Zylk aeronautika sektorean murgildu da

2017ko Otsaila 27,

David Olmos, Zylk enpresaren zuzendari nagusia


Euskal konpainiak analitika aurreratuko soluzioak eskaintzen dizkio ITPri startupak azeleratzeko Bind 4.0 programaren barruan

 

Zylk konpainia bizkaitarra datuen analitika aurreratuan eta big datan espezializatu da azken hiru urteotan, 4.0 Industrian bere soluzio teknologikoak sartzeko asmoz, bereziki energia eta telekomunikazioak bezalako sektoreei begira. Orain, aeronatika sektorean murgildu da ITP konpainiaren eskutik, Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk startupak azeleratzeko bultzatu duten Bind 4.0 programaren barruan bien artean mamitutako lankidetzari jarraiki.

 

Informazio eta komunikazio teknologiak ekoizpen-inguruneetara aplikatzeak sorrarazitako 4.0 Industria deritzon fabrikazio-paradigma berriak IKTen erabilera eta garapena bultzatu ditu. “IKTak giltzarrizkoak dira gure jardunean eta digitalizazioan murgildu eta lehiakorrak izan nahi duten konpainia guztien jardunean”, adierazi du David Olmos Zylk-eko CEOak.

 

Euskal enpresa honek lankidetza estuan dihardu konpainietako ITetako (Information Technology, ingelesezko siglen arabera) datu-zentroekin eta profesionalekin, hauek eskaintzen dituzten produktuei balio erantsia gaineratu eta konpainien jarduerari buruzko patroi prediktiboak eta zuzentzaileak zehaztu ahal izateko.

 

Azken esparru horri dagokio, hain zuzen ere, startupak azeleratzeko Bind 4.0 programaren barruan ITPrekin abiarazi duen lankidetza. Aliantza horri atxikita, Zylk datu-kopuru handien analisia egiten ari da, ITPko industria-prozesuetan mantentze-lan prediktiboak zehaztu eta konpainia honen fabrikazio-kostuetan aurrezki garrantzitsuak lortu ahal izateko.

 

Bind 4.0 programan parte hartzeak industria-sektorearen aurrean aurkezteko aukera eman dio Zylk enpresari, izan ere, orain arte, atariak eta agiriak kudeatzeko tresna laguntzaileak garatzea izan da startuparen jardunaren ardatz nagusia. “Une honetan, ekoizpenean parte hartzen hasiak gara, enpresen funtsezko jardunean alegia. BIND 4.0 programak konpainia horien aurrean aurkezten eta haien balio-katea eta lan-prozesuak ezagutzen lagundu digu”, ziurtatu du Olmosek.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke