Multimedia teknologiak hizkuntzaren industriari aplikatuta

2015ko Ekaina 03,

spri_tecnologia_Ber2tek
Proiektuen partaideak.

Elhuyar Fundazioak, Vicomtech-ek, Tecnaliak eta UPV/EHUko IXA eta Aholab ikerketa-taldeek osatzen duten partzuergoak Ber2Tek proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte. Hizkuntzen industriarako teknologia berritzaileak garatzeko ikerketa horretan, itzulpen, eduki sorkuntza eta irakaskuntzako sektoreek parte hartu dute.

3 urteko lanaren ondoren partzuergoak 3 demo garatu ditu, merkaturatzeko moduko produktu eta zerbitzu izan daitezen. Lehenengoa onlineko edukietatik iritziak ateratzeko tresna bat da. Ber2Tek proiektuan garatutako demoa gai da testu bat aztertzeko, testu horretako hitz positiboak eta negatiboak erauzteko eta horietan oinarritutako puntuaketa bat esleitzeko. Ikerlariek komunikabide anitzetan argitaratutako euskarazko 5.000 kritika baino gehiago aztertu dituzte, armiarma.eus web orriaren bitartez.

Partzuergoak sortu duen bigarren demoa multimedia bilatzaile bat da, gaztelaniaz eta euskaraz grabatutako bideoak automatikoki transkribatzen dituena. Aplikazioak testura pasatzen du audioaren edukia, eta hala, posible da edozein hitz bilatzea eta hitz hori bideoaren zein puntutan ageri den jakitea. Gainera, gaztelania, euskara edo ingelesera itzulitako azpi-tituluak aplikatu ditzake. Hizketa sintetizatzeko teknologia erabiliz, testuaren itzulpena berriro audio bihurtu daiteke eta, beraz, bikoizketa bat ere sortu daiteke automatikoki.

Azkenik, Ber2Tek proiektuak irakaskuntza sektorera zuzendutako tutore pertsonal bat sortu du. Onlineko aplikazio horri 3D abatar forma eman diote eta euskaraz komunikatu gaitezke berarekin gramatika eta irakurmen ariketak egiteko. Gainera, tutoreak ahoskera ebaluatzen du eta hiztegiarekin lotutako kontsultak erantzuten ditu.

Ber2Tek ikerketa proiektu estrategikoa 2012tik 2014ra egon da martxan eta hainbat erakundetako finantzaketa eskuratu du, hala nola Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarena eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarena. Ekimen honen helburua da hizkuntzen industriako produktu bihurtu daitezkeen aplikazio esperimentalak garatzea.

Ber2Tek proiektuaren atariak dioen bezala, gero eta globalizatuagoa eta eleanitzagoa den mundu honetan hizkuntza teknologiak izango dira hurrengo IKT belaunaldiaren gakoetako bat, bereziki garrantzitsuak izango direlarik onlineko merkataritzaren esparruan. Ingelesa da Interneten presentzia handiena duen hizkuntza, baina beste hizkuntza batzuk ere asko hazi dira azken hamarkadan, esaterako txinera eta errusiera. Ber2Tek ekimenak jaso duen Can’t read, won’t buy azterlanaren arabera, Interneten saltzeko ezinbestekoa da informazioa hartzaileen hizkuntzara itzulita eskaintzea, izan ere kontsumitzaileen erdiak baino gehiagok adierazi du informazioa bere hizkuntzan eskaintzen duten dendetan bakarrik erosten dutela.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke