Txip programagarriak, industrian segurtasuna optimizatzeko

2017ko Martxoa 15,

Garatutako plataformak, txip bakar batekin segurtasun atazak gauzatzeko aukera ematen du

IK4-Ikerlan-ek eta Xilinx enpresak, segurtasunarekin erlazionatutako aplikazioetarako soluzio bat landu dute

 

IK4-Ikerlan euskal zentro teknologikoak eta mikroelektronikan espezializatutako Estatu Batuetako Xilinx enpresak, segurtasun funtzional handiko aplikazioetan erabil dadin, txip berprogramagarrietan (FPGA edo Field Programmable Gate Array teknologia darabilten txipetan) oinarritutako soluzio teknologiko bat garatu dute.

 

FPGA-k funtzio anitz betetzeko programa daitezkeen gailu elektronikoak dira. Hala ere, tankera honetako sistemak orain arte ez ziren “safety” aplikazioetan erabili; hau da, balio ekonomiko handiko pertsona edo azpiegituren segurtasuna funtzionamendu egokiaren esku dauden aplikazioak.

 

Zentroak komunikatu baten bitartez azaltzen duen bezala, orain arte, tankera honetako aplikazioetan erabili ahal izateko, sistema berean, paraleloki lan egiten zuten bi txip beharrezkoak ziren.

 

Testuinguru honetan, Xilinx eta IK4-Ikerlan-ek garatutako plataformak, txip bakar batekin segurtasun atazak gauzatzeko aukera ematen du. Horretarako, txip bereko barrualdean segurtasun funtzionaleko bina kanal inplementatu dira. Gauzak honela, oharrak gaineratzen duen bezala, kostu txikiagoko soluzio eraginkorrago bat eskaintzen da.

 

Soluzio honen erabilera eta eraginkortasuna, potentziako sistema elektrikoetan irregulartasunak aurkitzeko martxan jarritako proiektu pilotu batean probatu dute. Proba honekin, TÜV Rheinland ziurtagiri-emailea den erakundearen aurrean, gailua, sare elektriko bat bezalako azpiegitura kritiko baten segurtasuna bermatzeko gai dela egiaztatu da.

 

Plataforma gainera, automobilgintza, trenak edo medikuntza bezalako exijentzia handiko beste sektore batzuetan erabiltzeko gai da.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke