Azken ordua! – Gizarte Berrikuntza

2014ko Maiatza 19,


Ikusten-Ikasten jardunaldiek aztergai izango dute zein potentzial duen ikus-entzunezko sorkuntzak hezkuntzarako

Teknologia digitalen erabilpen kritikoarekin eta ikus-entzunezko lengoaiarekin lotutako hezkuntza proiektuek beren esperientziak azalduko dituzte Tabakalerak maiatzaren 20tik 23ra antolatu duen Ikusten-Ikasten jardunaldian. Irakasle eta sortzaileei zuzendutako topaketa hori abiapuntua izango da proiektu bateratu berriak sortzeko.

 NESTA agentziak azterlan bat abiarazi du jakiteko nork sortzen duen ekonomia kolaboratiboa Europan

Berrikuntza agentzia britainiarra inkesta bat egiten hasi da ekonomia kolaboratiboarekin lotutako antolakunde, enpresa edo kolektibo guztien artean. Asmoa da proiektu eta eragile desberdinak detektatzea Europan haziz doan fenomeno hau ulertzeko. Parte hartzeko epea zabalik dago maiatzaren 20ra arte.

Pertsona eta ingurune guztietara hedatutako osasun sistema

Innobasquek antolatutako “Osasunean berritzen, guztion arazoa” izeneko jardunaldian ezagutzera eman zen Osasun Sistema Hedatua, hots, osasuna ingurune sanitarioetatik harago zabaltzen duen eta beste agente batzuk inplikatzen dituen estrategia. Topaketan hiru Gosasun zigilu eman zitzaizkien ohitura osasuntsuak sortzeko konpromisoa hartua duten erakundeei.

Hiritarrek kalea hartuko dute “Olatu Talka” jaialdian

Maiatzaren 23, 24 eta 25ean eta ekainaren 1ean ospatuko da Donostian “Olatu Talka” kultur jaialdiaren aurtengo edizioa. Antolatuko diren jarduerek (250 inguru) zerikusia dute mugikortasunarekin, gastronomiarekin, musikarekin, hirigintzarekin, teknologia berriekin eta arte profesionalaren eta amateurraren arteko nahasketarekin.

Berdintasunerako World Café ekitaldiak Aberastasun hitzaren esanahia aztertuko du

Mirra eta Lur Gozoa elkarteek Berdintasunerako World Café ekitaldi berri bat antolatuko dute, gogoeta egiteko aberastasun kontzeptuaz eta jakiteko zer esan nahi duen eta nolako eragina duen gure ekintzetan. Jardunaldia maiatzaren 28an egingo da UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.

Scratch Eguna jardunaldiak erakutsiko digu nolako sormen-gaitasuna duten ikasleek bideojokoak eta animazioak programatzeko

Maiatzaren 17an Scratch Day ospatuko da mundu osoan. Jardunaldi horretan, lehen hezkuntzako azken ikasturteetan dauden neska-mutilek Scratch programazio-lengoaia erabiliz sortutako objektuak erakutsiko dira. Euskadin Gasteizko Artiumen eta Bilboko Alondegian antolatuko dute Scratch Eguna.

 

 

Iturria: Euskadi+innova

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke