Waste4Think ekimenak 20 eko-berrikuntza jarriko ditu martxan

2017ko Otsaila 16,

Portal web del proyecto Waste4Think
Ekimena Horizontea 2020 programaren barnean dago.

Zamudiokoa da lau proiektu pilotuetako bat.

 

DeustoTech zentroak zuzendutako Waste4Think ekimen europarrak helburutzat dauka hondakinen kudeaketa sostengarriagoa sustatzea hirietan, konponbide integral berriak aplikatuz. Proiektu horrek IKTak erabiltzen ditu sortzen den zabor kopurua murrizteko, hiritarren artean ohitura aldaketa eragiteko eta hondakinen kudeaketa-sistemen eraginkortasuna hobetzeko kate osoan zehar.

 

“Praktikan jarri nahi ditugu merkatutik hurbil dauden konponbideak, baina oraindik benetako inguruneetan probatu behar direnak” azaldu du Ainhoa Alonso doktoreak, DeustoTech zentroko Energia Unitateko arduradunak “20 konponbide berritzaile dira eta proposatzen dugu sistema integral gisa erabiltzea hondakinen kudeaketako etapa guztiak hobetzeko”.

 

Proiektu horrek pilotuak jarri ditu martxan Europako lau hiritan -Zamudio, Halandri (Grezia), Cascais (Portugal) eta Seveso (Italia)-, non konponbide desberdinak probatuko baitituzte hiriaren ezaugarrien arabera. Eko-berrikuntza horien artean daude, besteak beste, hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistemak, datuen monitorizazioa eta analisia erabakiak hartzeko, bideojoko serioak ohitura-aldaketa sustatzeko eta hezkuntza-baliabideak. Bi lantegi pilotu ere inplementatuko dira, pixoihalak tratatzeko bata eta hiriko hondakin organikoak berreskuratu eta biomasa egiteko bestea.

 

Zamudioren kasuan, herriko errealitateari erantzuteko konponbideak inplementatuko dira. Herri txikia da, baina industriak presentzia handia du, izan ere hiriko hondakinen %70etik gora industriak sortzen du. Hala, pilotuak bereziki landuko du hondakinen monitorizazioa eta kuantifikazioa, eta martxan jarriko du hondakinak sortzeagatik ordainketa-sistema bat. “Orain ahalegina egiten ari gara hiritarren parte-hartzea lortzeko; elkarrizketak egiten ari gara target group edo jomuga taldeekin, jakiteko zeintzuk diren etxeetako zabor-bereizketa ohiturak eta, beraz, non egin behar den lan” azaldu du Ainhoa Alonsok.

 

Proiektuak hiru urte eta erdiko iraupena du, eta Europar Batasunak finantzatzen du Horizontea 2020 programaren bitartez, 9 milioi euroko zuzkidura duelarik. Waste4Think ekimeneko kide dira, halaber, Aclima – Euskadiko Ingurumen Klusterra, Zamudioko Udala, Virtualtech enpresa teknologikoa eta Zabala aholkularitza, eta baita ere Grezia, Portugal, Italia, Danimarka eta Alemaniako beste 14 bazkide. Proiektua 2016ko ekainean jarri zen martxan, eta aurreikuspenen arabera, urte honen amaieran hasiko dira lehen probak lau hirietan, prototipo errealekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke