ES | EU


2017ko Otsaila 19


Kudeaketa Informatikako ingeniaritza teknikoa ikasi zuen UPV/EHUren Gasteizko fakultatean eta handik Donostiara joan zen ingeniaritza informatikoa egitera. Ondoren, beka batekin, Edinburgora joan zen, han urtebetez lan egitera. Gero Gipuzkoako hiriburura itzuli zen, UPV/EHUko Onekin ikerketa-taldeak kontrataturik, “eta gaur egun ere oso harreman ona dut haiekin, bai eta nire tesia zuzendu zuen Oscar Díaz katedradunarekin”. 

5 urtez ikertu zuen ingurune korporatiboetako ezagutzaren kudeaketa (wiki korporatiboak) eta 2013ko otsailean amaitu zuen “Improving Creation, Maintenance and Contribution in Wikis with Domain Specific Languages” izeneko tesia, zeinak Cum Laude izendapenaz gain, Doktoretza Tesi Onenaren SISTEDES saria (Sociedad de Ingeniería de Software y Tecnologías de Desarrollo de Software) jaso baitzuen. Une horretatik aurrera, ekintzailetzan murgildu zen Gasteizen, eta bere ekimena arrakastatsuki hazi zen; honela kontatu digu Gorka Puentek berak:

 

Zure proiektu ekintzailea 2013an hasi zen, YUZZ programako parte-hartzaile gisa.

Tesia amaitu nuenean jakin nahi nuen aplikatu ote zitekeen benetako ingurune korporatiboetan. Merkatua ikertzen hasi nintzen, enpresekin harremanetan jartzen eta ikusten zein urrats eman behar nituen nire hipotesiak baliozkotzeko. Ez nuenez ez prestakuntzarik ez esperientziarik benetako enpresa inguruneetan, ekintzaileentzako Yuzz programan eman nuen izena.

Han garatu nuen enpresa-plana, eta han erabaki nuen zein merkatutara zuzenduko nintzen: Atlassian tresna ekosistemara. Gainera, Arabako edizioa irabazi nuen urte hartan. BIC Araba erakundeak (lehen CEIA zenak) eman zuen sarietako bat: urtebeterako bulego bat Miñaoko instalazioetan, alokairurik ordaindu gabe. Eta horixe izan zen nire proiektuari hasiera emateko giltzarrietako bat.

 

Handik urtebetera Keinoby sortu zenuen eta gero “YOIKEE” izeneko lehen produktua merkaturatu zenuen.

Bai, Keinoby 2014ko urtarrilean sortu zen. Lanaldi partzialean lan egiten nuen, eta beste bi lagun ere aritzen ziren, horiek ere lanaldi partzialean, lan hori beste batzuekin bateratuz. Orduan merkaturatu genuen Yoikee Creator, neurri batean nire tesiko ideietan eta baita ere Comala Share It izeneko produktu batean oinarritua. Neurrira eskatutako garapenen bat ere egin genuen, hasieran gure produktuak oso gutxi saltzen baitziren.

 

Une horretatik aurrera, munduan zehar bidaiatu duzu zure jarduera, ideiak eta proiektuak sustatzeko.

2014a oso urte lanpetua izan zen; mundu osoko hitzaldi eta azoka askotara joan nintzen (Estatu Batuak, Alemania, Frantzia, Japonia…) balizko bazkideak ezagutzeko, eta, batez ere, gure produktuak salduko zituzten enpresekin harremanetan jartzeko. Kontua da ezin nuela dena egin: produktuak diseinatu, garatu, saldu, marketina egin, euskarria eman eta enpresa kudeatu. Horregatik, urtearen amaieran Juan Arias sartu zen gure taldean, lanaldi osoan. Eta beste bi lagunek proiektua utzi zuten, ezin baitzuten aldi berean lan egin proiektu honetan eta beren lanpostuetan.

 

Bidaia horietako batean ezagutu zenituen zure enpresaren norabidea aldatuko zuten pertsonak.

Bidaia horietan jende asko ezagutu nuen, eta haietako biri zor zaie gure gaur egungo egoera. David Bonilla da bat; San Frantziskoko azoka batean ezagutu nuen, eta Atlassian-entzat ziharduen orduan, guk erabiltzen genuen ekosistemaren enpresan (eta azoka hura antolatu zuena). Davidek aurkeztu zidan Roberto Domínguez, egoitza Vancouverren duen Comalatech enpresa kanadarra sortu zuen mexikarra. Robertok izugarri erakutsi zidan Atlassian ekosistemari buruz, eta azokaz azoka, harremana egin genuen.

2014ko azaroan, enpresa batek eskaintza egin zigun Keinoby erosteko. Kasualitatez, Roberto Bartzelonan zegoen orduan, eta hari aholku eskatzera joan nintzen. Berarekin hitz egin ondoren, ideiak argitu beharrean, beste eskaintza batekin itzuli nintzen Gasteizera. Negoziatu eta gero, 2015eko otsailean Juan eta ni, eta gure produktuak, Comalatech enpresan sartu ginen. Bi urte geroago, 2017ko otsailean, David Bonilla sartu da gure taldean, zuzendari nagusi (CEO) gisa. Argi dago bidaia haiek merezi izan zutela.

 

Eta hazi ere egin zarete; produktu, zerbitzu eta langile gehiago dituzue. Funtsean, zuen konponbideen garapena hemen kudeatzen da oraindik.

Comalatech-en sartu ginenean 7 lagun ginen, orain 18 gara. Aurtengoa urte garrantzitsua izango da, aukera emango baitigu oinarri on bat egiteko eta hurrengo urteetan hazten jarraitzeko, bai produktuetan, bai langileetan.

Badaukagu gauza bat ona, denok urrunetik egiten dugula lan, eta beraz, ez dugula bulego zentralik. Nire kasuan, Pablo izeneko lankide batek eta nik Miñaoko bulego batetik lan egiten dugu, baina biok Gasteizen bizi garelako. Hala ere, garapen taldeak Espainian daude batez ere: Donostian, Bilbon, Santanderren, Madrilen, Gasteizen eta Bartzelonan. Badago salbuespenen bat, Estonian bizi den lankidea adibidez, edo Australian daukagun teknologia burua. Negozioaren garapen, euskarri eta marketin arloak, berriz, Kanadan daude.

Urrunetik lan egiten dugu, bai, baina urtean hainbat aldiz elkartzen gara, ekitaldi edo konferentziaren batean. Otsailean Vancouverren bildu ginen, eta maiatzean Bartzelonan elkartuko gara. Funtsezkoa da aurrez aurre elkar ikustea eta hitz egitea talde gisa hazteko.

 

Nolako eragina izan du euskal erakundeen laguntzak enpresaren sorkuntzan eta hazkundean?

Horrelako proiektu bat hasteko laguntzak oinarrizkoak dira, funtsezkoak. Nire kasuan, laguntza jaso dut SPRItik, Arabako Foru Aldunditik, Gasteizko Udaletik eta BIC zentrotik (lehen CEIA zena). Bakoitzak bere ekarpena egiten du, batak finantzaketa ekonomikoa, beste batek prestakuntza eta beste batzuek bekak eskatzeko laguntza eta babesa. Hitz onak baino ez dauzkat erakunde horientzat, uste dut zorionekoak garela Euskadin egoteagatik.

Bada aipatu beharreko beste alderdi bat, familiaren babesa, ez baita horri buruz asko hitz egiten. Babes morala eta ekonomikoa ematen digute. Egoerari eutsi behar izaten diote, eta askotan ez da erraza izaten; apustu bat egiten duzu, zure denbora (ordu eta egun guztiak gutxi dira) eta dirua jartzen duzu, baina ez duzu bueltan dirurik jasotzen, are gehiago, daukazun guztia gastatzen duzu. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet gurasoei, babesa eta dirua eman didatelako, eta baita ere nebari eta Esme emazteari. Amonak ere eman zidan dirua, eta oraindik ez du ulertzen zertan egiten dudan lan.

 

Pentsatzen dugu, ekintzaile petoa zaren aldetik, badauzkazula erronka berriak patrikan

Nire erronka bakarra da Comalatech hazi araztea. Bera da erronkarik asko, nola izan beste ardurarik buruan!

 

+info: www.comalatech.com