SPRI Taldeko Lanpar Funtsak aukera eman die Engranajes Grindel enpresa gipuzkoarreko 33 langileri konpainian parte hartzeko

2017ko Maiatza 24,


SPRI Taldearen barruko Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa-AKEKS S.A.k kudeatzen duen Lanpar FCR funtsak 500.000 euroko inbertsioa egin du Engranajes Grindel S.A.L. enpresan parte hartzeko, horrela osatu egin duelarik bertako 33 langilek egin duten 800.000 euro inguruko inbertsioa. Funts hori Eusko Jaurlaritzak eta ASLEk sortu zuten elkarrekin, enpresetako langileek aukera izan zezaten beren konpainietako kapitalean parte hartzeko.

 

Inbertsio horren ostean, langile gehienak enpresako akziodun bihurtu dira eta agerian jarriko dute garatzen ari diren enpresa proiektuarekin daukaten konpromisoa.

 

Engranajes Grindel Elgoibarren dago, 62 langile ditu, eta zehaztapen handiko engranajeak eta ardatz ildaskatuak fabrikatzen ditu serie ertain eta laburretan.

 

Gaur egun, Engranajes Grindel enpresak munduko 15etik gora herrialdetara esportatzen du bere produkzioaren %65. Nazioartean, konfiantzazko hornitzailea da fabrikatzaile eta talde multinazional garrantzitsuenentzat sektore askotan: garabiak eta polipastoak, ibilgailu berezietarako transmisio mekanikoak, nekazaritzarako makinak, bereizgailu eta dekantagailuak, punpak eta konpresoreak, mota guztietako motorrak, robotika eta makina-erreminta.

 

Gorago esan bezala, Eusko Jaurlaritzak eta ASLEk elkarrekin sortu zuten Lanpar Funtsa, enpresetako langileek aukera izan zezaten beren konpainietako kapitalean parte hartzeko. Funtsaren bidez bultzatzen den enpresa-ereduak helburutzat du langileek enpresaren esparru guztietan parte hartzea, eta hartara, erantzukidetasun kultura bat sortzea.

 

Lanpar Funtsa 2014an sortu zen, eta SPRI Taldearen barruko Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa-AKEKS S.A. erakundeak kudeatzen du.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke