Urkullu Lehendakariak euskal enpresen nazioartekotzeak euskadiko ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko duen garrantzia azpimarratu du

2016ko Martxoa 16,

spri_mundura_begira_noticia_spri
Iñigo Urkullu Lehendakaria Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoko ordezkariekin

EUSKAL NAZIOARTEKOTZE PARTZUERGOAK ANTOLATUTAKO “MUNDURA BEGIRA-MIRANDO AL MUNDO” DERITZON LEHEN EKINTZA BATERATUAREN IREKIERA ZUZENDU DU, TAPIA SAILBURUA, HIRU FORU AHALDUNAK ETA HIRU MERKATARITZA-GANBERETAKO PRESIDENTEAK TARTEKO DIRELA.

500 ENPRESA BAINO GEHIAGO BILBON ELKARTU DIRA GAUR EUSKADIK BOST KONTINENTEETAKO MERKATUETAN DITUEN NEGOZIO-AUKERARIK ONENAK AZTERTZEKO

 

  • Topaketa Euskalduna Jauregian egiten ari da, eta bertan, arreta berezia egiten ari zaie Jaurlaritzak lehentasunezkotzat jo dituen bost merkatuei: Estatu Batuak, Mexiko, Txina, Alemania eta Hego Afrika, garapen-bideko herrialdea

 

  • Nazioarteko zazpi aditu ospetsuk euskal enpresentzat interesgarrienak diren merkatuetako joerak, datu makroekonomikoak eta ikuspegiak azalduko dituzte gaur.

 

  • Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Merkataritza Ganberek, ENPren eragileak diren heinean, enpresei zuzendutako nazioartekotze-programa guztiak biltzen dituen katalogo bateratua aurkeztu dute gaur.

 

  • ‘Mundura Begira’ topaketan, enpresei zuzendutako Aholkularitza Esparru esklusibo bat ere antolatu da, 50 herrialde baino gehiagotan espezializatuta dauden SPRIko eragileen parte-hartzeaz eta SPRIren kanpoko sareari atxikitako 15 bulegoen arduradunak tarteko direla, topaketa honetan propio parte hartzeko etorri baitira Euskadira.

 

  • Euskadik multi-lokalizatutako 150 enpresa ditu gaur egun, eta guztien artean 300 ezarpen produktibo baino gehiago dituzte kanpoko merkatuetan.
  •  
     

    Bilbon, 2016ko martxoaren 16an.- Iñigo Urkullu lehendakariak euskal enpresen nazioartekotzeak Euskadiko ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko duen garrantzia azpimarratu du gaur goizean, Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ jardunaldiaren irekieran. Topaketa hau da Euskal Nazioartekotze Partzuergoak (ENP) antolatutako tamaina handiko lehendabiziko ekimena. “Partzuergoaren sorrera gure Nazioartekotze Planaren helburuetako bat izan zen, eta errealitate bihurtu zaigu gaur egun”, adierazi du Urkulluk.

     

    “Euskadik tradizioa eta esperientzia ditu merkatu globalean –esan du lehendakariak-, baina ondo baino hobeto dakigu gehiago egin behar dugula”. Horren haritik, Euskal Autonomia Erkidegoak 20.000 milioi euroko esportazioen kopurua gainditu duela eta haren balantza komertziala BPGaren % 7,5eko balioa lortu duela nabarmendu ondoren, zera esan du: “Herri bezala, gehiago egin nahi dugu; gehiago egin ahal dugu, eta gehiago egin behar dugu; eta hauxe da gaur dagokigun eginbeharra: kanpoko ekintza ekonomikoaren bitartez, Euskadiko ekonomia eta enpleguaren sorrera suspertzen laguntzea”.

     

    Testuinguru honetan, Urkulluk Euskal Nazioartekotze Partzuergoaren (ENP) sorreraren garrantzia nabarmendu du, “euskal ekonomia globalarentzako pizgarria ez ezik, gobernantza-eredu berri bat ezarri baitu, euskal enpresa-ehunaren mesedetan dihardugun zazpi euskal erakundeon partaidetzaz: merkataritza-ganberak, aldundiak eta Jaurlaritza”. Lehendakariaren esanetan, gaur Bilbon egiten ari den jardunaldiak ezin hobeto irudikatzen du “kanpora begira lankidetza eta lan bateratua bultzatzea erabaki dugun zazpi erakundeok espiritua”, eta horren haritik, espresuki eskertu eta aldarrikatu nahi izan du erakunde horietako bakoitzak ekimen bateratu honetan egindako lana.

     

    spri_mundura_begira_internacionalización_2

    Lehendakariak Mundura Begira inauguratu du


     

    Alemania, Txina, Estatu Batuak, Mexiko eta Hego Afrika, tamainaz zein potentzialtasunaz, Euskadiren lehentasunezko kanpo-merkatuak direla adierazi ondoren, Iñigo Urkulluk argi utzi du “barruan ere, indarrak biltzen jarraitu behar dugula, indar publikoak zein pribatuak; hauxe da, hain zuzen ere, gure Herriko proiektu ekonomiko estrategikoei laguntzeko abiarazi dugun Euskal Inbertsio Funtsaren helburua”.

     

    Lehendakariak gogoratu duenez, atzo bertan, Financial Times-ek Eusko Jaurlaritzaren Invest in the Basque Country estrategia saritu zuen Cannesen, Euskadi atzerriko inbertsiorako konektibitate onena duen europar eskualdetzat aldarrikatuz.

     

    Nazioartekotze bokazioa duten 500 enpresak baino gehiagok, euskal erakundeek esportazioari eskaintzen dioten laguntza-azpiegitura osoa tarteko duen ezohiko topaketa batean parte hartuko dute martxoaren 16an, asteazkenez.

     

    Nazioarteko aditu ospetsuak eta kanpoko presentzia duten euskal enpresen ordezkariak partaide dituela, ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ deritzon jardunaldi honek halakoxe inflexio-puntua ekarriko dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek, hiru merkataritza ganberek eta Eusko Jaurlaritzak osatutako Euskal Nazioartekotze Partzuergoari (ENP).

     

    Mundura Begira

    Mundura Begira

     

    Ekitaldiak aparteko aukera eskaini die kanpoko merkatuen alde apustu egin duten euskal enpresei. Bertan izan dira, halaber, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburua, Arabako Ahaldun Nagusia (Ramiro Gonzalez), Bizkaiko Ahaldun Nagusia (Unai Rementeria) eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusia (Markel Olano), baita hiru lurraldeetako merkataritza-ganberetako presidenteak ere (Gregorio Rojo, José Ángel Corres eta Pedro Esnaola, hurrenez hurren).

     

    Foro honetan, euskal enpresek lehen eskuko informazioa jaso ahal dute, han-hemenkako herrialdeetan 15 bulego eta bost kontinenteetan banatutako berrogeita hamar bat eragile dituen Eusko Jaurlaritza-SPRIren kanpoko sarearen eskutik. Era berean, txostengile gisa bertaratutako nazioarteko zazpi analista ospetsuren agerraldiak entzuteko aukera dute, eta amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak zehaztuak dituen lehentasunezko merkatuetan —AEB, Mexiko, Txina, Alemania eta esploratu beharreko Hego Afrikako lehentasunezko merkatua— ezarrita dauden zenbait euskal enpresaren lekukotasunak ezagutuko dituzte.

     

    ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ jardunaldia da, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru lurralde historikoetako foru aldundien eta merkataritza ganberen ekimen bateratuaren ondorioz 2014an sortutako Euskal Nazioartekotze Partzuergoak (ENP) antolatu duen munta handiko lehenengo topaketa. Partzuergoa, bertako kide diren erakundeek euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko erabiltzen dituzten estrategien koordinazioa eta gobernantza hobetzeko asmoz sortu zen. Partzuergoak nazioartekotze-fase desberdinetan —esportazioak, merkatu-analisiak, merkataritza-harremanak, kanpoko ezarpenak, etab.— euskal enpresei laguntzeko programak eta laguntzak biltzen dituen Katalogoa aurkeztuko du.

     

     

    Lehentasunezko bost merkatu hedapen-fase desberdinetanz

    Jardunaldi honen bidez, ezagutzera ematen ari zaie enpresariei ENPk eskaintzen duen zerbitzu-katalogoa, eta horrekin batera, nazioartekotze-prozesuetan dauden gaur egungo joerei buruz eztabaidatu eta egungo harremanen heldutasunari zein aukera berriak esploratzeko premiari erreparatuta, lehentasunezkotzat jo diren bost merkatuak zehatz-mehatz aztertu ahal izango dituzte, herrialde horietan espezializatuta dauden adituen laguntzaz:
    – Alemania: automobilgintza, makina-erreminta eta energia sektoreekin lotutako 86 euskal ezarpen ditu (horietatik 17 ezarpen produktiboak dira).
    – Txina: makineria eta ekipo mekanikoa, metalurgia eta produktu metalikoak eta material elektrikoa gisako sektoreekin lotutako 170 ezarpen (79 produktiboak).
    – Estatu Batuak: energia eta automobilgintza sektoreekin lotutako 91 ezarpen (34 produktiboak).
    – Mexiko: automobilgintza, aeronautika eta energia sektoreekin lotutako 180 ezarpen (68 produktiboak).
    – Hego Afrika: energia, automobilgintza, ontziratze eta paketatze sektoreekin lotutako bederatzi ezarpen (bost produktiboak). Herrialde honi arreta berezia egingo zaio aurrerantzean, euskal enpresarentzat oraindik garapen-bidean dauden aukerak esploratu ahal izateko.

     

     

    Nazioarteko adituak eta kanpoan finkatuta dauden euskal enpresak
    Hona hemen, jardunaldian txostengile lanetan parte hartu behar duten nazioarteko aditu nabarmenenetako batzuk:
    – Patrick Schwerdtfeger: nazioarteko negozio-joera nagusietan trebatutakoa, ‘big data’, aurreikuspen demografikoak eta sare sozialak barne hartuta.

    – Jaime Malet, AEBen Espainiako Merkataritza-Ganberako Presidentea.

    – Pedro Nueno: enpresen arloko berrikuntza, sorkuntza eta zuzendaritzan espezializatutako aditua, IESE Business School-eko irakaslea eta CEIBSeko (China Europe International Business School) Presidentea.

    – Walther von Plettenberg: Alemaniaren Espainiarako Merkataritza Ganberako Zuzendari Kudeatzailea eta Zuzendaritza Batzordeko kidea.

    – Carlos Malamud: Madrilgo UNEDeko Amerikako Historiako katedraduna eta Nazioarteko Azterketa Estrategikoetarako Elcano Errege-Institutuaren Latinoamerikarako Ikertzaile Nagusia.

    – François Conradie: Afrikako merkatuen analisian eta ikerketan espezializatuta dagoen NKC African Economics aholkularitza-enpresako Ikerketa Zuzendaria.

    – Enrique Manzanares: Hego Afrikarako Espainiar Merkataritza-Ganberaren sortzaile eta kidea, hainbat gobernu, enbaxada, nazioarteko negoziazio eta inbertsio eta finantzaketa eragiketatarako aholkulari lanetan jardundakoa.

    – José Ramón Andrieu: Iberdrolaren Hego Afrikako negozio-garapenaren arduraduna.

     

    Euskal enpresen esperientziari dagokionez, lehentasunezkotzat jo diren herrialde horietan finkatuta dauden konpainien testigantzak entzuteko aukera dago. Horien artekoak ditugu Elay Taldea (Txina), Lantek (Alemania), BTI (AEB), Batz Energy (Hego Afrika) eta Elur (Mexiko). Kontuan izan behar da Euskadik multi-lokalizatutako 150 enpresa dituela, eta guztien artean 300 ezarpen baino gehiago dituztela kanpoko merkatuetan. Sektore guztietako enpresak dira, bereziki industria esparrukoak, eta filialak ezarri dituzte, batez ere Europan eta Amerikan.

     
     

    Ordezkariekiko topaketa eta aholkularitza pertsonalizaturako esparrua

    Biltzarreko eduki eta jarduerekin batera, ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ topaketan, enpresei zuzendutako Aholkularitza Esparru esklusibo bat ere antolatu da, enpresen nazioartekotzea sustatzen diharduten zazpi euskal erakundeen parte-hartzeaz: Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiak eta hiru lurralde historikoetako merkataritza ganberak. Hauek partekatutako standean, 50 herrialde baino gehiagotan 15 bulego propio eta hainbat eragile dituen Eusko Jaurlaritza-SPRIren kanpoko sareak ere parte hartu du. 15 bulegoen arduradunak Euskadira etorri dira, topaketa honetan propio parte hartzeko asmoz.

     

    spri_mundura_begira_internacionalización

    Lehendakaria SPRIren Kanpo Sarea agurtzen

     

    Enpresek aurrez aurreko bilerak eskatu ahal dituzte 70 herrialde horietan zuzendari nahiz aholkulari lanetan dihardutenekin. Aurretiaz, hitzordua eskatu behar izan dute www.spri.eus webgunean, eta horrenbestez, enpresariak aurrez aurrez eta banaka batzar daitezke SPRIren Kanpoko Sareko ordezkari eta teknikariekin nahiz DFIko (Development Finance International, Inc.) profesionalekin. Interesatuta dauden enpresa guztien eskaerei erantzuteko, topaketak hilaren 17an eta 18an egingo dira, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Miramon, Donostia) eta Arabako Teknologia Parkean (Miñao), hurrenez hurren.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke