ES | EU


2017ko Martxoa 04


Eko-diseinuarekin konprometitutako eta sentsibilizatutako WOOD & NIKA konpainia ingurumenarekiko sostengarria eta ez-kaltegarria den ikuspegian oinarritzen da. “Gure helburua da ekologia eta ekonomia integratzea kontzeptu gisa gure produktuen diseinuan eta sorkuntzan, bide horretatik, onurak lortzeko  enpresarentzat eta gizartearentzat”.

Gaizka Ruiz Ibarguen Tknikara iritsi zen Diseinu eta Altzari-hornikuntzako ikasketetako prestakuntza-praktikak egiteko. Berehala hasi zen gaitasun eta trebetasun berriak hartzen, eta ideia eta kezka berriak ernaldu zitzaizkion, bere enpresa sortzera bultzatu zutenak. Belabaratzen artikulu esklusiboak diseinatzen eta ekoizten dituzte, egokiak direnak edozein ekitalditarako: “inkonformistak gara eta etengabe hobetu beharrez aritzen gara. Prozesu berritzaileak baliatzen ditugu bakoitzak duen onena emateko, eta egiten dugun horri aplikatzeko…”

 

Ikuspegi sostengarri argia, ideiak eta jarduera profesional konprometitua eta eko-diseinuarekin engaiatua.

Ikasle nintzenean (Diseinua eta Altzari-hornikuntza) Eko-diseinua irakatsi ziguten, eta praktikan jarri genuen hainbat proiektutan.

Jarduera bat pentsatu behar izan nuenean, ez nuen zalantzarik izan, eta hauexek dira eko-diseinua tresna gisa erabiltzera eraman ninduten arrazoiak: lehiakortasun abantaila, ingurumen arloko marketina, gainerakoengandik bereizteko aukera, balio erantsia eta, besteak beste, kostu murritzagoak. Baina, oroz gain, ingurumen inpaktua gutxitzeko aukera produktuaren edo zerbitzuaren bizi-zikloko etapa guztietan.

Gure helburua da ekologia eta ekonomia kontzeptu gisa integratzea gure produktuen diseinuan eta sorkuntzan, bide horretatik, onurak lortzeko enpresarentzat eta gizartearentzat.

Hauek dira Eko-diseinuaren 4 ezaugarri garrantzitsuenak:
A. Ingurumen irizpideak optimoki txertatzea sortzeko unean, erabiltzean eta botatzean.

  1. Desmuntatze-prozedura egokia edukitzea.
  2. Egokia izatea berreskuratzeko, hala behar izanez gero.
  3. Egokia izatea suntsitzeko.

Produktua garatzean, kontuan hartzen ditugu eko-diseinuaren urrezko 10 arauak: toxikotasuna, barne-kudeaketa, egitura, kontsumoa bizitza baliagarrian zehar, bezeroarentzako zerbitzua, bizitza luzeko produktuak, materialak eta akaberak, identifikazioa, higiene materiala eta batuneak.

 

Filosofia horri jarraiki, Tknika-Belabaratz zentroan instalatu zara, eta WOOD & NIKA jarri duzu martxan

2014ko otsailean Marijose Barriolak proposatu zidan TKNIKA Berrikuntza Zentroko Diseinu eta Altzari-hornikuntzako Zikloaren praktikak egitea, eta ondo aztertu ondoren, erabaki nuen proposamena onartzea. Nire zeregina izan zen ikaskuntza aktibo kolaboratiborako espazio/ikasgela berrien azterketa, diagnostikoa eta diseinua egitea. Praktikaldia amaitzean, aukera eman zidaten gela pilotu batean parte hartzeko, ikaskuntza aktibo kolaboratiborako espazio/ikasgela bat (ETHAZI Gela) aztertu, diseinatu eta exekutatzeko.

Beka bat eman zidaten, eta 2015eko martxoan, obrak egiten ari ginen bitartean (ETHAZI Gela), beste proposamen bat egin zidan Marijosek, TKNIKAko Zuraren Arloko arduradunak: Speedy 100 gailua erabiltzen ikastea. Hala, batera egin nituen beka eta laser makinaren inguruko ikasketak. Beka bukatutakoan, TKINKA zentroak zurezko produktu berrien diseinu eta fabrikazio proiektuan parte hartzeko proposamena egin zidan. Eta horretarako, neure enpresa sortu beharra neukan.

 

Ausarta izan zinen! Eta enpresa martxan jartzera animatu zinen…

Hasieran, beldurtu egin nintzen, baina, hotzean pentsatuta, eta aldeko eta kontrako faktoreak baloratuta, ikusi nuen gehiago zirela alderdi baikorrak ezkorrak baino; eta inkonformista naizenez, asko gustatzen zaizkit erronkak. Ideiak asko motibatu ninduen, ikaragarria iruditzen zaidalako neure produktuak diseinatu eta garatzea. Arotza dut anaia, beraz, banuen laguntza zura lantzeko orduan. Funtsean, dena neukan alde, beraz, erabaki nuen bideari ilusioz ekitea eta lan asko egitea.

Egia esan behar badut, miresgarria da zenbat lagundu didaten Tknika zentroak eta Urratsbat programak; laguntza hori gabe ez nintzatekeen egongo egoera pribilegiatu honetan, irabaziak lortzeaz gain, gauza berritzaile eta sortzaileak egin baititzaket.

Tkinka zentroak aukera ematen dit instalazioak eta ekipoak erabiltzeko; showroom gisa ere erabil dezaket, izan ere, zenbait astetan egunero jasotzen ditugu bisitak, eta espazio hori oso egokia da egiten dudana ezagutzera emateko. Urratsbat programak aholkularitza-zerbitzu integrala ematen du enpresa sortzeko prozesuan egin behar den lana garatzeko, ekipamendua eta espazioak erabiltzeko…

 

Tknika Belabaratz espazioan sinergia interesgarriak sortzen dira…

Hala da, bai, Tkinka–Belabaratz zentroan sinergiak sortu dira Ikuspe, Domotec eta Nimphalur enpresekin.

Ikuspe: egin nuen lehen katalogoa diseinatu zidaten. Gero beste proiekturen batean ere kolaboratu izan dugu, eta gaur egun, nire web orria garatzen ari gara produktuen onlineko salmenta martxan jartzeko (woodandnika.com).

Domotek: 3D inprimagailuentzako karkasa bat garatu eta produzitu nuen, eta beste lan bat ere egin nuen 3Dko inprimaketa zurarekin uztartuz Cluster Habic-en ekitaldi baterako gonbidapenetan.

Nimphalur: Belarritako prototipo batzuk garatzen ari gara, zurezko egiturarekin eta nukleoan tximeleta hegal batekin…

 

Bestelako laguntzarik jaso duzue ekimenarekin aurrera egiteko?

Tknika zentroak aukera ematen dit bere instalazio eta ekipoak erabiltzeko, eta lehen esan bezala, hori funtsezkoa da nire lanerako.

Urratsbat programak aholkularitza-zerbitzu integrala ematen du enpresa sortzeko prozesuan egin behar den lana garatzeko. Ekipamendua eta espazioak erabiltzeko aukera ere ematen du…
Urratsbat programaren bidez “la Caixa” Fundazioaren laguntza ekonomiko txiki bat ere jaso dut.

Eta Lanbidek ere laguntza bat eman dit enpresa sendotzeko, zeinari esker proiektua taxutuko baitut.

 

Alde batetik, produktu propioak diseinatzen eta sortzen dituzue

Bai, geure produktuak diseinatzen eta sortzen ditugu. Batzuetan, bezeroek eskatzen digute buruan darabiltzaten prototipoak edo ideiak garatzeko.

Lan karga gutxi dagoen sasoian, berriz, produktu berriak diseinatzen eta sortzen ditugu. Material eta akabera berriak probatu, e.a.

Hauxe da gure leloa: “Zaila dena lortu daiteke, eta ezinezkoa dena lortzeko, ahalegina egin behar da…”

 

Baina hirugarrenentzako produktuak garatzea da zuen indar-gunea. Nolako bezeroak dituzue, eta nola egiten duzue lan eurekin?

Hauek dira funtsean, gure bezeroak: argazki laborategiak, lanbide heziketako zentroak, teknologi zentroak, elkarteak, zurgintzako enpresak, aroztegiak, jatetxeak, ikastetxeak, enpresak oro har, eta zehazki, diseinu grafikoko enpresak, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, e.a. Baita ere gure sorkuntzak atsegin dituzten pertsona partikularrak.

Bezeroaren premietatik abiatuta, ikuspuntu desberdinak eztabaidatzen ditugu, eta estrategiak planteatzen. Lehentasuna ematen diegu lehenengo “zergatik” eta gero “nola” galderei, eta artikulu esklusiboak sortzen ditugu, egokiak direnak edozein ekitalditarako. “Emaitza desberdinak nahi badituzu, ezin duzu beti berdina egin”: inkonformistak gara eta etengabe hobetu beharrean aritzen gara. Prozesu berritzaileak baliatzen ditugu bakoitzak duen onena emateko, eta egiten dugun horri aplikatzeko.

 

Zuen lanak konta ezin ahala aplikazio dauzka; seguruenik, horietako askok etorkizun ona izango dute. 

Gaur egun, gutxi dira eskatu dizkiguten eta egin ez ditugun lanak. Hasieran egin genuen lanetako bat txori forma zuen heldulekudun aterki bat izan zen (Mary Poppins-ena bezalakoa)… Gero beste prototipo bat egin genuen, USB zurezko txupete bat; proba eta akats ugariren ondoren, kalitatezko produktu bat lortu genuen, bezeroari izugarri gustatu zitzaiona, eta dagoeneko ehunka batzuk egin ditugu.

Sari, Garaikur eta Oroigarriei dagokienez ere izan dugu eskaera handiren bat, zehazki, Munduko Txapelketa baterako zurezko dominak egin genituen.

Bitxi dezente ere egin ditugu, belarritakoak eta lepokoak nagusiki.

Seinaletika, kartelak, jolas didaktikoak, pertxak, sinadura liburuak, erregelak…

Lehendik eginiko produktuak ere pertsonalizatzen ditugu: merchandising ekologikoa, boligrafoak, arkatzak, koadernoak, arkatz-potoak, giltzatakoak, sukalderako zurezko tresnak…

Orain argiztapenaren mundua aztertu nahi dugu: sabaiko lanparak, mahaikoak… eta elektronikarekin eta domotikarekin uztartu nahi dugu hori dena. Dagoeneko hainbat produktu garatu ditugu, eta probatzen ari gara.

Halaber, web espazio bat diseinatzen gabiltza produktuak online saltzeko: bitxiak, dekorazioa (argazki grabatuak, banbuzko bozgorailuak, pitxarrak, lanparak, USBak, e.a.).
Hori guztia, laster, www.Woodandnika.com web orrian egongo da.

Gure lanaren zati bat ikusgai dago orain www.woodnika.blogspot.com atarian.