ES | EU


2017ko Maiatza 18


Euskal ekintzailetzaren ekosisteman badira Big data sektorean talentu handia duten enpresak. Horietako bat da Decidata startupa, datuen analitika aurreratuan eta bistaratzean espezializaturik dagoena, hau da, enpresen esku jartzen du datuetatik ateratako informazio masiboa, beren arazoak konpontzeko. Hiru bazkidek sortua 2016an Bilbon, une honetan SPRIk bultzatutako BIND 4.0 programan parte hartzen ari da. Aurten egin da ETEen azelerazio programa horren lehen edizioa eta dagoeneko martxan da bigarrena, eta bere helburua da elkarrekin harremanetan jartzea Euskadiko konpainia handiak eta enpresa sortu berriak, benetako arazo zehatzak konpontzeko. Decidata enpresak aliantza bat du Euskaltel konpainiarekin, eta aliantza hori dela medio, operatzaileak hobeto ezagutuko ditu bere bezeroak eta aukera izango du erabiltzaileek datu-sarearekin duten esperientzia pertsonalizatu eta hobetzeko.

Esperientzia dutelarik bankaren eta telekomunikazioen sektoreetan, ezagutza hori baliatu nahi dute industriaren arazoak konpontzeko eta 4.0 Industriaren barruan sartzeko. Iñaki Pertusa eta Irene Uncetak xeheki azaldu zituzten beren proiektu berritzailearen gorabeherak Radio Euskadiko Made in Basque Country saioan.

 

Iruditzen zaigu zuen jarduera esparrua, Big data alegia, helduarora iritsi dela, eta enpresek jakin-mina baino gehiago benetako interesa agertzen dutela horrelako zerbitzuak kontratatzeko. Dagoeneko ez da ezezagun handi bat…

 

Enpresa sortu genuenetik, merkatuaren bilakaera eta bezeroaren premiak asko zehaztu dira. Ideia honekin eta proiektu honekin hasi ginenean, arrantzura larrera joatea bezalakoa zen; orain, aldiz, ongi informatuta dauden zuzendaritza taldeekin esertzen gara, badakite zertaz ari diren eta gauza oso espezifikoak, oso teknikoak, eskatzen dizkigute.  Hori oso lagungarri zaigu zerbitzuak eskaintzean, azkarrago ulertzen baitugu zer behar duen bezeroak eta hobeto dakigu zerk lagunduko dion gehien.

 

Analitika aurreratua eta algoritmo matematikoak… Lagunduko diguzue kontzeptu horiek argitzen eta ulertzen zertan duten zerikusia enpresa baten eguneroko jardunarekin?

 

Gure apustua da ezagutza tekniko hori enpresen zerbitzura jartzea. Decidata da algoritmoarekin borrokatzen dena, horixe baita lanaren zati gogorrena. Baina, aldi berean, gai izan nahi dugu ezagutza hori guztia transmititu eta norabide biko elkarrizketa sortzeko.

 

Posible da enpresa baten arazo guztientzako konponbide zehatz bat aurkitzea formula matematikoetatik abiatuta?

 

Ez dakit ba ote den konponbiderik arazo guztientzat, baina bai askorentzat, dudarik gabe. Hain zuzen, gure lanaren zati handi bat da ikustea eta mugatzea zeintzuk diren konpainien arazoak. Galdera definitzea deitzen diogu fase horri. Eta definizio fase horretan ikusten dugu nolako aukerak ditugun eta nola konpondu dezakegun kontua.

 

Badirudi dena oso etereoa dela, baina, funtsean, lehiakortasunaz ari gara, eta hori ratio ekonomiko batera eramanez gero, emaitza diru asko da…

 

Potentzialtasun absolututik (“egin liteke…” edo “horrela egin genezake…”) beste fase batera igaro gara. Orain geure buruari galdetzen diogu zer egin behar dugun zehazki gure enpresan egiten ari garena hobetzeko eta lehiakorrago izateko edo nola aldatu dezakegun gure negozio-eredua datuetan oinarrituta, diru-sarrera iturri bat lortzeko. Eta, gainera, bezeroak hori guztia kuantifikatzea nahi du… Proiektu guztietan saiatzen gara bezeroei esaten beren enpresako eremu zehatz batean (adibidez, zein bezero galduko dituen esanez) lagunduko diegula, eskaeraren aurreikuspena egingo diegula, eta gainera, esango diegula zein den gure ereduekin lortuko duten hobekuntza eta zein den beren enpresara iritsi baino lehen zeukatenarekiko konparazio onena…

 

Nola sortu zen Euskaltel konpainiarekiko aliantza?

 

Eusko Jaurlaritzak duela urtebete bultzatutako Bind 4.0 azeleragailuaren barruan hasi zen dena. Uste dugu programak badituela bi alderdi oso positibo: lehenengoa da identifikatu egiten gaituela enpresa handien barruan, jakin dezagun norengana jo behar dugun gure zerbitzuak aurkezteko, eta hori ez da erraza izaten konpainia handietan; bigarrena da aukera ematen diela konpainia handiei gu bezalako startupoi sinesgarritasuna emateko, askotan ez baitugu behar adinako esperientziarik lan merkatuan.  Eta ETEak Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakunde batzuen babesean egoteak segurtasuna ematen dio konpainiari, badakielako aldamenean duen enpresa ez dela edonolakoa, startupok lehenbizi sekulako iragazkia igaro behar dugulako finalera iristeko.

 

Operatzailearekin duzuen harremanak jarraituko du programatik kanpo ere?

Bai, jakina.

 

Eta zer ikasi duzue lehen harreman honetatik?

 

Esperientzia aberasgarria izan da guretzat. Batetik, aukera eman digu gure gaitasunak proban jartzeko telekomunikazioen ingurune lehiakorrean. Gainera, Euskaltel konpainiaren eskutik egin dugu, zeinak erabateko konfiantza izan baitu gugan, eta ate asko zabaldu dizkigu, bere barrunbeak erakutsi dizkigu, eta horri esker, zentzu askotan hazi gara.  Arazo berria da, desberdina, eta horri aurre egin beharrak hobetzen laguntzen digu.

 

Kontuan izanik Big dataren negozioko pope handiak multinazionalak direla (Oracle edo IBM) eta kontuan izanik zuen helburuetako bat dela -egun duzuen tamainarekin- erreferentziazko marka bihurtzea, momentuz Euskadin… Nola lortuko duzue hori?

 

Ezin dugu haiekin lehiatu. Uste dugu gure bezeroei eskaintzen dieguna desberdina dela, beren arazo zehatzei egokitutako konponbide bat. Ihes egin nahi dugu plataforma estandarizatu eta teknologikoki indartsu horietatik. Konpainia horiek inbertsio handiak egiten dituzte, bikain egin ere, baina guk ez genuke lehia horretan sartu behar. Bezero handi batekin lan egiten dugunean gure bezero nagusi bihurtzen da, eta harekiko konpromisoak, dedikazioak eta harreman pertsonal estuak bereizten gaitu enpresa handiengandik.

 

Emaiguzu adibideren bat… Jakin dezakezue Euskaltelen bezero batek konpainia utziko duen?

 

Proiektuaren helburua izan da erabiltzailearen esperientzia hobetzea. Bezeroarentzat funtsezkoak diren eremu kritikoak identifikatzen ditugu Euskaltelekiko harremanean eta, beraz, kalitatearekin duen eguneroko harremanean. Horrela jakin dezakegu zein eremu zaindu behar lukeen operatzaileak kontu handiagoz edo zeri eman behar dion garrantzia, bezeroak baloratzen duelako, beretzat garrantzitsua delako eta gustura dagoen bezero bat denbora gehiagoz geldituko delako enpresan.

 

Jaramon egiten dizuete?

 

Proiektu honetan konpainiako hainbat departamenduk parte hartu dute eta, kontuan izanik startup baten eta erraldoi baten arteko aliantzaz ari garela, benetan uste dugu harremana ona eta naturala izan dela. Deusto Bussiness School zentroak “Elefantas y gacelas bailan sin pisarse” izeneko azterlan bitxi bat argitaratu zuen aurreko batean eta guk, kasu honetan, elefante oso arin bat izan dugu aldamenean, dantzari bikaina alegia. Benetako plazera izan da haiekin lan egitea, inplikatu direlako eta portaera paregabea izan dutelako gurekin. Egia da txikiak garela, baina ilusio handia daukagu, oso berritzailea den zerbait darabilgu eskuartean eta, apaltasun faltsurik gabe, profesional talde ona eta indartsua dugu. Enpresa honetan gauden sei lagunok esperientzia handia dugu, goi-mailako prestakuntza, eta batez ere, gauzak egiteko gogo handia.

 

Badirudi Big dataren munduak dakarren errealitate berri honek baduela ibilbidea etorkizun hurbilean. Nolako prestakuntza behar da korronte horretan sartzeko?

 

Guretzat datu-zientzialari izatea ez da arlo zehatz batean espezializatuta egotea, baizik eta denborarekin barneratzen den gaitasun multzo bat edukitzea. Uste dugu gaitasun horiek denak hartzeko oinarri sendo samarra behar dela Matematikan, Fisikan, Estatistikan… Beraz, oinarrizko prestakuntzaz, unibertsitateko gradu batez galdetzen ari bazara, hortik etorri beharko luke. Eroso sentitu behar du datu-baseekin lanean, eta ez dio beldurrik izan behar Matematikari, are gehiago, gustura jardun behar du zenbakiekin.

 

Euskadin badago behar adinako harrobirik horretarako?

 

Ez da erraza profil hori aurkitzea. Zorionez, gure enpresan ilusio handiko lantaldea dugu, gauza oso desberdinak egiten ditugu eta hori, nahita edo nahigabe, oso erakargarria da. Gainera, baditugu gaurkotasuna hurbiletik jarraitzeko eta merkatua ezagutzeko sare informalak.  Startup batek jakin behar du eskuen gainean zutik jartzen, itzulipurdiak ematen eta, batez ere, talentua aurkitzen. Horregatik antolatzen ditugu underground ekimenak, talentu hori identifikatzeko. Data beers Euskadi da ekitaldi horietako bat, eta ahalegintzen gara arlo honetako talentua atzematen, aukerak sor daitezen elkarlanerako edo norbait kontratatzeko, beharrezkoa bada.