Berrikuntza soziala pobrezia energetikoaren aurka

2017ko Ekaina 30,

Logotipo del programa.

Ashoka-k programa bat jarri du martxan proiektu solidarioei laguntzeko.

 

Europako Legebiltzarreko Ikerketa Zerbitzuaren arabera, 50-125 milioi lagunek zailtasun handiak dituzte etxeko argia eta berogailua ordaintzeko. Pobrezia energetikoa Europako arazo larrienetako bat da gaur egun, familia askok ez dutelako behar adinako baliabiderik oinarrizko zerbitzu hori eskuratzeko. Erronka horrentzako konponbide alternatibo eta sortzaileak bilatu nahian, Ashoka GKEak eta Schneider Electric Fundazioak abian jarri dute Social Innovation to tackle fuel poverty programa.

 

Ekimena Europako bost herrialdetan jarri da martxan: Alemanian, Espainian, Grezian, Italian eta Portugalen. Deialdi hau beraizik zuzentzen zaie pobrezia energetikoari erantzuteko ikuspegi alternatiboak aplikatu dituzten proiektu, antolakunde edo enpresa sozialei. Konponbideak askotarikoak izan daitezke: lankidetzak bilatzea orain arte elkartu gabeko esparru desberdinetako eragileen artean, hiritarren parte-hartzea eta, besteak beste, finantzaketa metodo berritzaileak bilatzea.

 

Oraingo hau Social Innovation to tackle fuel poverty programaren bigarren edizioa da. 2015ean egin zen lehen aldiz, eta 14 proiektu aukeratu ziren 200 proposamen baino gehiagoren artetik. Horien artean zeuden Energie Solidaire (Frantzia), mikro-emaitzak egiteko sistema bat, argiaren fakturan txertatua dagoena eta helburutzat duena tokiko komunitateei laguntzea energia eraginkortasuneko neurriak ezartzen; Energy Local (Britainia Handia), auzo bereko pertsonek beren energia sortu eta kudeatzeko laguntza programa bat; edota La Citta Verde (Italia), zeinak hondakinak bio-hondakin ez kutsagarri bihurtzen baititu, baliabide gutxi dituzten pertsonek erabil ditzaten.

 

Aurtengo edizioan 15-20 ekimen aukeratuko dira, zeintzuek aukera izango baitute 12 asteko laguntza programa pertsonalizatu bat egiteko eta beren proiektua eskalatzeko. Deialdia zabalik dago urriaren 1era arte, eta aukeratutako proposamenak azaroan aurkeztuko dira Bonn hirian, Alemanian, Nazio Batuek Klima Aldaketari buruz egingo duten COP23 konbentzioaren barruan. Finalistek, hiru hilabeteko mentoring prozesuaz gain, aukera izango dute berrikuntza sozialeko ekimenez osatutako komunitate batean sartzeko, zeinaren helburua baita energia merke eta sostengarria lortzea denen artean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke