ES | EU


2015ko Urtarrila 16


AppKideak euskal startup-ak sortu du WIMy, aplikazio mugikor batekin lotutako dispositibo txiki batean oinarritutako sistema bat da, lagungarri zaiguna objektuak begi bistatik ez galtzeko edo galdutakoan albait azkarren aurkitzeko. Maskota edo haur txikiekin ere erabil daiteke. Duela gutxi crowdfunding kanpaina bat jarri dute martxan merkaturatzen hasteko.


WIMy dispositiboak txanpon batek baino tamaina handixeagoa du eta sakelako telefonoari konektatzen zaio Bluetooth 4.0 seinalea erabiliz. Pieza txikiari eman zaion diseinuari esker, erraza da diru-zorroan edo maletan sartzea, ordenagailu eramangarri bati eranstea edo giltzatako gisa erabiltzea, eta lokalizatzaile gisa funtzionatzen du, smartphone-arekin komunikatzen delarik aplikazio mugikor baten bitartez. Hala, poltsa ahaztu bazaigu taberna batean, edo eramangarria urruntzen hasten bada gu ohartu gabe, aplikazioak soinuzko abisu bat igortzen du objektua zein norabidetan dagoen adieraziz.

AppKideak startup bilbotarrak sortutako sistema hau maskotekin ere erabil daiteke, erraza baita WIMy konponbidea lepoko bati eranstea. Halaber, haur txikientzat ere balio dezake, parke, merkataritza-zentro edo bestelako espazio publikoetan galdu ez daitezen. Dispositiboaren teknologiak aukera ematen du baita ere estaldurarik gabeko eremuetan erabiltzeko eta gehienez 50 edo 60 metroko distantzia estali dezake. Gainera, erradio horretan WIMy instalatuta duen jende gehiago badago, bilaketak hainbat metro gehiago irabazten ditu automatikoki.

WIMy sistemaren sortzaileek crowdfunding kanpaina bat ireki berri dute Indiegogo atarian dispositiboa merkaturatzen hasteko. 40 egunetan enpresak aukera emango du merkaturatzen diren lehenengo WIMy dispositiboak aldez aurretik erosteko prezio berezietan, sistema abiarazteko prozesuan laguntzearen truke.

AppKideak enpresa sortu berri bat da, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa duena proiektu berritzaileak garatzeko bere programaren barruan eta baita ere Deustuko Unibertsitatearena eta Eusko Jaurlaritzarena SPRIren bitartez. Lantaldea irabazle izan zen YUZZ ekintzailetza programaren 2014ko edizioan.