Teknologia optiko aurreratua 4.0 Industria jasangarriagoa izan dadin

2017ko Urtarrila 05,

EcograbWeb
4.0 Industrian erabiltzeko moduko kodegailu optiko baten garapena izango da Ecograb-en ardatza

Ceit-IK4 eta Fagor Automation oraingo fabrikazio-sistemak sistema eraginkorragoez ordezkatzea xede duen Europako proiektu batean parte hartzen ari dira

 

Ceit-IK4 euskal zentro teknologikoa eta Mondragon Korporazioari atxikitako Fagor Automation enpresa gipuzkoarra, fabrikazio-prozesu kaltegarriak metodo eraginkorragoak eta jasangarriagoak bihurtzen lagunduko duen teknologia optiko aurreratua garatzeko ekimen europar batean parte hartzen ari dira.

 

4.0 Industrian erabiltzeko moduko kodegailu optiko baten garapena izango da Ecograb deritzon proiektu honen ardatza, posizioak edo desplazamenduak doitasun handiz neurtu eta kontrolatu ahal izateko. Kodegailu honek femtosegundoetako laserrean oinarritutako teknologia erabiliko du, inongo osagai kimikorik gabe.

 

Zentro teknologikoak ohar batean adierazi duenez, proiektu honen bitartez, “produktu kimikoen premia intentsiboa duten oraingo fabrikazio-sistemak baztertu eta, horien ordez, fabrikazio-metodo jasangarriagoak eta moldagarriagoak sustatu nahi dira”. Horrela, prozesu fotolitografikoetan osagai kimikoak erabiltzen dituzten enpresek Ecograbek garatutako metodologia erabiltzeko aukera izango dute.

 

Euskal zentro teknologikoko laser-taldea arduratuko da femtosegundoetako laserrean oinarritutako fabrikazio-prozesuez, eta prototipo berria balioztatzeaz arduratuko den Fagor Automationen lankidetzaz, kodegailuaren diseinu mekanikoa eta integrazioa landuko ditu.

 

Bi euskal erakundeekin batera, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea (UCM), Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa (UPC) eta SnellOptics sistema optomekanikoen fabrikatzailea ere ekimen honetan parte hartzen ari dira.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke