Berrikuntza sozial digitalaren lorpenak eta hesiak

2017ko Maiatza 25,

Mapa de las iniciativas europeas.
Ekimenak 1.880 antolakunde eta 1.000tik gora proiektu biltzen ditu.

Horrelako konponbideak Europa osora zabaldu dira erronka sozialei erantzuteko.

 

Berrikuntza sozial digitalera biltzen dira pertsonek, komunitateek edo antolakundeek bultzatutako proiektuak, zeintzuek teknologia digitalak baliatzen baitituzte beharrizan sozialei erantzungo dieten konponbideak sortzeko, horrela erdietsiz Interneten aurretik ezinezkoa izango zatekeen eskala bat. Definizio horixe proposatzen du Digital Social Innovation ekimenak, hots, Europan egin diren mota horretako proiektu guztiak identifikatu eta mapeatu dituen ikerketak.

 

Horrelako konponbideak era askotakoak izan daitezke (sakelakoetarako aplikazioak, plataformak, sare sozialak edo komunitateak, e.a.) eta aro digitalak berekin ekarri dituen joerei erantzuten diete, esaterako, datuen irekiera, open source hardwarea eta ezagutza irekia. Tresnen demokratizazioarekin batera, printzipio horiek hiritarren jabekuntza ahalbidetu dute hainbat arlotan, besteak beste, hauetan: parte-hartzean, hezkuntzan edota ezagutza eskuratzeko prozesuetan, osasunaren kudeaketan eta gardentasun politikoan.

 

Nesta agentzia britainiarrak lideratzen du DSI proiektua Holandako Waag Society fundazioaren eta Txekiar Errepublikako Supsi erakundearen laguntzarekin, eta Europar Batasunaren laguntza ere jasotzen du Horizon 2020 programaren barruan. 2014an abiarazitako ekimen horren baitan, onlineko mapa interaktibo bat sortu da Europan identifikatutako proiektuak erakusteko eta azterlan bat ere egin da, horrelako berrikuntza sozialaren ezaugarri nagusiak aztertzeko.

 

Txostenak dioenez, horrelako konponbideak, batez ere, esparru hauetara zabaldu dira: demokrazia, osasuna, etorkinen eta errefuxiatuen integrazioa eta ingurumenaren babesa. Parte-hartze demokratikoaren kasuan, adibidez, plataforma mordoa sortu dira, aukera eskaintzen dietenak hiritarrei proposamenak egiteko eta gardentasun handiagoa ematen diotenak ekintza politikoari. Osasunaren esparruan, hardware irekiak eta maker mugimenduak aukera eman dute, besteak beste, kostu baxuko konponbide pertsonalizatuak sortzeko aniztasun funtzionala duten pertsonentzat. Errefuxiatuen krisiari dagokionez, erakundeek ez dute jakin ongi erantzuten, bai ordea kolektibo hiritarrek, zeintzuek sortu dituzten, adibidez, hizkuntza ikasten laguntzeko aplikazioak, senitartekoak berriro elkartzeko plataformak edota eskura dauden zerbitzu sozio-sanitarioak azaltzeko mapak.

 

Dena den, txostenak baita ere aipatzen ditu horrelako konponbideek dituzten oztopoak eskalatzeko eta inpaktu handiagoa lortzeko. Garrantzitsuenak dira finantzaketa eta gaitasunak eskuratzeko zailtasunak. Aipatzekoak dira, baita ere, ekosistema zatitua eta sektore publikoak eta antolakunde zibil errotuenek oso gutxitan erabiltzen dituztela horrelako konponbideak. Azterlanak dioenez, hori gertatzen da ez delako ongi ulertzen horrelako tresnek duten potentziala, eta baita ere ez dagoelako formularik beren inpaktua neurtzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke