Aldaketetara ohituta dagoen belaunaldi sortzailea

2017ko Uztaila 26,

Portada del informe.
Millennials, la generación emprendedora. Telefónica Fundazioa.

Millennialen belaunaldia lan munduan sartzen ari da.

 

Milurtekoko belaunaldia, 21 eta 36 urte bitarteko jendea, aro digitalaren zabalkuntzarekin batera hazi da. Horrek esan nahi du helduarora iritsi direla era guztietako informazioa uneoro eskaintzen duen mundu batean, non dohainik eskuratu baititzakete entretenimendurako edukiak –zinema edo musika- eta non ohikoa baita norbere edukiak sortzea komunitate osoarekin partekatzeko.

 

Millennial gehienak garapen profesional betean daude une honetan, eta eurak izango dira gizartea zuzenduko duen hurrengo belaunaldia, hots, lan, gizarte nahiz politika arloetan erabakimenezko postuak beteko dituztenak. Aniztasun handiko belaunaldia izan arren, biztanleria talde honek baditu ezaugarri komun batzuk, denak hazi baitira Interneten aroan eta denek jaso baitute hainbat faktoreren eragina, adibidez, krisi ekonomikoarena.

 

Telefónica Fundazioak argitaratu duen Millennials, la generación emprendedora txostenak dio horrelako heldu gazteak ohituta daudela etengabe aldatzen den ingurune batean bizitzera, eta eurak direla goi-mailako hezkuntza tasa handiena dutenak, nahiz eta horrek ez duen bermatzen egonkortasuna izango dutenik lan munduan, ez eta beren ikasketekin lotutako lanpostu bat beteko dutenik ere.

 

Dena den, azterlanak dio ez daukatela jarrera etsikorrik. Oro har, gazte sortzaileak dira, Interneteko logiketara ohituak daudenak: partekatzea, sarean lan egitea, datuen irekiera eta gardentasuna. Belaunaldi honek egonaldiak egin ditu atzerrian, batez ere Europan, beren ikasketa prozesuaren barnean edo lan-esperientzia modura. Aberastasun iturri garrantzitsua da, bai enpresentzat eta baita ere gizartearentzat, baldin eta gai bagara talentu hori atxikitzeko.

 

Lan munduari dagokionez, millennial belaunaldiak badu potentziala enpresen eraldaketa azkartzeko eta berrikuntzaren kultura integratzeko, antolakuntza-modu ireki eta malguagoak barneratuz. Hala ere, txostenak dio enpresek benetako ahalegina egin beharko dutela, aldaketa hori diskurtso soil bat baino gehiago izan dadin.

 

Horrez gain, belaunaldi hau ekintzailea da, eta ekiteko espiritua askoz zabalduago dago eurengan aurreko belaunaldietan baino. Hauxe da, millennial ekintzailearen erretratu robota: goi-mailako ikasketak dituen gizonezkoa da, gutxienez 2 urteko lan-esperientzia duena, eta baditu, bere ingurune pertsonalean, lehen enpresa ekimena martxan jartzeko behar dituen finantza baliabideak. Ekintzaile berriak IKTen, publizitatearen edota marketinaren sektoreetakoak dira nagusiki. Ez diote berebiziko garrantzirik ematen tutoretzari, baina laguntza behar dute inbertsioetarako eta sareetara edo azpiegituretara sartzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke