IK4-Ikerlanek 10 milioi euro inbertituko ditu datozen lau urteotan

2016ko Martxoa 22,

Marcelino Caballero, IK4-IKERLAN-en zuzendari nagusia


Europan duen posizionamendua tinkatu nahian, IK4-Ikerlan euskal zentro teknologikoak onartu berri duen plan estrategikoan, 10 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da, datozen lau urteotan enpresako ekipamenduak hobetu eta profesionalen garapena bultzatzeko asmoz.

“Guztira, 10 milioi euro inbertituko ditugu gure azpiegiturak, laborategietako ekipamendua eta IK4-Ikerlan osatzen duten pertsonen garapen profesionala hobetzeko”, ziurtatu du Marcelino Caballero zentroko zuzendari nagusiak.

IK4-Ikerlaneko zuzendariaren hitzetan, egindako gogoetari esker, lehentasunezko ekintza-ildoak identifikatu ahal izan dira, bezeroenganako orientazioa, kasu.

Gainera, plan estrategikoan hiru espezializazio-unitateren araberako berrantolaketa aurreikusi da.

“Horietako lehena elektronika, informatika eta komunikazioetako teknologien unitatea da. Bigarrena energia eta potentziako elektronikaren unitatea da, eta hirugarrena Fabrikazio Aurreratuaren unitatea”, zehaztu du Caballerok.

Esparru horiek finkatzerakoan, zentro teknologikoak Europan egiten diren zaintza-lanei erreparatu die, IK4-Ikerlan partaide duten europar proiektuen bitartez, RIS 3 Euskadiko espezializazio adimenduneko estrategian eta Eusko Jaurlaritzaren 2020ko ZTBP programan ezarritako lehentasunak ere kontuan hartuz.

Zentro teknologikoko zuzendariak dioenez, ondo gogoan hartu dira “IK4-Ikerlanen bezeroen beharrizanak eta zentroaren indarrak”.

Arrasaten finkatutako zentro teknologiko honek langile-kopurua % 20 handitzea aurreikusi du, 300 pertsonako lantaldea osatu arte.

Caballeroren esanetan, Europa “giltzarrizkoa” da zentro teknologikoaren jarduerak garatzeko: “Abangoardiako zaintza estrategikoa egiteko aurkera eskaintzen digu, hainbat partzuergotan parte hartuz edota europar proiektuak lideratuz”.

“Europak ikerketa propioa finantzatzen lagundu digu. 2015ean 2,5 milioi euro atxikitzea lortu dugu, eta 2020rako europar finantzaketako 4 milioi euro lortzea espero dugu”, gaineratu du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke