Arkitekturaren mugak aztergai Mugak ekitaldian

2017ko Uztaila 26,

Cartel de la Bienal.
Azaroaren 7tik 10era egingo da Arkitektura Biurtekoaren inaugurazio astea.

Donostiak Arkitekturaren I. Nazioarteko Biurtekoa ostatatuko du.

 

Urteko azken hilabeteetan, Donostia arkitekturaren nazioarteko hiriburu bihurtuko da. Arkitekturaren Biurtekoaren lehen edizioa azaroan abiatuko da, Mugak/Fronteras izenburupean. Profesionalei, ikasleei, irakasleei eta orobat hiritarrei zuzendutako foro bat da, eta helburutzat du diziplina horren erronken inguruko eztabaida irekitzea.

 

Berrogeita hamar jardueratik gora antolatuko dira, besteak beste, hitzaldiak, mahai-inguruak, erakusketak eta ibilbideak, azaro, abendu eta urtarrila bitartean egingo direnak. Programazio osoa doakoa eta irekia izango da, eta hiriko puntu desberdinetan kokatuko da. Miramar Jauregian zentralizatutako jarduera aste bat ere antolatuko da, azaroaren 7tik 10era. Biurtekoak Mugak izena aukeratu du, topaketan gogoeta egin nahi baita arkitekturaren mugei buruz eta arkitektura beste arlo batzuekin –soziologia, ekonomia, artea edo filosofia- nahasten den espazioei buruz. Diziplina anitzeko ikuspegi horren xedea da arkitekturaren inguruan eraikitzen diren hesiak gutxitzea eta, bide horretatik, gizarteari hurbiltzea.

 

Topaketa hau antolatzea erabaki zen hiriek erronka asko dituztelako gainditzeko. Hirietan kultur aberastasuna eta teknologien zabalkundea nahasten dira, baina, bestalde, gero eta handiagoak dira bazterkeria- eta desberdintasun-etenak. Ingurune konplexu horretan, arkitekturaren eta hirigintzaren bidez erantzun berriak bila daitezke hiri inklusiboagoak lortzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatu du Arkitekturaren I. Nazioarteko Biurtekoa, erakunde hauen laguntzarekin: Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, UPV/EHU, COAVN – Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Tabakalera.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke