“Txekia eta Eslovakia merkatu naturalak dira EAEko hornitzaileentzat”

2014ko Uztaila 23,


Badira 12 urte SPRIk enpresei laguntzeko bulego bat daukala mundu mailan auto gehien per capita ekoizten duten bi herrialdeetarako


Tomás Buchtele.

Tomás Buchtele.


Azken hamabi urte hauetan SPRI-Euskadiko enpresa agentziak bulego bat dauka Txekian eta Eslovakian, nahiz eta euskal enpresei 2002a baino lehenagotik  ere eskaintzen zien merkatu horietarako laguntza . Tomás Buchtele izan da bulegoko zuzendaria zabaldu zenetik. Txekia eta Eslovakia dira mundu osoan auto gehien per capita ekoizten duten herrialdeak eta euskal enpresa asko ari dira bertan produkzio ezarpenak egiten. Era berean, Pragak eta inguruko beste hiri handi batzuek zonalde horretako erosmen handieneko merkatua osatzen dute, arropa, luxuzko produktu edo delicatessen fabrikatzaileek Erdialdeko eta Ekialdeko Europara sartzeko ate gisa erabiltzen baitute.

Zenbat euskal enpresa daude Txekian eta Eslovakian kokatuta? Eta zein sektoretan?

Une honetan euskal kapitala duten 48 enpresa daude Txekian eta Eslovakian, gehienak Txekian. Gainera, euskal enpresek  ehunka banatzaile, agente, bezero, hornitzaile eta bestelako bazkideekin kolaboratzen dute hemen.

Txekia eta Eslovakia merkatu bakartzat har litezke?

Bai, harreman politikoak, kulturalak, komertzialak eta industrialak oso estuak dira. Gainera, bi hizkuntzak oso antzekoak dira eta itzultzailerik ere ez da behar izaten, ez testu teknikoetarako, ezta ere komunikazio arrunterako. Atzerriko enpresek eta bertako taldeek ere zentral bakarra izan ohi dute Txekia eta Eslovakiarako.

Zein tamainatako merkatua da?

Eustatek emandako datuen arabera, 2013an 361,8 milioi euroko esportazioak egin ziren EAEtik Txekia eta Eslovakiara. Esaterako, Txinara eginikoak 493,5 milioikoak izan ziren, Mexikora eginikoak 424,9 milioikoak, Errusiara eginikoak 199,9 milioikoak eta Indiara eginikoak 162.141 milioikoak. Txekiak eta Eslovakiak  16 milioi biztanle dituzte guztira eta sektore guztietan duten kontsumoak gainditu egiten du herrialde askoz ere handiagoetan kontsumitzen dena. Argi ikusten da hori adibidez makina erosketan eta ardoaren kontsumoan. Fenomeno horrek herrialdeko tradizio industrialarekin eta kulturarekin du zerikusia, batez ere Txekian.

Baina garrantzitsuena da Txekian eta Eslovakian ez direla soilik osagaiak produzitzen, baita amaierako ekipoak ere. Bi herrialde horietan 2 milioi auto fabrikatzen dituzte urtean, eta baita ere autobusak, trolebusak, traktoreak, tranbiak, lokomotorak, hegazkinak eta helikopteroak. Txekia, munduko 13. esportatzailea da makina-erremintaren sektorean. Euskal enpresek balizko ehunka bezero aurki ditzakete hainbat sektoretan. Kontsumo ondasunen sektorea ere oso interesgarria da, izan ere gero eta erosmen handiagoa du merkatuak eta inbertsioak egiten ari dira sektore guztiak modernizatzeko.

Zergatik etorri behar lukete euskal enpresek Txekia eta Eslovakiara?

Nagusiki egitura industriala eta pentsaera oso antzekoak direlako, batez ere Txekian. Merkatu naturala da makinaria, ekipo ondasun, burdinbide, automozio eta aeronautikaren sektoreetako euskal hornitzaileentzat. Txekiako mugatik Iruneko mugara 1.542 km daude errepidez eta egunero kamioi ugari ibiltzen dira Euskadi, Txekia eta Eslovakia artean. Gainera, estrategikoki kokatuta daude, Erdialdeko Europan, hau da, Alemania, Austria, Polonia, Hungaria eta Ukrainia artean. EBko kideak dira, Eslovakia  eurogunean dago, eta politikoki eta ekonomikoki egonkorrak dira: bankuen sektoreak arazorik gabe gainditu du krisia eta zor publikoa txikienetakoa da EBko herrialdeen artean. Horrek asko errazten ditu nazioartekotze-jarduera guztiak. Horregatik, Txekia eta Eslovakia zubi naturalak dira zonalde horretako beste herrialde batzuetara iristeko eta zenbait euskal enpresak hantxe daukate Erdialdeko eta Ekialdeko Europarako egoitza zentrala. Beste batzuk Txekian eta Eslovakian kokatu dira, Alemania eta Austriako bezeroak hornitzeko.

Aurreikuspenen arabera, enpresek inbertsio handiak egingo dituzte makina eta teknologiak modernizatzeko, eta baita ere burdinbide sarea modernizatzeko, batez ere abiadura handiko sarea eraikitzeko. Eraikuntzaren sektorean ere proiektu handiak dituzte: garaiera handiko eraikinak eraikitzea, auzo osoak egitea, etxebizitzak modernizatzea edo brownfields deiturikoak suspertzea.

Industriaren hazkundeak berekin ekarri du Euskadiko sektore indartsuetako osagai, teknologia eta ekipoen inportazio hazkundea.  Une egokia da produkzio ezarpenak egiteko, batez ere automozioaren sektorekoak badira.

Zeintzuk dira herrialdearen datu makro-ekonomikoak?

Txekiar Errepublikako BPGa 2,4 haziko da 2014an. Langabezia-tasa oso apala da, %6,7koa eta baita ere inflazioa (%3,3) eta zor publikoa (BPGaren %47,94koa). Eslovakiak ere antzeko egoera bizi du: aurreikusitako hazkundea 2,3koa da, %1,3ko inflazioa du eta zorra BPGaren %54,87koa da. Eslovakiak langabezia-tasa altuxeagoa du: %13,9.

Zein desabantaila ditu?

Merkatu lehiakorra da eta oso garrantzitsua da bertan kokatutako bazkide txekiar edo eslovakiar bat izatea; bazkide bat eremua ezagutzen duena, bertako hizkuntza menperatzen duena, bezeroekin harremanetan egongo dena eta aldizka salmenta ondorengo zerbitzua bermatuko duena. Lehen kontaktuan jendeak itxia dirudi eta garrantzi handia ematen zaio plangintzari, epeak betetzeari eta negozioaren alderdi teknikoari. Ez da erraza bilerak lortzea eta horregatik ezinbestekoa da merkatua aztertzea eta ongi prestatuta egotea tokiko bazkideekin harremanetan jarri baino lehen. Bestalde, proiektua serioa eta bideragarria dela ikusten dutenean fidagarriak izaten dira eta ahalegin handia egiten dute negozioa aurrera atera dadin.

Badu aukerarik Europako funtsak eskuratzeko?

Bai. 2014-2020 urteen artean Europar Batasunak 21,8 mila milioi bideratuko ditu Txekiar Errepublikara eta 15,3 mila milioi Eslovakiara. Euskal enpresek ez lukete galdu behar beren produktu eta zerbitzuak merkatu horietan sartzeko aukera hau.  Ikusi dugu negozio aukera ugari daudela eta Txekiako enpresek gero eta gehiagotan bilatzen dituztela atzerriko bazkideak.

Nolako laguntza eskaintzen dio SPRIren Txekia eta Eslovakiako bulegoak euskal enpresa bati?

Batez ere merkatuaren ezagutza, gure esperientzia eta dedikazioa eskaintzen ditugu. Azken 12 urteotan proiektu ugari garatu ditugu, dela “giltza eskuan” produkzio ezarpenak egiteko, dela oso proiektu zehatzak burutzeko. Etengabe bidaiatzen dugu Txekian eta Eslovakian barrena, banatzaileak, fabrikatzaileak, erakundeak edo azokak bisitatzeko. Talde handientzat eta ETEentzat lan egin dugu, baina baita ere Txekian eta Eslovakian ezarpenak dituzten euskal enpresentzat.

Neurrira eginiko zerbitzuak eskaintzen ditugu, eta horien edukia enpresa bakoitzaren premien araberakoa da. Adibidez, aukerak identifikatzea, merkatua aztertzea, sektoreko txostenak egitea, banatzaileak, eragileak, hornitzaileak eta langileak bilatzea, agendak antolatzea, laguntzea eta interpretazio-lana egitea ere bai. Beti egiten dugu amaitutako proiektuen jarraipena eta harremana mantentzen dugu bezero izan ditugun euskal enpresekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke