Plaketetan aberatsa den plasma, ama zelulak eta 3D inprimaketa medikuntza birsortzailean aurrera egiteko

2015ko Uztaila 30,

Pello Sanchez, KAUko ikertzailea


Medikuntza berealdiko ahalegina egiten ari da, gaixotutako ehunak, organoak eta hezurrak sendatzeko organismoak garatzen dituen prozesu biologikoen inguruko ezagutzan sakondu nahian, kirurgian eta protesien inplanteetan oinarritutako teknika oldakorragoak baztertu eta birsorkuntza naturala sustatzeko asmoz.

Zelulek prozesu biologikoak imitatzen dituzten teknika eta tratamenduak diseinatzeko erabiltzen duten hizkuntza ulertzea da medikuntza birsortzailea deritzon hurbilketa zientifiko honen helburua, pazientea gaixotasuna agertu aurreko egoerara bueltatzeko asmoz.

Gasteizen kokatuta dagoen Kirurgia Atroskopikoko Unitatea (KAU) medikuntza birsortzaileko zenbait proiektutan lan egiten ari da gaur egun traumatologiaren eta lokomozio-aparatuaren arloan, adibidez, plaketetan aberatsa den plasma aplikatuz tendinopatia kronikoetan.

“Honelako patologiei aurre egiteko bide eta terapia berriak bilatzen ahalegintzen ari gara”, ziurtatu du proiektuan lan egiten duen Pello Sánchez ikertzaielak.

Gainera, KAU, kartilago artikularraren degenerazioari aurre egin eta protesiak jartzea atzera dezakeen beste ekimen batean murgilduta dago, plaketetan aberatsa den plasma eta iturri berrietatik sortutako ama zelulen erabilera konbinatzen dituen teknika baten bitartez.

Proiektu honek artrosiaren tratamendua hobetzen lagun dezake, hauxe baita 65 urtetik gorakoen % 70 inguruk pairatzen duen kartilago artikularreko degenerazio-gaixotasunik ohikoena.

“Proiektuaren bitartez, kartilagoaren degenerazioa gelditu eta protesia jartzeko beharra atzeratzea lortu nahi da”, adierazi du Sánchezek.

Bi ekimen hauek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ikerkuntza eta berrikuntza sustatuz enpresa-ehunaren balio erantsia areagotzeko bultzatu duen GAITEK laguntza-programari atxikita daude.

Era berean, KAU 3D inprimaketako teknologiak teknika kirurgikoen hobekuntzan aplikatzeko lan egiten ari da. Hiru dimentsioko inprimaketak kaltetutako organoak era pertsonalizatuan eta doitasun osoz berregitea ahalbidetzen du, eta honek, ebakuntza kirurgia-gelan aurkituko dutena zehatz-mehatz islatzen duen eredu baten gainean planifikatzeko aukera eskaintzen die medikuei.

“Gure ahaleginaren helburua, zelulen hizkuntza hori atzeman eta ulertzea da, gerora pazienteei eta medikuntza orokorrari aplikatu eta belauna, gibela nahiz beste edozein gorputz-zati sendatu ahal izateko”, esan du adituak.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke