Wavegarden: “Nazioartekoak gara, guk ez dugu nazioartekotze planik”

2015ko Urria 06,

Igor Barandiaran, Wavegarden-eko gerenteak


Surfzaleentzako aisia-instalazioen eraikuntzan espezializatu den Wavegarden konpainia gipuzkoarrak nazioartean hedatzen jarraitzen du, Europan, Estatu Batuetan, Australian eta beste hainbat lekutan kontratuak sinatuz.

“Orain, horniketa-kontratuak eta Galesen eraiki beharreko instalazio ireki baterako kontratua ditugu esku artean, eta beste instalazio bat eraikitzen ari gara Estatu Batuetan, datorren urteko udaberrian irekitzeko asmoz”, ziurtatu du Igor Barandiaran Wavegarden-eko gerenteak.

Enpresariak adierazi duenez, konpainiak Europan duen presentzia indartzeaz gain, luze gabe, beren lehenengo proiektua instala lezakete Australian eta Ekialdean.

“Munduko bost kontinenteetan kokatuta dauden 19 proiektutarako aurre-kontratuak sinatuak ditugu dagoeneko”, gaineratu du Barandiaranek, egoera honek “datozen bospasei urteetako lan-karga segurtatzea” ekarriko lukeela ziurtatuz.

Olatu artifizialak dituen aintzira baten inguruan eraikitako aisia-parkeen diseinua, fabrikazio-kontrola, abian jartzea eta mantentze-lanak dira Wavegarden-en jardueraren ardatz nagusiak, itsasoa simulatzeko eta kirol diziplina hau egitea ezinezkoa den natur inguruneetan surfa praktikatzeko aukera eskaintzeko asmoz.

Barandiaranek azaldu duenez, duela 10 urte sortutako Aizarnazabalgo konpainia honek ez du “nazioartekotze estrategia garbirik”, baizik eta “mundua tokiko merkatu bat balitz bezala” jokatzen du.

“Nazioartekotzeaz hitz egiten dugunean, atipiko samarrak gara. Guk ez dugu nazioartekotze estrategiarik, gure merkatua nazioartekoa baita”, adierazi du.

Enpresariak esan duenez, bere konpainiaren bezeroak “Australian, AEBetan, Txinan, Zarautzen, Donostian, Alaskan edo Txilen egon daitezkeen” inbertsiogile pribatuak dira: “Nazioartekoak gara; guk ez dugu nazioartekotze planik”.

Negozio-eredua garatzeko, Wavegarden-ek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak produktu eta enpresa zientifiko eta teknologiko berriak sustatzeko abiarazi dituen bi GAITEK programaren laguntza izan du.

Konpainiari eutsi ahal izateko, “bi GAITEK programaz profitatzeko aukera izan dugu, oso-oso une garrantzitsuetan”, azpimarratu du Barandiaranek.

Wavegarden-ek 2012an eskatu zuen lehendabiziko aldiz programa honen laguntza, konpainia “prototipotik produkturako jauzia” egiten ari zen momentuan, eta bigarren laguntza garapena optimizatzeko fasean iritsi zen.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke