Faktore giltzarriak langileek arlo finantzarioan parte hartzeko


Edozein izanik ere enpresa batek arlo finantzarioan parte hartzeko aukeratutako modalitatea (ekonomikoa edo jabetzakoa), badira hainbat printzipio kontuan hartu beharko liratekeenak langileek arlo finantzarioan parte hartzeko plan mota guztietan. Horietako batzuek, hala nola argitasunak eta gardentasunak, edo pertsonen mugikortasunarekiko bateragarritasunak, edozein parte-hartze mailatarako balio dute, kudeaketan parte hartzeko ere bai. Beste batzuk, aldiz, langileek enpresaren arlo finantzarioan parte hartzeko planen printzipio espezifikoak dira.

Parte-hartze sistemaren definizioa

Europar Batasunak gomendatzen du enpresa baten jabetzarekin lotutako plan guztiek aurrez definituak eta lortutako emaitzen araberakoak izan behar dutela. Horrela bermatuko da bai gardentasuna, bai langileen motibazioa emaitza horiek lortzeko.

Borondatezko parte-hartzea

Arlo finantzarioan parte hartzeko planek borondatezkoak izan behar dute: enpresak bere borondatez egin behar ditu, eta langileek ere beren borondatez inplikatu behar dira euretan.

Langile guztiei zabaltzea

Konpainiako kide guztiek izan behar dute aukera arlo finantzarioko parte-hartze planetan sartzeko. Langilearen lan-kategoriak ezin du izan elementu diskriminatzailea halakoetan parte hartu ahal izateko.

Argitasuna eta gardentasuna

Langileek informazio argia jaso behar dute, eta prestakuntza ere jaso behar dute erabakiak hartzeko (arriskuak ulertzeko, alternatibak eta abantailak baloratzeko, e.a.). Horrez gain, enpresek aldiro-aldiro informazio zehatza eman behar diete langileei beren inbertsioan eragina izan dezaketen aldaketei buruz.

Sistematizazioa

Enpresek erregularki aplikatu behar dituzte planak, eta ez aplikatzea interesgarria zaien ekitaldi isolatuetan, dela lortu dituzten emaitzengatik, dela beste arrazoi batzuengatik (dibidenduak edo inbertsioen balioa aldatu egin daitezke, baina inola ere ez da egin behar testuinguruaren araberako parte-hartze planik).

Saihestu langileentzako arriskuak

Argi utzi behar da langileek zein arrisku hartzen dituzten enpresan parte hartzean, edozein izanik ere arrisku horien neurria, zeren enpresak bilakaera negatiboa badu, langileak ez bakarrik arriskatzen du inbertsioaren bolumena galtzea, baizik eta baita lanpostua bera ere.

Bereizi soldata eta dibidendua

Langile batek finantza arloan parte hartzen duenean (parte-hartze horrek enpresaren jabetzan sartzera eraman zein ez), argi bereizi behar da zer den soldata eta zeintzuk diren parte-hartze horrek ematen dizkion diru-sarrerak.

Pertsonen mugikortasunarekin bateragarriak diren planak

Parte-hartze planek kontuan hartu behar dute enpresen nahia dela langileak denbora batez akziodunak izatea, baina posible dela langile horiek lanpostuz aldatu behar izatea herrialdez aldatzeagatik edo kontratuak hutsaltzea eta orduan arazoak sor daitezkeela.

LANGILEAK KAPITAL SOZIALEAN SARTZEKO FINANTZAZIO-MODALITATERIK ERABILIENAK

Enpresaren jabetzan efektiboki parte hartzeko, langileek enpresaren kapital sozialeko akzioak edo partaidetzak erosten dituzte, eta finantzaketa behar izaten dute horretarako.

Hona hemen labur azalduta lau finantzaketa-modalitate erabilienak.

Langileak berak finantzaketa bilatzen du

• Aurrezki pertsonalekin
• Soldata eta langabezia eskubideak kapitalizatuz (krisian dauden enpresetan, enpresariak konpainia utzi badu edo finantzaketa gaitasunik ez badu)
• Urteko diru-sarreren zati bat baliatuz partaidetzak erosteko.
• Finantza erakundeen mailegu edo mikro-kredituekin
• Laguntza publikoen bidez.

Enpresak finantzaketan laguntzen du

• Enpresak ordainsari berezi bat ematen du (emaitzen kontura) akzioak edo partaidetzak erosteko.
• Akzioen gaineko aukeretan oinarritutako erosketa-formulak.
• Sozietateak epe luzerako emandako maileguak.

Enpresak eta aurreko bazkideek finantzaketan laguntzen dute

• Kontularitzako ondarea nabarmen murriztuz, eta horren zati bat epe luzerako mailegu edo mailegu parte-hartzaile bihurtuz. Kopuru hori aurreko bazkideen aldeko zor gisa gordeko litzateke, eta denboran amortizatuko litzateke diruzaintza sortzen den neurrian (normalean 5-8 urte). Formula horrekin partaidetza bakoitzaren prezioa murrizten da, eta, hartara, baita ere inbertitzeko egin behar den ahalegina.
• Beste sozietate bati jardueraren ekarpen ez-diruzkoak egitea; sozietatean sartzen dira funtsezko aktibo eta jarduerak, eta ekarpen egilearen zenbait aktibo, ukiezin eta atributu atxikitzen dira, ezinbestekoa den gutxieneko ondarearekin batera, langileek aukera izan dezaten errazago erosteko. Bestalde, modalitate honek epe luzerako mailegu bat edo mailegu parte-hartzaile bat ere izaten du, ekarpen egilearen aldeko zor gisa gordetzen dena, eta denboran amortizatzen dena diruzaintza sortzen den neurrian (normalean 5 eta 8 urte bitartean).
• Aurreko bazkideek partaidetzak ematea jabetzan sartu nahi duten bazkideei.
• Partaidetzen balioa handitzeari mugak jartzea, partaide berriak sar daitezen.
• Akordioak enpresak kudeatutako banku eta finantza-erakundeekin, finantzaketa-baldintza hobeak lortzeko langilearentzat.

Arrisku kapitaleko bankuen kanpoko laguntza

• Management Buy-Out (MBO): Sozietate batean lan egiten duen zuzendaritza-kargu talde batek sozietatea edo sozietatearen zati bat edo aktibo batzuk erosten du/ditu arrisku kapitaleko enpresa baten laguntzarekin, zeinak aldi baterako parte hartuko baitu kapitalean.
• Management Buy-In Management Buy-Out (BIMBO): Sozietate batean lan egiten duen zuzendaritza-karguen talde batek sozietatea erostea eta haren kontrola hartzea, kanpoko bazkideen laguntzarekin.

 
Azken ordukoa!