Bio-diseinua eta geruza digitalak etorkizuneko jakietan

2017ko Uztaila 11,

Food Innovation, de Institute for the Future.
Food Innovation, Institute for the Future erakundearena.

Food Innovation txostenean sektorea aldatuko duten osagaiak biltzen dira.

 

Datozen urteetan, gizarteak erronka global garrantzitsuak izango ditu elikaduraren sektorean, hala nola, klima aldaketa eta ingurumenaren babesa, pertsona guztiek janaria eskuratzeko aukera izatea eta aldaketekiko –esaterako, hondamendiak edo gatazkak- erresilientzia gaitasuna. Aldi berean, sektorea eraldaketa sakonak jasaten ari da. Teknologia berrien eraginaz gain, ohiturak eta premiak ere aldatu egin dira; hala, osasunarekiko kezka eta kontzientzia ekologikoa handitu egin dira eta kontsumitzaileak agente aktibo bihurtu dira.

 

Elementu horiek elikaduraren etorkizun posibleak aurkezten dizkigute, eszenatoki oso anitzekin: elikagai berriak sortzeko bio-ingeniaritza, maila lokaleko produkzio-sistema robotikoak edota janariarekiko esperientzia hobetzeko geruza birtualak. Aukera horiek aipatzen ditu irabazi asmorik gabeko Institute for the Future erakundeak egin duen Food Innovation, datozen hamarkadarako errezetak txostenak.

 

Ipar Amerikako think tank erakundearen azterketak aldaketa eragingo duten bost osagai aurkeztu ditu, eta horietako bakoitzak bere etorkizun posibleak, aukerak eta arriskuak ditu. Txostenaren bidez erakutsi nahi da osagai horien bidez errezeta oso anitzak sor daitezkeela, konbinatzeko moduaren arabera.

 

Lehenengoa da mikro eskalako bio-aniztasuna, zeinak mikro-organismoak aztertzen baititu, beren potentzial berritzailea aprobetxatzeko elikagaien segurtasuna bezalako sektoreetan edo pertsonalizatzeko. Beste joera bat da diseinu esperimentala, hau da, bio-ingeniaritza erabiltzea kode genetiko berriak idatzi eta elikagai berriak sortzeko. Kontzeptu horren adibide bat da hazkuntzako okelak, beharrezkoa den eztabaida etikoa sortzen dutenak.

 

Txostenak jaso duen moduan, aurrerapen teknologikoak nekazaritza ere berrasmatu du, aukera ekarri baitu low cost metodoak aplikatzeko. Hardware eta software irekiek, Gauzen Internek eta datu-bilketa masiboek aukera emango diete ekoizle txikiei berrikuntza handiak aplikatzeko prezio merkeagoan, esaterako, ezagutza partekatuan oinarritutako sistema robotikoak. Gainera, kontsumitzaileek paper aktiboagoa izango dute, eta hainbat balore erreklamatuko dituzte, hala nola, ingurumenaren sostengarritasuna, osasuna eta giza eskubideen errespetua. Zentzu horretan, etiketa adimendunek askoz informazio gardenagoa eman lezakete produktuen produkzio eta banaketa-kate osoari buruz.

 

Azkenik, txostenak osagaitzat hartzen du open food narratiba. Kontzeptu horrek erreferentzia egiten die elikagaiak kontsumitzeko eta haien historia azaltzeko modu berriei. Lehen, elikadura sektoreak ahots bakarra zuen, baina orain ahots asko uztartzen ditu, bai kontsumitzaileek hedabide sozialetan dutena, eta bai datuek eurek sortzen dutena. Gainera, geruza berriei esker, platerak esperimentatzeko modu berriak sortu dira, esaterako, errealitate handitua edo errealitate birtuala erabiliz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke