“Neurrira” eginiko Barnetegi Teknologiko batek lagunduko dio Geoparkeari marketin digitaleko tresnak erabiltzen bere zerbitzua hedatzeko

2014ko Urtarrila 31,


Barnetegi honetako programak bere baitan biltzen du Geoparkearen jarduerak sustatzeko online kanalen eta sare sozialen hautaketa bat, bisita gidatuen denboraldi berriari begira.

Geoparkeak Mutriku, Deba eta Zumaian zeharreko bidaia bat eskaintzen du 60 milioi urtetan gordetako ondare geologiko, paisajistiko eta kulturala ezagutzeko.

SPRIk abian jarri du Barnetegi Teknologikoa 2014, zeinak enpresa kolektiboentzako “neurrira” eginiko programak  eskaintzen baititu.


Barnetegi Teknologikoa SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bultzatutako programa bat da, zeinaren helburua baita Internetek eskaintzen dituen aukerak ezagutaraztea. Datorren otsailaren 3an Mutrikun, “neurrira” eginiko barnetegi bat eskainiko dute Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunentzat.

Barnetegi honetarako diseinatu den jarduera-programa sare sozial eta tresna multzo baten hautaketan oinarriturik dago. Horiek guztiak ezagutu eta erabiltzen ikastea lagungarri izango da Geoparkeak denboraldi berrian antolatuko dituen aisialdi-jarduerak sustatzeko eta hedatzeko (bisita gidatuak apiriletik aurrera hasiko dira). Gai hauek azpimarratuko dira bereziki: marketin digitala, sare sozialak, zaintza eta leialtzea… hori guztia sektore bereko jardunbide egokiekin ilustratuta.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak hiru udalerriz (Mutriku, Deba eta Zumaia) osatutako lurraldea eskaintzen die bisitariei, non 60 milioi urtetik gorako aztarna geologikoa eta bestelako ezaugarri natural eta kulturalak ere ezagutu baititzakete. Produktu bakarra da munduan, eta Internet erakusleihotzat erabiliz eta sarea nahiz Sareko tresnak egoki baliatuz, nabarmen hobetu dezake turismoaren merkatuan duen posizionamendua.

Barnetegi hau 2014an antolatzen den lehenengoa da eta prototipo bat da, izan ere  aldatu egin baita azken sei urteotan garatu den prestakuntza eredua. Edizio honetatik aurrera barnetegiak egun bakarrekoak izango dira, baina trinkoak goiz eta arratsaldez. Gainera, parte hartzen duten antolakundeei zerbitzu hobea eskaintzeko, barnetegiak eduki guztiak egokituko ditu bertaratuko diren kolektiboen premien arabera, Geoparkearen kasuan egin den bezala.

Barnetegien eredua Ekonomiaren Garapen Sailak bultzatu zuen SPRIren bitartez eta topagune izatea du helburu, enpresak eta IKTek bat egin dezaten giro lasai batean. Gaur arte 3.137 lagunek parte hartu dute foro hauetan, non bertatik bertara ikusi eta ulertu baitute beren antolakundeek berehala hasi behar dutela urratsak ematen teknologia aprobetxatuz, eta baita ere erabaki behar dutela nondik hasi behar duten.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke