ES | EU


2017ko Urtarrila 28


Jokoaren hasierako ideia Diego Hernandoren -sortzaileetako bat- familian sortu zen; betiko “txapa-jokoaren” aldaera bat asmatu zuten dadoekin jokatzeko, eta horixe da Cycling Party jokoaren oinarria.  

“Duela 15 urte baino gehiago erakutsi zigun Diegok koadrilako lagunoi familiako joko hori” azaldu du Leandro Pérezek. “Beti gustatu izan zaizkigu kirolak eta mahai-jokoak, eta hala urtetan jokatu, moldatu eta hobetu izan dugu, gaur egun Cycling Party dena lortu arte”.


Cycling Party
jokoan zaletasun bi uztartu dituzue: kirola eta jokoaz gozatzeko aukera

Aspalditik geneukan Cycling Party merkaturatzeko asmoa, probatzen zuten guztiak jokoarekin txoraturik geratzen zirelako; ni neu (Leandro) ingeniari informatikoa naiz, eta nire karrera amaierako proiektuan kudeaketa software bat garatu nuen jokoaren master bertsioa arindu eta osatzeko. “Master bertsioa” jokoaren aldaera konplexuena da; beste bi bertsioetarako ez da softwarerik behar, eta mahai-joko sinple eta familiar bat da.

Baina garai hartan azaleratu ziren dopping kasu latzenak, eta txirrindularitzak erakargarritasuna galdu zuen. Gainera, ez genuen ikusten produktuak Estatuan irteera ona izan zezakeenik. Handik urte batzuetara, britainiarrek irabazi zituzten, historian lehen aldiz, errepideko txirrindularitza txapelketa handiak, eta diziplina hau garrantzia hartzen hasi zen berriro; horregatik berriro aztertu genuen jokoa merkaturatzeko aukera, jomuga publikoa Erresuma Batuan zentratuz.

 

2014aren amaieran Snake Eyes Games sortu zen, Cycling Party jokoaren produkzio eta banaketa enpresa 

Erresuma Batuko jomuga publikoan zentratu nahian, BIC Arabara jo nuen, 10 kiloko zurezko prototipo bat besapean, eta ekintzailetzari buruz ikasteko asmoarekin. Han aholkatu ninduten mundu honetako gaien inguruan, eta gonbit egin ziguten Yuzz eta Ekintzaile programetan parte hartzeko.

 

BIC Araba, Yuzz, Arabako Foru Aldundia, SPRI eta Ekintzaile programa, taldekide onak dira pedalei eragiteko…

Euren ezagutzei eta ekarpen ekonomikoei esker, urte bete-betea izan genuen, eta benetako negozio-proiektu egingarri bat eraiki genuen. Sasoi horretan sortu genituen gure lehen prototipo profesionalak, eta hainbat azokatan parte hartu genuen, bai kirol sektorekoetan, eta bai mahai-jokoen arlokoetan. Aipatu nahiko nuke UK Games Expo ekitaldira joan ginela, Birminghamera, Erresuma Batuko mahai-jokoen azoka garrantzitsuenera. Bi urte geroago, horrelako ekitaldietan banatzen diren sarietako bat irabazi genuen; kalitatezko web orri bat sortu genuen, hainbat hobekuntza egin genituen, eta batez ere –nire ustez, funtsean, horixe da garrantzitsuena-, gure produktua izan nahi zuten pertsonen 500dik gora mail jaso genituen gorabehera horien guztien erdian.

  

Euskal erakundeen babesa duzue, eta Crowdfunding-a erabiltzen duzue proiektua finantzatzeko 

Beti eman izan diogu garrantzi handia mailak jasotzeari, hasieratik pentsatuta baikeneukan crowdfunding-a erabiltzea Cycling Partyrako dirua lortzeko. Funtsezkoa izan zen kanpaina sortu genuenean, eta mailing bat egin genuen lehendik geneuzkan kontaktu guztiekin, baliabideak eskatzeko.

Kanpainak sekulako arrakasta izan zuen; 26.000 dolarretik gora bildu genituen, eta 400 unitate baino gehiago saldu. Horrela fabrikatu genuen Cycling Party jokoaren lehen edizioa, eta horrela sortu zen Snake Eyes Games SC, jokoaren banatzailea.

Hasieran, BIC Araba zentroan kokatu ginen, dohainik geneukalako bulego bat Yuzz programako finalista izateagatik. Baina bulegoak gehiago zirudien biltegi bat, une hartan stock handia geneukalako. Hantxe egon ginen bi urte pasatuxe.

 

Nola eboluzionatu zenuten gero?

Crowdfunding-a egin eta hurrengo bi urteetan alde batera utzi genuen enpresa/produktu sorkuntza, eta jokoaren salmentan eta banaketan zentratu ginen anaia Antoniorekin batera. Denbora horretan kanal asko baliatu ditugu salmentarako: geure weba, Amazon, eBay, mahai-joko eta txirrindularitza dendak eta beren webak, e.a. Gainera, akordio bat lortu genuen Erresuma Batuko mahai-joko banatzaile garrantzitsuenetako batekin, eta orain hark banatzen du jokoa Erresuma Batuan. Horixe egin genuen 2016ko udazkenera arte, eta orduan stock gabe gelditu ginen.

 

Lehen esperientziaren emaitzak baloratu ostean, bigarren edizioa merkaturatu nahiko duzue… Nola ekingo diozue erronka berri horri?

Badugu jokoaren bigarren edizioa bermeekin egiteko adinako eskaera, baina uste dugu produktuak eta proiektuak merezi dutela kalitatezko jauzi bat. Produkzio handiagoa egin nahi dugu, eta zabalkunde handiagoa lortu hedabideetan. Horregatik, babesle bila gabiltza une honetan, edo/eta bolumen handiagoa duen editorialen bila, produktuaren ustiapen eskubideak saltzeko.

 

Info +: http://www.cyclingparty.com