Patenteei buruzko zortzi prestakuntza-jardunaldi egingo dira Bilbon

2015ko Urtarrila 28,

imagen_spri_tecnologia

Asmoa da enpresek eta ikerketa-zentroek lan handiagoa egin dezatela alor horretan, Europako puntako herrialdeen mailara hurbiltzeko.

Bilboko Merkataritza Ganberak eta Mondragon Unibertsitateak antolatu dituzte ikastaroak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin (SPRI enpresa agentziaren bitartez).


Apiriletik ekainera euskal enpresa eta ikerketa-zentroei zuzendutako patenteei buruzko zortzi prestakuntza-jardunaldi egingo dira Bilbon. Helburua da patenteekin osatzea Euskadin berrikuntza teknologikoaren arloan egiten den ahalegina, Europako puntako herrialdeen mailara hurbiltzeko. Horregatik, ikastaroa gai hauen inguruan egituratuko da: patenteen erabilera informazio iturri gisa, arau-hauste arriskuen prebentzioa eta konpainien nahiz ikerketa-zentroen garapen propioak patente bidez babestea.

Bilboko Merkataritza Ganberak eta Mondragon Unibertsitateak antolatu dituzte ikastaroak, eta Ganberaren instalazioetan egingo dira. Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere badute SPRI-enpresen garapenerako agentziaren bitartez, berau baita Enterprise Europe Network sareko koordinatzailea. Izena emateko azken eguna apirilaren 10a izango da eta Bilboko Merkataritza Ganberan egin daiteke tramitazioa. Lehen jardunaldia apirilaren 17an hasiko da eta azkena ekainaren 12an izango da, egun horretan banatuko dituztelarik ikastaroa egin izana ziurtatzen duten diplomak.

Ikastaroek hainbat helburu dituzte, besteak beste, garapen propioak patentatzeko modukoak diren jakitea, patenteen arloko estrategia bat definitzea, patente-zorro bat kudeatzeko jarraibideak finkatzea, patenteen inguruko kultura bat sortzea enpresan eta zuzentarauak ezartzea lagapenerako, lizentzientzako edo teknologia-transferentziarako hitzarmenak hirugarrenekin negoziatzeko eta egoera gatazkatsuak kudeatzeko.

Ikastaroak ondoko hauei zuzendurik daude: enpresa eta ikerketa-zentroetako zuzendari teknikoei, negozio zuzendariei, I+G+B-ko zuzendariei, ikerlariei, diseinuko ingeniariei, diseinatzaile industrialei eta teknikariei.

Hamar bat irakaslek zuzenduko dituzte ikastaroak, gehienak Europako patente agenteak dira, baina tartean badira baita ere adituak, hala nola Carmen Toledo de la Torre, Espainiako Patente eta Marken Bulegoko zuzendaritza-kargua, edota Ignasi Marqués, patenteen auzietan espezializatutako abokatua.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke