxeen artean, boluntariotza korporatiboaren bidez eta parte-hartzaileen esku jarriz horrelako proiektuak bultzatzeko behar dituzten material eta tresnak. CEBEKek zuzendutako eta Europar Batasunak Erasmus+ ekimenaren bitartez finantzatutako programa horren bidez plataforma bat sortu da, non enpresentzako eta hezkuntza komunitateentzako baliabideak argitaratu baitira.

 

“Asmoa da prestakuntzarako boluntariotzaren kontzeptua bultzatu eta zabaltzea, batik bat euskal ETEen artean” azaldu du Nieves Gamizek, CEBEKeko Proiektu Berrien Garapeneko zuzendariak, “eta horretarako garatu ditugu enpresek nahiz ikastetxeek deskargatu ditzaketen dokumentuak eta autonomoki egin ditzaketen ikastaroak”. Material horiek dohainik eskuratu daitezke CV Plus atarian. Funtsean, enpresa eta zentroentzako gidaliburu metodologikoak dira, bai eta proiektuan parte hartzen duten herrialdeen boluntariotza korporatiboa erregulatzen duten araudi markoak.

 

Bestalde, bi ikastaro daude plataforman, bata enpresentzat eta bestea ikastetxeentzat, beraizik pentsatuak daudenak horrelako programa bat bultzatu nahi duten antolakunde eta profesionalei laguntzeko. Ikastaro bakoitzak hiru modulu independente ditu: lehenak azaltzen du zer den boluntariotza korporatiboa, nolako abantailak eskaintzen dituen eta zein formula desberdinekin garatu daitekeen; bigarrenak dio zein urrats eman behar diren ikastetxe barruan horrelako programa bat inplementatzeko; hirugarrena, berriz, ebaluazio tresna bat da, eta esperientzian zehar garatutako gaitasun garrantzitsuenak neurtzen ditu.

 

“Orain ikastaroak probatzeko prozesuaren amaiera fasean gaude, hau da, azken aldaketak txertatzen ari gara, iritsi zaizkigun ekarpenak kontuan hartuta” esan du Nieves Gamizek, “80tik gora lagunek egin dute ikastaroa, eta asebetetze maila altua izan da oso”. Prestakuntza dohainik eskuratu daiteke, eta ikastaroa egiten dutenek tutore bat izango dute irailaren amaierara arte beren zalantzak argitzeko.

 

Bestalde, plataforman badago gidaliburu bat, 30etik gora jardunbide egoki biltzen dituena, jardunbide horien bidez erakusteko horrelako boluntariotza proiektuen potentziala. Proiektu horietako bat Euskadin bertan jarri zen martxan: Somorrostroko Lanbide Heziketako Zentroa. Zentro horretan berrikuntza-proiektu bat sortu dute, non Tecuni enpresako profesionalek tutore-lanak egiten dituzten ikasle taldeekin benetako erronkei erantzuteko.

 

CV Plus ekimeneko bazkide dira Inveslan (prestakuntzarako berrikuntza aholkularitza bizkaitarra) eta atzerriko hainbat herrialdetako (Alemania, Belgika, Finlandia, Italia eta Poloniakoak) enpresa-talde eta berrikuntza-zentro batzuk.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke