IKTek euskal ikasgeletan duten presentzia Estatuko batez bestekoaren gainetik dago

2015ko Ekaina 09,

spri_tics_IndicadoresTICeducacionEuskadi
ONTSIk argitaratutako txostenaren azala.

Euskadiko ikastetxe publiko guztietan (%100), Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa barne, banda zabaleko konexioa dago eta portzentaje hori %92,8koa da Estatuan. Gainera, Euskadin ordenagailu bat dago 1,7 ikasleko eta zifra hori 3,1 ikaslekoa da Estatuko ikastetxe guztiak kontuan hartuta.

Datu horiek ageri dira ONTSIk, Telekomunikazioen eta Informazio Gizartearen Behatokiak, ekain  honetan argitaratu duen Indicadores relacionados con la administración electrónica y las TIC en la Educación en España txostenean. Adierazleek diotenez, komunikazio eta informazio teknologiak izugarri zabaldu dira EAEko ikastetxeetan eta ikaskuntza prozesurako eguneroko tresna bilakatu dira.

Ordenagailuen erabilerari dagokionez, 2008an irakasleek (irakaskuntza lanetarako) eta oro har ikasleek ematen zieten erabilera %65 ingurukoa zen EAEko ikastetxeetan, baina 2013an zifra hori %79tik gora igo zen Bigarren Hezkuntzan eta ia %83ra iritsi zen Lehen Hezkuntzan. Horrek erakusten du ordenagailuak gero eta protagonismo handiagoa izango duela ikasleen eguneroko lanean. Joera hori berresten duten datu gehiago ere jaso dituzte adierazleek. 2008an informatikako gelak ziren ordenagailuak erabiltzeko espazio nagusiak: Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetan ekipoen %38 gela horietan zeuden eta %24 berriz ikasgela arruntetan. Halere, urte gutxitan zifra horiek guztiz aldatu dira eta 2013an ordenagailuen %60,4 ikasgeletan zeuden (%17,4 bakarrik informatikako geletan). Horrek erakusten du hizpide ditugun tresnak modu transbertsalean hedatu direla ikasgai guztietara.

Bestalde, adierazleek diote gaur egun ordenagailu eramangarriak ugariagoak direla mahai gainekoak baino. Euskadin Lehen Hezkuntzan erabiltzen diren ordenagailuen %63,5 eramangarriak dira, eta Bigarren Hezkuntzan %51,3 dira eramangarriak. Estatuan, berriz, zifra horiek apur bat baxuagoak dira: Lehen Hezkuntzan eramangarriak dira ordenagailuen %47,2 eta Bigarren Hezkuntzan %41,5. Dena den, joera berbera da bi kasuetan.

Azkenik, ONTSIren txostenak hainbat datu jasotzen ditu azaltzeko Euskadiko partikularrek eta enpresek nolako erabilera ematen dioten  Interneti prestakuntza gaietarako. Zifra horiek diotenez, internauten ia %60k hezkuntzari buruzko informazioa bilatzeko erabiltzen du Internet, eta %12,6k bakarrik egin du onlineko ikastaroren bat.  Enpresen kasuan ordea, portzentaje hori nabarmen hazten da, izan ere konpainien %50,3k ikaskuntza elektronikoko aplikazioak erabiltzen dituzte langileei prestakuntza emateko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke