ES | EU


2017ko Otsaila 25


Enerbasque-n bazkide sustatzaileak motorraren mundutik datoz. Lehenik, Guascor I+D-n topo egin zuten, motorren dibisioko ikerketa eta garapen unitatean, “nahiz eta taldeko hainbat dibisiotatik igaro ginen, horietako batzuk motorraren munduari lotuak eta beste batzuk energia berriztagarrien ildo desberdinekin zerikusia dutenak…”, dio Miguel Ángelek.

Sektorean bildutako 10 urteko esperientzia zabalak bide eman zien sakonago aztertzeko nola aprobetxatu xahutzen dugun energia:  “Jakin behar dugu industriaren sektoreak lehen mailako energiaren %56 inguru kontsumitzen duela eta energia horren %50 alferrik galtzen dela tximinietan, hozte-sistemetan barreiatzen dela, erradiazio bidez xahutzen dela, eta abar”.

Enerbasque sortu zen, hain zuzen,  “konponbide bat bilatzeko arazo horri, hau da, alferrik galdutako energia kopuru izugarri handi horren zati bat berreskuratzeko garapen propio baten bidez”.

 

Proiektua abiatu eta gauzatzeko jaso duzuen laguntza guztia ongietorria izango zen segurutik.

Gu saiatu ginen gure proiektua krisialdi erdian gauzatzen eta modu tradizionalean, hau da, Enpresa Plan bat besapean eta genituen kontaktu guztiak baliaturik. Baina aldi kritiko horren erdian, eta kontuan harturik filosofia produktiboko enpresa proiektu batez ari garela, aitortu behar dugu ez ginatekeela honaino sekula iritsiko, ez bagenu lortu Eusko Jaurlaritzaren oinarri teknologikoko enpresen sorkuntzarako NET´s programaren laguntza… Programa hori funtsezkoa izan zen lana abian jartzeko; egia da gero osagarrizko laguntza batzuk jaso ditugula garapen espezifikoetarako, baina lehenengo bultzada hura ezinbestekoa izan zen.

 

Harrezkero hainbat urtetako esperientzia bildu duzue eta berari esker berrikuntza energetikoa zuen nortasun-ezaugarri bihurtu da. Gaur egun, zein arlotan oinarritzen da Enerbasque-ren know-how-a?

Xede nagusia da energia termikoa berreskuratzea eta ahalik eta modu eraginkorrenean baloratzea. Batzuetan geure teknologia erabiltzen dugu, baina bestetan teknologia egokiena aukeratzen dugu prozesuaren onerako. Gertatzen denean prozesuaren zati batean energia termikoaren soberakina dagoela, eta beste zati batean, aldiz, energia horren eskabidea, gauza eraginkorrena izaten da zuzeneko trukada bat egitea; baina maiz gertatzen da soberakina eskaera baino askoz handiagoa izatea edo prozesuak energia termikorik ez eskatzea.

Kasu bietan ezinbestekoa da sakonago aztertzea produkzio-prozesua balizko zuzeneko nahiz zeharkako aplikazioak identifikatzeko. Adibidez, gure teknologiaren bitartez posible dugu energia termikoa berreskuratzea energia hori energia elektriko bihurtzeko, baina batzuetan eraginkorragoa izaten da aire konprimitua sortzea edo, besterik gabe, energia mekanikoa ekoiztea ponpaketa prozesu baterako.

Beste batzuetan, “oxierreketa” prozesu bateko energia termikoa berreskuratzen dugu, beharrezko lurruna sortzeko labea elikatzen duen gas naturala GBA (Gutxieneko Bero Ahalmen) handiagoko gas bihurtzeko eta, bide horretatik, prozesuaren errendimendua %20tik gora hobetzeko; gainera, batzuetan, energia termikoaren soberakin hori inguruko instalazioentzako hotza sortzeko erabiltzen da.

Horrekin guztiarekin gure know-how-a, nahiz eta aprobetxamendu termikoan oinarritua egon, behartuta dago etengabe bilatzera guretzat eraginkorrena den konponbidea. Batzuetan konponbide horiek garapen bat eskatzen dute, eta halakoetan, bezeroak arriskuren bat hartzen duenez, bera ere I+G-ko laguntzen onuradun izaten da.

 

Zuen web-gunean diozuenez, hauek dira zuen intereseko arloak: ORC ekipoen garapena , Eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarrien integrazioa

Esan dugun bezala, ENERBASQUE-ren filosofia industriala da. Gure helburua da merkatuko ekipo eraginkorrenak sortzea gure tenperatura-tarte eta -potentzietan, beti ere prezioa eta fidagarritasuna uztartuz. Eta horretarako sortu dugun teknologia, “Heat Recovery Units” (HRU), Rankine Organikoa deritzon zikloan oinarritzen da. Rankine Organikoa lurrunezko ziklo baten antzekoa da, baina kasu honetan fluxu organiko batekin lan egiten dugu, aukera dugularik energia-konbertsioa lortzeko 85ºC-tik hasi eta ia edozein tenperaturaino (konplexutasun eta eskakizun handiagoekin).

Hori guztia bat dator eraginkortasun energetikoarekin, zeren gure HRU produktua printzipio horretan oinarritzen baita. Baina jakiteko gure produktua ongi egokitzen zaion bezeroaren instalazioari, ezinbestekoa da ikerketa bat egitea (auditoretza energetiko bat), horrela erabakiko baitugu gure teknologia ote den egokiena kasu horretarako, eta baldin ez bada gomendio bat egingo diogu bezeroari. Eta bezeroak nahi badu, egin diezaiokegu baita ere ikerketa bat, proiektu bat, ingeniaritza-lan bat…

Arrazoi beragatik interesatzen zaigu energia berriztagarrien integrazioa. Gure aplikazio batzuk (geotermikoa, eguzkitiko energia termikoa, biomasa) berriztagarriak dira, eta biomasan eta energia geotermikoan oinarritutako gure aplikazioak dira energia-iturri berriztagarri aurreikusgarri apurrenetakoak. Horregatik osagarri ideala dira energia berriztagarri ez aurreikusgarrietan oinarritutako instalazioetarako, “sareko hutsuneak” betetzen dituztelako.

 

Zuen lanak aplikazio ugari eta era askotakoak ditu. Orobat eskaintzen dituzue ekipo espezifikoak eta neurrira eginak

Uste dut industria arloko enpresa guztiek nahiko luketela izatea produktu-sorta bat ez sobera zabala, merkatuan ezaguna, eta ordezko pieza komun eta optimizatuak dituena produktu-sorta horrentzat. Halere, gure kasuan oso gutxitan izaten da horrela (salbu beharbada talde elektrogenoaren aplikazioaren kasuan, zeinetan bero-fokua 85-95ºCtan egoten baita), bezero bakoitzaren baldintzak bere prozesuaren araberakoak direlako (bero-fokuaren tenperatura, zonalde geografikoaren baldintza metereologikoak, sarearekiko interkonexiorako baldintzak, eta abar), eta horregatik azkenean ekipo asko pertsonalizatu behar izaten ditugu. Eta behin pertsonalizatzen hasiz gero, potentzia ere pertsonalizatzen dugu, bezeroaren premiei ahalik eta gehien egokitzeko.

 

Eboluzio bizian dagoen sektorea, baina zailtasun handiak dituena Estatuan.

Gure aplikazio zenbait energia berriztagarrietan oinarritzen dira, eta energia horiek zartako galanta hartu zuten (eta gero izoztuta geratu ziren) X. legegintzaldiko lehenengo lege dekretuarekin (2012ko urtarrila), zeinetatik heldu ziren gero sektore elektrikoaren Erreforma Legea, 2013ko abenduan onartu zena, Errege Dekretu hori garatu zuen Ministerio Agindua eta Errege Dekretua, zeinak tarifa berriak ezarri zituen (2014ko ekainean) legea onartu zeneko momenturako atzeraeraginkortasuna aplikatuz.

Aldi berean, 2013ko uztailean zirriborro bat filtratu zen, autokontsumorako energia elektrikoaren hornidura eta ekoizpena arautzen zuena. Zunda-globo bat izan zen, beldurra sartzeko energia propioa ekoitzi nahi duen orori eta, bistan denez, inbertsioak uxatu zituena sektore horretatik. Logika ororen, eraginkortasun printzipioaren eta Europako zenbait zuzentarauren kontra onartu zen urriaren 9an 900/2015 Errege Dekretua, autokontsumoa arautzen duena (urriaren 25ean bukatu zen X. legegintzaldia) eta “eguzkiaren zerga” goitizenez ezagutzen dena. Guri dagokigunez, 10 kWtik gorako edozein industria-instalaziok (hau da, ia gehienak), botatzen duen energia termikoa aprobetxatu nahi badu, eta ikusten badu horretarako modu onena dela elektrizitate bezala aprobetxatzea gure ekipoen bidez, itsuan egin behar du salto, zeren oraindik ez baitago argi zenbat ordaindu beharko duen erregaia atzerritik ekartzen duen herrialde batean erregaia aurreztu eta CO2 tona batzuk murriztu nahi izateagatik, tokiko ehunaren berrikuntza sustatzeagatik… eta horri inbertsioaren kostua gehitu behar zaio. Berdin gertatzen zaio eguzki energia fotovoltaikoa duen pabiloi batean azalera lau bat aprobetxatu nahi duenari, edo hondakin organikoetatik abiatuta biogasa ekoitzi nahi duenari, edo jauzi hidrauliko txiki bat aprobetxatu nahi duenari.

 

Eta zailtasunei aurre egiteko, beste kontinente batera jo duzue aukera bila.

Harik eta erantzukizun politikoak eskatzen diren arte “energia berriztagarrien geldialdiagatiko” erabakizun dauden kausengatik (30etik gora)…

Harik eta jakin arte zertan geratzen diren Europar Batasunaren “errietak” EBko Zuzentarauen kontra egiteagatik…

Harik eta marko juridikoak halako sinesgarritasun bat berriz lortu arte…

Harik eta enpresa energetiko handiek ez dioten uzten politikako dinosaurioen aterpe izateari (suposatzen dut zerbaiten truke izango dela), esparrua ez da aldatuko.

Gurea bezalako enpresak derrigortuta daude kanpora irtetera. Gure kasuan sektore espezifiko batzuk bilatzeko, aukera emango digutenak ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko ahalik eta ahalegin komertzial txikienarekin. Aztertu beharra dago beti jomuga-herrialdeen testuinguru energetikoa, ez bakarrik ikusteko egokiak ote diren gure produktua euren merkatuan sartzeko, baina baita ere ikusteko zeintzuk diren herrialde bakoitzaren hazkunde aurreikuspenak, politika energetikoak, transbertsalitatea, egonkortasun sozioekonomikoa… Horregatik erabaki dugu fronteak irekitzea Latinoamerikan eta Ekialde Ertainean.

Horrek ez du esan nahi halere ez dugunik lan egingo sektore elektrikotik kanpo dauden aplikazioetan. Hor dugu esaterako ekoizpen elektrikoa itsasontzietan edo, sare elektrikotik kanpo, energia mekanikoaren ekoizpena (ponpaketa sistemak). Halaber uste dugu ibilbide luzeagoa izan dezakeela energia termikoaren soberakinetik ekoitzitako aire konprimituak.

Badakigu egungo kontsumo-ereduaren pean baliabide energetikoak mugatuak direla eta, beraz, gero eta garestiagoa izango dela energia sortzea baliabide horiek agortu ahala. Horrek argi erakusten digu energia berriztagarrien aldeko eredu baterantz jo behar dugula. Aldaketa prozesu horretan, eraginkortasunean inbertitu beharko da, energia ez berriztagarriaren bizia luzatu nahi bada. Horregatik seguru gaude bide onetik goazela, nahiz eta abagune politiko-ekonomikoa ez egon gure alde.

 

 

+info: www.enerbasque.com