ES | EU


2016ko Azaroa 03


Proiektu hori zuzeneko hip hop lehiaketentzako plataforma bat da.

 

Urban Roosters espazioan edozein hip hop freestyle zale sar daiteke, eta rap borroketan murgildu mundu osoko arerioen aurka, edo posible du beste lehiaketa batzuk ikusi eta bozkatzea edo lehiatu baino lehen entrenatzea. Plataforma ideia berritzaile bat da, Errioxako hiru ekintzailek 2014aren amaieran sortua.

 

Espazioak bideojokoetako hainbat elementu erabiltzen ditu dibertigarriago izateko, eta beren web kameren bidez zuzenean lehiatzen diren arerioen adrenalina maila igotzeko. Urban Roosters da gaur egun gaztelaniazko hip hop lehiaketak egiteko espazio nagusia, eta oilar borrokez edo beatbox lehiaketez gain, txapelketak eta zuzeneko kontzertuak ere antolatzen ditu.

 

Enpresa horrexek irabazi du BIME Startup Summit txapelketa, hots, Barakaldon, urriaren 26tik 28ra egin den industria musikal eta digitalei buruzko BIME Pro kongresuan antolatutako lehiaketa. Proiektua epaimahaiaren eta inbertitzaile talde baten aurrean aurkeztu ostean, Errioxako startupak 3.000 euroko saria irabazi du.

 

Lehiaketaz harago, BIME Startup Summit kongresuaren helburu nagusia da topaleku izatea ekintzaile teknologikoentzat, musikarekin lotutako startupentzat, inbertitzaileentzat eta industria sortzaile eta digitaletako adituentzat. Jardunaldia urriaren 28an egin zen, eta hitzaldi eta mahai-inguruentzako espazio bat antolatu zen, non euskal ekintzaile arrakastatsuek parte hartu zuten, hala nola Eneko Knorrek (Ludei), Jon Uriartek (Ticketbis), Carlos Polok (Perpetuall), eta nazioarteko ospea duten hizlari aditu zenbaitek. Finalera iritsi ziren startupek saio pribatuak egin zituzten inbertitzaileekin Speed Meetings gunean.

 

Last Tour erakundeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituzte Pro eta BIME Startup Summit ekitaldiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren laguntzarekin (SPRIren bitartez). 2015ean 70etik gora inbertitzailek parte hartu zuten, eta startup parte-hartzaileen %13k finantzaketa erronda bat lortu zuten topaketan eginiko kontaktuei esker.

 

BIME Startup Summit