ES | EU


2017ko Otsaila 10


MET siglek Emakumea, Ekintzailetza eta Teknologia esan nahi dute. Irabazi asmorik gabeko Nazioarteko Komunitate bat da, Emakumeen ekintzailetza sostengarri, arduratsu eta berritzailea garatu nahi duten profesionalez osaturik dagoena. Helburu horrekin, Mentoring saioak (metodologia propio eta berritzailea) egiten dituzte eta Teknologiak baliatzen dituzte, Berrikuntza soziala eta Aniztasuna bultzatzeko. 

Ideia duela 10 urte otu zitzaion gaur egun Washingtonen bizi den euskal emakume bati, Yanire Braña Rubíri. Gaur egun, MET Communityk laguntza eskaintzen du, mentoring eta coaching saioen bidez, eta baita ere prestakuntza, networking saioak eta komunikazioa, babesa ematen dielarik beren proiektuen hasierako fasean proiektu horiek pasioz bizi dituzten Emakume Berritzaileei.

 

Zuen web orrian irakurri dugu komunitateak “mentee” talde dezente handia duela Euskadin: tutoreak, aholkulariak, prestatzaileak… Virginia, zeintzuk dira eta zer egiten dute?

Hala da, bai, “mentee” deitzen diegu Programen bidez laguntza jasotzen duten emakumeei; eurak dira protagonistak. Ekintzaileen inguruan hainbat eragile mugitzen gara, hala nola tutoreak, coach-ak, aholkulari adituak, prestatzaileak, kudeaketa taldeko kideak, e.a. Esan behar da unibertso honetan elkartzen garenok gizon eta emakume profesionalak garela, enpresaren eta negozioen munduan ibilbide kontrastatua dugunak: MET sarean ez dago hierarkiarik, denok dauzkagu rol desberdinak norbere profilaren eta esperientziaren arabera. Hautaketa irizpide batzuk jarraitzen ditugu kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.

Lehen programan hamar proiektu hautatu genituen, eta ixteko zorian daukagun bigarren honetan ere beste hainbeste. Une honetan, III. Programa Euskadin abiarazteko ekitaldia antolatzen ari gara. Martxoaren 23an egingo da Deustuko Unibertsitatean eta hango Negozio Eskola, Deusto Business School -zeinarekin lankidetza-hitzarmen bat baitugu sinatuta-, oso garrantzitsua izan da Euskadin MET proiektu ilusionagarri hau abiarazteko. SPRIko Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendari Aitor Urzelai Inza lagun izan dugu topaketa horietan.

 

Zuen jarduera garrantzitsuetako batzuk dira ekintzailetzarako prestakuntza-tailerrak, topaketa tematikoak, foroak…

Hala da, bai, Komunitateko kideek ekintzailetzarekin lotutako gaiei buruzko hainbat prestakuntza-tailerretan parte har dezakete, beren proaktibotasuna sustatzeko eta ezagutzak zabaltzeko. Gainera, Komunitatea sortzen dugu METworking izeneko topaketen bidez; ekitaldi horiek mentee artekoak, mentee eta tutore artekoak, edo tutore eta Nazioarteko Komunitateko kideen artekoak izan daitezke.

Geure buruari ikusgarritasuna eman eta ekosistema sortzeko, ForoMET sortu dugu, hau da, presentzia dugun herrialdeetan egiten diren komunikazio ekitaldiak. Emakume ekintzaile eta berritzaileei zuzenduta daude, eta X. edizioan gaude jadanik. 2014ko martxoaren 20an egin genuen Deustuko Unibertsitatean, eta ekintzailetzaren munduko 300 lagun etorri ziren. Hedabideei dagokienez, gure mentee-ek eta haiei esleitutako tutoreek Radio Euskadiko Boulevard programan parte hartzen dute hileko lehen astelehenetan.

 

Urbegi Fundazioarekin eta BBKrekin kolaboratuko duzue Bizkaian ekimen interesgarri batean

Beti izan dugu harreman aparta Urbegi Fundazioarekin. Lankidetza-hitzarmen bat dugu sinatuta, zeinari esker elkarrekin lan egiten baitugu ekintzailetzako proiektuei balioa emateko eta mentee-ei beren proiektuak kudeatzen laguntzeko. Harro esan dezakegu gure tutoreetako lau Fundazio horretako kide direla, zeina aitzindari izan baitzen Euskadin ekonomia soziala sartzen.

BBK eta Urbegi Fundazioa elkarrekin ari dira lanean maila lokalean konprometiturik dauden proiektuak sortzeko, hots, proiektu lehiakorrak, solidarioak, eta nazioarteko proiekzioa izateko asmoa dutenak.

 

LISFAB Bizkaia bereziki sortu zen eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza errazteko eta enpresa proiektuak sortzen laguntzeko 

Hori da. Lurralde mailako garapena eta kohesio soziala bultzatzen du eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza ahalbidetzen du, horretarako ekosistema bat sortzen duelarik erakunde, enpresa trakziogile, inbertitzaile, ekintzaile eta ekintzailetzaren munduko beste figura batzuekin.

Proposamen horrek ideiak bultzatzen ditu eta beren hazkundea sustatzen du, aukerak identifikatzen ditu ideiak proiektu bideragarri bihurtu daitezen metodologia kontrastatuen bidez, topaguneak errazten ditu kolaboratzaile izan daitezkeen eragile desberdinekin, aukera ematen du haiekin harremanetan jartzeko eta ideiak egia bihurtzeko… Tresna aitzindaria da enpresa proiektuak kudeatzen, garatzen eta koordinatzen laguntzeko. Elkarreragin guztiak “Emprendimiento 4.0” plataformaren bidez bideratzen dira, Bizkaiko ekosistema kolaboratiboa sustatzeko.

 

Eta programa horren barruan dinamizatzaile-lana egingo duzue…

Bai. MET Communityk, inoren proiektuen kudeatzailea den aldetik, betetzen ditu dinamizatzaile kategorian sartzeko baldintzak. Plataformak sare sozial baten moduan funtzionatzen du, non erronkak proposatu baititzakezu parte-hartzaileak (enpresak, inbertitzaileak, erakundeak, e.a.) erakartzeko.

Aukera ematen du ekintzaile, enpresa eta profesionalen ideiak garatzeko, proiektuak diseinatuz eta bultzatuz eta eskaintzen dituen tresnak aprobetxatuz. Alderdi hori oso erakargarria da METen, erakusleiho bat baita gure komunitateko mentee-entzat eta tutoreentzat, zeintzuek aukera izango baitute beren proiektuei ikusgarritasuna emateko, zertan dautzan azaltzeko, indar-guneak edota premiak erakusteko… Aukera ematen du orobat kontaktu sareak sortzeko; erabiltzaileak posible du Bizkaiko ekintzailetzaren ekosistemara sartu eta bertan posizionatzea edo komunitateko kideen artean modu pribatuan komunikatzea, Intranet bat balitz bezala.

 

100dik gora proiektu-ekintzaile garatu dira bi urtetan, eta 2017an 300 proiektu inguru espero dituzue. Baliteke lan-eredua beste lurralde batzuetara “esportatzea” eta MET komunitatea baliagarri izatea eredu hori aplikatzeko…

Gaur egun Bizkaira bakarrik mugatzen da, baina dagoeneko hainbat urrats eman ditugu, eta espero dugu hazi egingo dela; presentzia dugun herrialdeetara esportatuko dugu, METeko nazioarteko kide guztiak barne har ditzan, eta talentu horri guztiari zabalkundea emateko.

 

+info MET: http://metcommunity.org

 

+info LISFAB: http://www.bbk.eus/bbk-presenta-el-proyecto-lisfab-para-impulsar-proyectos-empresariales-y-empleo-en-bizkaia